Zenbat urte daramazu haur aurreskua prestatzen?
1965. urtetik. Aurten 45. aldia izango da eta ez dut sekulan huts egin. Erraz esaten da!
Eta gogotsu jarraitzen duzu?
Bai, bai. Nire izaera horrelakoa da eta dantza ikusteko nire era ere bai. Jarraitu ezin dudan egunean utzi egin beharko dut. Egia esan, batzuetan ezin izaten dut beraiekin. Kurtso bukaera da eta aztoratuta egoten dira. Entsaioetan haserretzen naizela dirudi, baina itxura egiten dut. Kasu egin diezadaten, bestela... Egun batzuetan eseri eta txisteren bat kontatu behar izaten diet.
Lan handia du, ezta?
Bai izugarrizkoa eta hori aurten ez dauzkadala asko. 60-62 bikote eduki izan ditut. Aurten 37 bikote aterako dira. Ez dakit zergatik, baina bestetan baino haur gutxiago apuntatu dira. Berriak bizpahiru etorri dira eta beste urtetan 8 edo 10 izaten dira. Dena dela, nire ikasle izandako Lide Mujika aritzen zait laguntzen. Eta nire alaba Edurne ere bai.
Zu atera al zara inoiz?
Makina bat aldiz bai.
Ze alde nahiago duzu?
Dantzari familiatik nator eta nire zaletasuna dantzatzea da, baina haurrei irakasten ere munduko gizonik zoriontsuena naiz.
Urduri egoten zara?
Ez, batere ez. Umeei lasaitasuna eta animoak transmititzen saiatzen gara. Hori bai, kezka pixka bat izaten dut. Dena ondo ateratzea nahi dut eta kontuan izan behar da hau dantza herrikoia dela eta dantzan ateratzen diren ume askok ez dutela inoiz dantzarik ikasi. Egiten ditugun 8 entsaioekin plazara ateratzen dira eta bakarka dantzatzen dute. Alpargatan ikustea besterik ez dago. Zoragarria da. Batzuk ez dute oso ondo dantzatzen, baina beren grazia dute.
Zer da zuretzat haurren
aurreskua?
Plaza jendez beteta egoten da. Oso tradizionala da. Nik uste herriko gauzarik tradizionalena dela. Sokamuturraz eta azeri-dantzaz hitz egiten da, baina aurresku honen datuak eta argazkiak badira 1915 urtetik. Atera kontuak zenbat ume egon diren urte guzti hauetan.
Udaletxetik atera eta eskutik helduta eskailerak jaisten ikustea zeremoniala da. Hori ikusten dudanean oilo-ipurdia jartzen zait. Barruan zirrara sortzen dit. Ziur ni antolatzen ez egon arren, beti sortaraziko didala zirrara hori.