Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Andrea Romero Villanueva

Kronika - Erredakzioa 2010ko urt. 24a, 01:00

Andrea Romero astigartarrak, hamaika urterekin, poni jauzietan Euskadiko txapeldun izatea lortu zuen joan den azaroan Bizkaian.

Kontuan hartuz kirol hau Euskadin ez dela oso praktikatua, nola hasi zinen hain gazte?
Zerk bultzatu zintuen? Betidanik gustatu izan zaizkit zaldiak. Txikitan ikusten nituen, eta horrela eskatu nuen bat nahi nuela.

Familiako norbaitek praktikatzen du ekitazioa?
Aitari ere beti gustatu izan zaizkio zaldiak, bera gaztea zenean ere ibiltzen zen; baina aitak ni motoan ibiltzea nahi zuen; eta nik, neure kabuz, zaldia aukeratu nuen. Nire neba txikia ere ibiltzen hasi da, orain zazpi urte ditu. Hiruko asapalan (galopean) dago orain, eta laukoa behar da lehiatzen hasi ahal izateko.

Daramazkizun urte hauetan guztietan inoiz izan al duzu erorketa larriren bat?
Erori askotan erori naiz, baina erorketa larririk ez dut izan. Orain arte ez dut inoiz ezer hautsi, eta erori bezain laster beti igo izan naiz zaldi gainera berriz ere.

Erabiltzen dituzun poniak zureak dira? Zenbat dituzu? Zein motatakoak?
Bai nireak dira, orain bi ditut. Txikitatik dudan bat, guk hezi duguna. Txuri izena du eta B motatakoa da. Zazpi urte bete nituenean, nire urtebetetzetarako oparitu zidaten. Bestea, C motatakoa dena, Duna Sim 435 da.

Zuek arduratzen zarete euren zainketa eta heziketaz?
Orain arte gure gain hartu dugu lan hori, Txuri da horren adibide; baina orain nagoen mailan ezinezkoa da, horregatik, Miracampos hipikan zaintzen dituzte.

Nolakoa izan da zure ibilbidea? Non entrenatu izan duzu, norekin? Hasieran Liztorretan (Orereta) ibiltzen ginen. Zirkulu txiki batean ibiltzen ginen; ni zaldiaren gainean, eta aitak eramaten ninduen soka batekin, lau edo bost urte besterik ez nituelako. Igandero joaten ginen, geroz eta gusturago nengoen, eta ni bakarrik ibiltzen hasi nintzen. Ondoren, goiko pista handira igo ginen; bertan ere, ni bakarrik ibili nintzen. Gurasoek ikusi zuten aurrera nindoala eta, Bugati-ra eraman ninduten (Lasarteko hipodromoan) han hipika bat zegoen, egun itxita dagoena. Bertara ere, igandetan bakarrik joaten nintzen, baina entrenatzaile bat nuen. Han lau hilabete inguru pasa nituen, eta orduan, aitak beretzat zaldi bat erosi zuen. Hori dela eta, Txuri niri oparitu zidaten. Orduan, menditik paseatzen hasi ginen, urte eta erdi horrela igaroaz. Astigarragan lur-eremu bat dugunez, hortik ibiltzen ginen; Orereta aldera joaten ginen; Urdaburura; Adarrara; etab. Horrela, aita eta biok, bost edo sei orduko ibilaldiak egiten genituen. Egun batean Loiolako hipikara joan, eta han gehienbat jauziarekin egiten dutenez lan, Felix del Rio entrenatzailearekin klaseak ematen hasi nintzen. Loiolan urte eta erdi inguru pasa nuen ere, baina hango maila txikia gelditu zitzaidan; irakatsi beharreko guztia ikasi nuen bertan, eta Miracampos hipikara (Lasarte) joan ginen, eta bertan nago orain, Ruben Gomez entrenatzaile dudalarik. Bera, jinete profesionala da.

Zenbat ordu ematen dituzu entrenatzen?
Entrenamendu ofiziala, hau da, entrenatzailearekin, astean hirutan izaten dut; asteazken, ostiral eta igandetan. Baina, beste egunetan ere, astelehenetan izan ezik, gure kabuz entrenatzen dugu. Astelehenetan ere askotan joaten gara zaldian paseatzera. Entrenamenduak gutxi gora-behera ordu betekoak dira zaldi bakoitzarekin. Zaldiak 3x4 metrotako box batean daude, 24 ordu hor barruan pasatzea zigor handia da beraientzat. Horregatik, saiatzen gara egunero ateratzen. Hipikan ibilgailu automatikoak dituzte, eta hango zaintzaileek goizetan ateratzen dituzte bertan ibiltzera. Arratsaldez, gu joaten gara ibiltzera, horrela, egunean bi aldiz atera daitezen kalera.

