Nongoa zara?
Zumarragan jaioa naiz, baina toki guztitakoa naizela esan daiteke, alde batetik bestera ibili izan bainaiz beti.
Nolatan okurritu zitzaizun txurreria jartzea?
Gurasoak ferianteak dira eta beti ibili izan naiz halako lanetan. Lehen koltxonetekin egiten nuen lan, baina lagun asko ditut txurroekin aritzen direnak eta beti gustatu izan zait. Azkenean jartzea eta probatzea pentsatu nuen.
Noiz eta nola Hernanin?
Abenduaren 19an, larunbatean ireki nuen. Aurretik Burgos, Errioxa eta Bizkaiko herrietan ibili nintzen eta Hernanin probatzea erabaki nuen.
Zer moduz doa?
Oraingoz ondo doa. Lehen ere ba omen zegoen txurreria eta jendeak badu ohitura txurroak erostekoa. Gainera, jende oso jatorra dago hemen, Hernanin ez dut inorrekin arazorik izan.
Zuk eginak al dira?
Bai, bai. Masa eta dena nik egiten dut. Ez da zaila, baina puntua harrapatu behar zaio. Jendeak eskertzen du kalitate oneko produktua izatea.
Egunero duzu zabalik?
Normalean astelehenetan itxi egiten dut. Produktuak erosteko aprobetxatzen dut. Gainerakoan zabalik izaten dut goizeko 09:00etatik 12:00ak arte eta 17:00etatik 21:30ak aldera arte.