17 urterekin, Gabonetako torneo bat jokatzera joan zinen Palentziara eta Toledoko lehenengo taldean jokatzen amaitu zenuen. Hain gazte izanda, zaila egingo zitzaizun baiezkoa esatea, ezta?
Egia esan, batere ez. Boleibola izugarri gustatzen zitzaidanez probatu egin nahi nuen. Bertan, hain ondo zaindu nindutela ikusita eta hain gustora egonda, eskaintza egin zidatenean, baiezkoa esatea erabaki nuen. Hori bai, Eusebio Lizarazu Hernaniko entrenatzailearen laguntzarik gabe ez nuen lortuko lortu dudan guztia. Niregatik egin duen guztia eskertzen diot.
Etxekoek nola hartu zuten zure erabakia?
Oso ondo. Apuru pixka bat ematen zien ni hain urruti izateak, baina babes haundia eman didate beti. Beti izan ditut alboan eta orain etxean momentu txarra pasatzen ari garela kontuan hartuta, animoak bidaltzeko aprobetxatu nahi dut.
Eta lagunak hemen utzi behar izan zenituen.
Kontua da Toledora joan nintzenean denboraldia hasita zegoela eta hasieran hiruzpalau hilabetetarako gauza zela. Orduan, ez nintzen kontziente familia, lagunak... hemen uzten nituela. Ez nuen espero ondoren beste talde batetik deituko zidatenik eta jarraian beste batetik eta... Agian aurrez dena jakin izan banu, atzera egingo nuen.
Ikasketak utzi egin zenituen?
Bai, eta gaur egun damutu egiten naiz. Goiz eta arratsalde entrenatzen dugu eta niri zaila egiten zait ikasketak batera eramatea, baina jendeak egiten du eta nik pertsona horiek miretsi egiten ditut. Dena dela, saiakerak egin ditut eta aurten Mallorcan egonda, berriz saiatuko naiz, eta bestela, bolei munduarekin bukatzen dudanerako utziko dut. Ikasteko inoiz ez da berandu.
Estatuko hainbat taldetan jokatzen ibili ondoren, Tenerifera joan zinen. Etxetik urrun egon behar izatea ez da inoiz oztopo izan zuretzat.
Edozein kiroletan bezala, onenekin jolastearekin egiten duzu amets eta hortaz bizi ahal izatearekin. Nik aukera izan nuen, beraz, aurrera.
Barne inpultsoei jarraitzen diezun pertsona dirudizu...
Bai, hala esan daiteke. Erabakiak askorik pentsatu gabe hartzen ditut. Nahiago izaten dut. Egin ditudan gauza guztiak egin aurretik pentsatu izan banitu, agian erdiak ere ez nituen egingo. Horrela, gutxienez, arriskatu eta egin egiten ditut.
Eta orain dela hiru urte, Tenerifetik Palma de Mallorcara, Icaro taldera joatea erabaki zenuen. Zer moduz zabiltza?
Momentu hartan nuen eskaintzarik onena zen eta probatzea pentsatu nuen. Oso gustora nago. Palma asko gustatzen zait hiri bezala eta taldearekin ere oso pozik nago. Pena ligan lehenengoak izateko aukera edukita, azken urteetan beti bigarren geratzea. Baina tira, lortuko dugu. Nire helburuetako bat hori da, Palma utzi aurretik taldeak lehenengo postua lortzea ligan.
Jakin dudanez, momentua bizitzea gustatzen zaizu, baina aurrera begira izango duzu planen bat.
Bizpahiru urte gehiagoz honetan jarraitzea espero dut, baina noski, ez dago nire gain bakarrik. Egia esan, ez dut nire burua hemendik kanpo ikusten eta nahiago dut ez pentsatu. Dena dela, badut nolabait esateko, amets moduko bat. Boleibolean jokatzeari uztean, hona itzuli eta talde bat mailaz igo nahiko nuke. Ez dut esaten lehen mailara, baina bai saiatu maila hobetzen. Eta hala, bultzada bat eman boleibolari.
Lortu duzun guztia lortuta, agian mutila izan bazina bizitza soluzionatua izango zenuen.
Gehiago ordaindu izan balidate agian... Baina tira, eskailerak garbitzen bukatu behar badut, ba hala bukatuko dut. Besterik ez badago, dagoenarekin konformatu behar.
Zure lanak merezi duen errekonozimendua izan duela uste duzu?
Ez, eta gauza bat esan nahiko nuke. Gipuzkoako Kirolaririk Onenaren Sarirako izendatzea gustatuko litzaidake. Tristea iruditzen zait lortu dudan guztia lortuta inoiz aipamen txiki bat ere egin ez izana. Ez dut saria ematea eskatzen, baina bai gutxienez nire lana kontuan hartzea. Eta ez nire goraipamenerako, boleibola jendearen artean zabaltzeko baizik. Gizartean oihartzuna izateko eta indarra hartzen joateko. Gazteak motibatzeko. Kirol minoritarioetan aritzen garenok izaten ditugu zailtasun gehien aurrera egiteko eta uste dut hori dela baloratu beharko litzatekeena sari horiekin.
Profesionaletan hasi zinenean zuk zenuen adina duen boleibol jokalari bati zer esango zenioke aukera bera izango balu?
Benetan hau bada gustatzen zaiona borrokatu dezala eta sakrifikatu dadila. Niri balio izan dit eta nik uste zerbait nahi baduzu eta hori lortzeko lana gogoz egiten baduzu, amets hori egi bihurtu daitekeela. Boleibola kiroletan minoritarioa izan arren, nik merezi duela esango nioke. Lortzen duzunak pertsonalki betetzen zaitu.
PALMARESA
- Tenerife Marichal taldearekin, Europako txapelketa eta bitan hirugarren postua. 3 Liga, 4 Erregina Kopa eta 2 Superkopa.
- Bitan Europako libero onena.
- Europako errezeptore onena.
- Estatuko jokalari onena.
- 80 alditan nazioarteko jokalaria.