Buzukia, mandolina, bibolina, alboka edota musukitarrarekin, besteak beste, musika irlandarra joz, makina bat ostegun girotu dituzte Kixkalen Juanjo Otxandorena Pepe, Arkaitz Miner eta Alan Griffinek Turlach taldearen izenean. Orain berriz, instrumentu berdinekin, baina musika ezberdinarekin eta kide berriarekin datoz. Zigor Sagarnarekin, Aintzina taldea osatu dute eta lehenengo diskoa kaleratu dute azaroan, Suitian izenekoa. «Euskal Herriko abesti narratiboak bildu ditugu», azaldu du Griffinek. «Letra batzuk aurkitu daitezke Hiru Truku taldean, baina doinuak, denak, argitaratu gabeak dira».
Doinu eta letra zaharrak bildu eta forma eman
Euskal Herrian sortutako aspaldiko letra eta doinuak aukeratu eta elkartuta sortu dituzte abestiak. «Batzutan, letrak azaltzen dira kantutegietan, baina doinurik gabe. Ez daukate doinu propiorik. Orduan Alanek egin duena da, letra hartu eta kontuan izanda nongoa den, zein garaitakoa eta batez ere, zein herrialdetakoa, bertako beste doinu bat hartu eta biak lotu», azaldu du Otxandorenak. Baina hor ez da amaitu beraien lana: «Ondoren guk konpondu egin dugu pixka bat. Forma eman diogu. Tartean sartu ditugu doinu batzuk, zubi bezala».
«Asmoa da ahaztuak dauden kantu zaharrak kaleratzea» Griffinen iniziatibatik sortu da proiektua. «Herriz herri hitzak eta doinuak jasotzea, lan hori egina dago, eta gu ez gara horretan sartu. Alanek egin duena da batez ere, eginda dagoen kantutegi hori ikertu eta aukeraketa bat egin. Eta konturatu zen asko eta asko argitaratu gabe zeudela, eta okurritu zitzaion halako proiektu bat egitea. Gure lana, batez ere, hori da: ahaztuak dauden kantu zaharrak kaleratzea», azaldu du Otxandorenak. «Hori oso garrantzitsua da. Guk beti esaten dugu, horrelako taldeak ez daudela sobran», gaineratu du Griffinek. Bildu dituzten doinuak oso zaharrak dira, orain dela 500 urtekoa zaharrena eta berriena duela 100 urte ingurukoa. Oinarritzat hartu dituzten kantutegiak honako egileenak izan dira, batez ere: Azkue, Aita Donostia, Zavala, Francisque Michel eta Salaberri.
Grabaketa zuzenean,
giro naturala lortzeko
Naturaltasuna da laukoteak proiektu honetan bilatu duena eta horretarako grabaketa zuzenean egin dute, toma oso batean. Hala azaldu du Griffinek: «ondoren gauza txiki batzuk zuzendu genituen, baina oinarria musika erreala da. Entzuten dena da jo genuena. Horregatik ia abesti denetan bakoitzak instrumentu bana erabiltzen dugu». Instrumentuak ere naturalak direla azaldu dute. Eta Zigor Sagarna baju elektrikotik akustikora pasa da «soinu naturala hartze arren».
Euskal musika, ez zelta
Halako musika tresnak jota, Turlach taldea tartean egonda, eta Griffin bera irlandarra izanda, askok eta askok musika zeltarekin lotu dezake beraien estiloa, «baina hori ez da horrela. Hori topiko bat da musika zeltaren inguruan sortu dena. Instrumentu jakin batzuk jotzeak badirudi zure estiloa bihurtzen duela zelta. Baina halako instrumentuak Europa osoan jotzen dira. Bibolina eta flauta trabesera (zeharkako xirula) esaterako, aspalditik jo izan dira hemen», argitu du Griffinek. «Guk euskal musika jotzen dugu, aipatutako instrumentu horiekin».
Martxoan Andoainen
Martxoaren 27an, Andoaingo Bastero kultur etxean joko du Aintzina taldeak, eta apirilaren 3an, Aste Santuan, Lleidan. Egun bat lehenago, berriz, Turlachen emanaldia izango da.