Marisol Florindo talde bila
Dobera Euskara Elkartearen bidez eman du izena Marisol Florindok Gure Artean Euskaraz egitasmoan. Eta oraindik talde bila dabil euskara praktikatu ahal izateko. «Lehenbailehen hasteko gogoa daukat, ea prest dagoen baten bat azaltzen den!».
Bere asmoa da «beste pertsonaren batekin elkartu, euskaraz hitz egin, praktikatu eta horrela trebetasun haundiagoa lortzea. Nire euskara hobetu nahi dut eta ziurtasun gehiago lortu nire buruan».
Florindok gaztelera du ama hizkuntza eta ikasketak-eta gazteleraz egin ditu beti. Baina txikitatik nahi izan du euskara ikasi, eta 19 urtetik 23ra euskaltegian aritu zen. Egun 36 urte ditu eta ordutik Hizkuntza Eskolan ere ibilia da eta hilabete ere pasea du barnetegi batean. «Ikasitakoa gutxi praktikatu dut urte hauetan, lotsa dela eta. Alabarekin saiatzen naiz tarteka, baina ohitura falta dela eta, gaztelerara jotzen dut. Ezagunekin gehiago kostatzen zait eta iruditzen zait Gure Artean Euskarazekin lortuko dudala soltatzea».
Lucila Garcia oso gustora
Lucila Garciak ere euskara menperatzen du gramatika eta idazkera aldetik, baina hitz egitea kosta egiten zaiola azaldu du. «Gramatikarekin-eta moldatzen naiz, baina ahozkoa zaila egiten zait. Ni ere alabarekin saiatzen naiz, baina ez nago ohituta eta kosta egiten zait. Gainera, zuzendu egiten zaituzte. Egoeraz aprobetxatzen dira!».
Garcia martxotik dabil Gure Artean Euskarazen. Hiru elkartzen dira ostegun arratsaldetan eta oso gustora dagoela azaldu du. «Nik uste dut aurreratzen ari naizela. Gainera oso ondo pasatzen dut. Denetik hitz egiten dugu, par asko egiten dugu eta denbora berehala pasatzen da. Askotan bi orduz ere aritzen gara».
Garciak Udalean egiten du lan eta lankide batek esanda animatu zen. «Dakidana ez ahazteko eta erraztasun gehiago lortzeko apuntatu nintzen».
«Kalean hitz egiten den hizkera lantzen duzu»
Gure Artean Euskaraz bezalako egitasmoen funtzionamendua egokia dela iruditzen zaie Florindo eta Garciari. «Euskaltegietan-eta euskara ikasten duzu baina ez kalekoa. Egitasmo hauen bidez jendearekin hitz egiten duzu eta benetan kalean hitz egiten dena lantzen duzu, ez hain pedantea», azaldu dute. Eta nabarmendu dute: «gainera aisialdi moduan da, ez duzu klasera joan beharrik. Klaseetara joatea obligazio moduan hartzen da azkenean. Eta ordutegia ere zuk erabakitzen duzu».