Zer nolako ariketak egiten dituzu entrenamenduetan?
Gehienbat laborategi jauziak.

Entrenamenduaz kanpo zaldian ibiltzera zoazenean, nondik ibiltzen zara gustukoen?
Santa Barbara igotzea asko gustatzen zait.

Zaila iruditzen zaizu ikasketekin bateratzea?
Oso ondo daramat, ikastolan oso nota onak ateratzen ditut. Batzuetan, gutxitan izan arren, ikastola galtzen dut lehiaketetara joateko, baina dena irakasleekin hitz eginda dagoenez ez dago arazorik.

Zu jauzietan ibiltzen zara, baina hau da gustukoen duzun modalitatea?
Bai, hau da gehien gustatzen zaidana. Modalitate honetan beste jineteekin lehiatzen dut, eta irabaztea asko gustatzen zait.

Noiz hasi zinen lehiaketetan parte hartzen?
Txapelketetan parte hartzen dudan lehendabiziko urtea da. 2008ko udaran bi lehiaketa txikitan hartu nuen parte Txurirekin, baina proba modura.

Zein motatako kategorietan lehiatzen duzu?
Aurten A, B, eta C kategoriatan hartu dut parte. Urtarrilaren 13an hasi nintzen D motatako poni batekin entrenatzen, eta aurten soilik C eta D motatan lehiatu nahi dugu. Berez, 13 urterarte lehia nezakeen gainontzeko kategorietan, baina 1.60ko altuera dudanez, apur bat txikiak ari zaizkit gelditzen.

Euskadiko txapelketan, zure kategorian urrea irabazi zenuen, oso zaila izan zen?
Bai, oso urduri nengoen. Eta gainera, lehia handia egon zen.

Zein zaldirekin lehiatu zenuen?
Duna Sim 345-rekin, C motatakoa. Oso ondo egiten ditu jauziak, eta hasiko den denboraldian ere berarekin lehiatzeko asmoa dugu. Zenbat lagunek hartu zenuten parte? Zein adinetakoak? Finalean 12 ginen. Ni txikienetakoa nintzen, 16 urterarte lehiatu daitekeelako. Gainera, txikienetakoa izatea abantaila bezala ikusten dut, hobetzeko denbora gehiago dudalako.

Hau izan da zure lehen sari handia, edo baduzu besteren bat zuretzat berezia dena?
Bai hau izan da niretzat garrantzitsuena, aurten sari asko irabazi ditut. Baina, besteak, lehiaketa solteak ziren, eta hau txapelketa bat.

Noiz hasiko duzu hurrengo denboraldia?
Denboraldiak urtarrilean hasi eta abenduan amaitzen dira. Tartean, uztaila eta abuztuan oporrak izaten ditugu. Hurrengoa, hil honen 30ean hasten dugu, Bizkaian.

Zein izango da zure helburua?
Dena irabazi nahiko nuke. Baina bereziki, urteko hiru txapelketa nagusiak. Esan bezala, urtean hiru txapelketa garrantzitsu daude; lehenengoa, Infanta Elena, martxoan egiten dena Madrilen. Bigarrena, Espainiako txapelketa, ekainean egiten dena Segovian. Eta azkenik, Poni Club-a hau ere Madrilen egiten da. Horietan sailkapen ona lortzea izango da nire aurtengo helburua.

Zer da lehiaketetatik gehien gustatzen zaizuna, eta zer gutxien atsegin duzuna?
Gehien gustatzen zaidana ikastola galtzen dudala da, nahiz eta gutxitan galtzen dudan. Eta gutxien gustatzen zaidana, bidaiak oso luze egiten zaizkidala, eta aspertu egiten naiz.

Zein da zure akatsik handiena, gehien hobetu behar duzuna?
Bi gauza hobetu behar ditut bereziki. Lehenengoa, urduritasuna kontrolatzea da. Eta, bigarrena, zaldia gehiago kontrolatzea, askotan solteegi uzten dut.

Zein da ekitazioaren munduan duzun ametsa?
Bi urte daramazkit olinpiadetara joatearekin amesten

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!