Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Iñigo Oliden

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 4a, 02:00

Zuen etxeak, literalki, gaztelu bat dirudi. Nola egin duzu? Nire neska eta bion artean egin dugu; pixkanaka-pixkanaka, harriz-harri. Toki guztietatik daude ekarrita harriak. Esaterako, neska Tu­terakoa da eta hara, bertako gazteluak ikustera joaten ginenean-eta, inguruetatik ha­rriak hartzen nituen. Men­ditik ere bai, Goi­zuetatik... Eta Otxatetik, madarikatua da­goela dioten herritik. Etxean fan­tasmaren bat izango genuela ere pentsatu ge­nuen (barrez). Horrez gain, Normandian egon ginen eta handik ere ekarri ditugu harriak.

Harriekin obsesionatzera iritsi arte?
Azkenean bai. Harri bat ikusi orduko «a ze harria!» pentsa­tzen nuen. He­men, ingurukoak ere El de las piedras deitzen hasi zitzaizkidan. Ikusten ninduten beti furgonetan harriak ekartzen eta jendeak harrituta galdetzen zidan zertan nenbilen. Nik brometan, diskoteka jarri behar nuela esaten nien.

Nolatan sortu zitzaizun horrelako zerbait egiteko gogoa?
Txikitatik gustatu izan zaizkit gazteluak. Nire obsesioa da. Betidanik egin nahi izan dut gaztelu bat. Eta aire librean ezin dudanez egin, etxe ba­rruan egitea pentsatu nuen. Bi urtetan egin nuen.

Eta bazenuen esperientziarik igeltsero bezala edo halako zerbaitetan?
Ez, ez. Baina beti izan naiz nahiko esku onekoa halako gauzetarako. Lehen efektu bereziekin egiten nuen lan. Hemen dauzkadan panpin eta dinosauroak-eta nik eginak dira. Buztina lantzen eta marrazkiak egiten oso ona naiz. Baina matematiketan oso txarra (barrez).

Eta ofizioz zer zara?
Berez zurgina naiz, baina utzi egin nuen efektu berezien enpresa sortzerakoan. Bi laburmetraia ekoitzi nituen. Eta gero, erdi aroan kokatutako beste bat egiten hasi nintzen. Horregatik dauzkat ezpatak, ezkutuak, lantzak... Labur­metraia horretan 7 milioi utzi nituen eta presupuesto justuarekin ari ginenez, azken mo­mentuko arazoei ezin izan genien aurre egin. Bukatu gabe geratu zen eta izugarrizko galerak izan genituen. Horrez gain, aritu naiz ikastaro batzuk egiten-eta efektu berezien inguruan. Baina orain mezularia naiz. Dirua behar nuen eta lan honetan sartu nintzen.

Berriz saiatzeko asmorik bai?
Laburmetraiarena kristoren mobida izan zen eta diru asko behar da. Gainera, nirea, batez ere, efektu bereziena da. Beldurrezko Astean ere lana egiten nuen lehen. Baina asko aldatu dira gauzak orain. Lehen herrikoiagoa zen. Eta jendeak ere esan izan digu utzi genuenetik faltan botatzen gaituela. Bestalde, tarteka agian deitzen digute lan solteren bat egiteko, baina besterik gabe.

Erdi Aroko herrien irudikapenak ere marrazten dituzu.
Mezulari lanetan hasi nintzenean, denbora pasa gisa bururatu zitzaidan. Koaderno bat erosi nuen. Beti furgonetan eramaten dut eta denbora daukadanean marraztu egiten dut. 2005ean egin nuen lehenengoa. Hurrengo urtean beste bat egin nuen eta gero Donostiakoarekin hasi nin­tzen. Amaitzeko, itsasoa ma­rraztea bakarrik falta zait. Hernanikoarekin ere hasi nin­tzen, baina dexente geratzen zait bukatzeko. Izan ere, etxeko obrarekin hasi nintzen...

Dokumentatu egiten zara marrazkiak egiteko?
Lehenengo biak asmatutako herriak dira, baina Donos­tiakoa eta Hernanikoa egiteko dokumentatu egin naiz pixka bat. Dena dela, ez dago informazio askorik. Hernaniko uda­letxean egon nintzen, bai­na ez zeukaten ia ezer. Ge­hiena, Musika Eskolan dagoen argazki edo grabatutik hartu dut. Han ikusitakotik abiatuta, marrazten hasi nin­tzen. Aranzadiko baten telefonoa ere lortu nuen agian berak informazio gehiago bazuelako, baina astirik ez dut hartu. Askotan lanetik neka-neka eginda iristen naiz eta gogorik ez dut izaten honetan jartzeko.

Ikusi dudanez, Nafarroako Erresuma bizirik zegoen garaian kokatzen dituzu.
Iñaki Sagredoren liburuak dauzkat. Bertan, erresumako gazteluak azaltzen dira eta nire asmoa da gaztelu guztiak banan bana egitea, baina izugarrizko lana da. Orain gainera utzita nago. Donostiari itsasoa egin behar diot eta neke pixka bat ematen dit eta Hernanikoa ere bukatzeko daukat.

Ea egunen batean bukatzen ditudan! Ze material erabiltzen duzu?
Rotting horietakoak. 0.1 eta 0.2 tamainakoak. Eta guztia pul­tsuan egina dago. Ez dut erregelarik ez ezer erabiltzen!

Aurrera begira erakusketaren bat egiteko asmorik bai?
Polita izango zen, baina erakusketa bat egiteko 10-12 egin beharko nituzke eta horrelako bat egiteko urte bete behar izaten dut. Izan ere, ez dut nahi adina denbora honetarako. Furgonetan noanean ondo etortzen bazait koadernoa atera eta marrazten jartzen naiz, baina ez dut finkotasunez egiten. Boladaka doa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!