Agin Rezola Laburu
Hernaniko bertso eskolako irakasle lanetan dabil besteak beste. Gaur ordea, Euskadi Irratira bidean harrapatu degu, bertan baitabil bekadun lanetan. Kazetaritza ikasketak ari da amaitzen. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Nagusian ere hartu du parte eta inpresio ona utzi zuen bai Orion eta baita Gabirin ere. Horretaz guztiaz jarduteko, Aitan-Etxen egin degu gosaritarako zita. Lehen ofiziorako, altxa dadila beraz Arnaitz Lasarte.
ZORTZIKO HAUNDIA
Ereñotzun lo egin, orain Hernanin gosaldu eta hemendik Donostiara, lanera. Zer moduz Euskadi Irratian?
Normalean ez det gosaltzeko denborarik hartzen, (10:15etan emandako erantzuna) baina Euskadi Irratian gustora, iada karrera bukatzen ari nintzelako eta nahiz eta tokia gustatu edo ez gustatu edo gustokoagoak izan, ba zeozer probatzeko gogoa neukalako.
Info7 eta Hernaniko Kronika ere ezagutzen dituzu. Ze diferentzi sumatzen dezu hedabide haunditik txikira?
Uste det, Euskadi Irratian jende ona dagoela, balio duena. Alde horretatik ez nuke asko bereiziko Info7 edo Kronika batetik. Eta gero, baliabideena, harrigarria da. Ni orain nago talde batean, bost edo sei pertsona daudena 2 ordu egiten; eta Info7n eta, badakit nola ibiltzen diran.
Kronikakoa beste maila batean ikusten det. Jendeak ulertzen ez duena da hainbeste jende nola ari den lanean, baino gero, barrutik ikusita, badakizu ze rollo dauden, ez dala bakarrik notizi bat idatzi eta hori ateratzea. Nik uste det denak beharrezkoak dirala. Oraintxe, Hernani bat ez det imajinatzen Kronika gabe.
Euskadi Irratia ere, nik uste, beharrezkoa dala eta erabili litekeen gauza bat.
Ematen du, kazetaritzako lana sagardotegikoa baino gehiago gustatzen zaizula.
Neri sagardotegiko lana gustatzen zait. Nola gainera guk urte guztian ez daukagun eta izaten diran 3 hilabete eta erdi… eta azkenean horri esker udara ere lasaiago pasatzen degu eta horrek asko balio du.
Ondo joan da aurten txotx tenporada Larre-Gainen?
Bai. Gora ez du egin noski, baino bezero fijoa nola daukagun, ez gera mugitzen krisiaren arabera gehiegi, eta aurten ere ondo joan da.
ZORTZIKO TXIKIA
Zenbat bider galdetu dizute aurten ´zein da kupelik onena?`
Exagerazio bat da. Beti erantzuten det hirugarrena dala onena. Eta gainera, ikusten dezu, jendea saiatzen dala zerbait originala galdetzen, baino ya, original hori ere ez da hain originala. Baino hala ere, aurpegi ona jartzen degu ta...
Ereñotzun berriz ere izango da bertsolari gehiago pelotaria baino!
Ematen duenez orain frontoia egiteko aurrera pausoa eman dute, pelotari haundi batzuk erretiratu ginanean! Kar, kar, kar… Eta bertsolariak, ematen du baietz. Aurten 10 bat ume uste det badirala eskolan eta aukera badaukagu behintzat, Aritz (Zerain), Ibon (Miner), ni… Hernanin dagoen mugimendua sortzeko. Txikiagoa noski, baina aukera badago bertsolariak ateratzeko.
Gauez ikusten ez zaituenak, lotsatia zerala pentsatzen du.
Gauean ere lotsatia naiz normalean e! Lotsatiegia. Hori bai, hizketan hasten naizenean eta konfiantza minimo bat hartzen detenean, nitaz igual ez dizute esango hain lotsatia naizenik. Gehiegi hitz egiten degula igual esango dizute.
HAMARREKO TXIKIA
Bertso eskolako irakasle lanetan zabiltza. Zer moduzko harrobia daukagu?
Ume asko dago, 45 bat, eta badaude orain ere 5 edo 10, guk asmatuz gero, eta beraiek ere horretara jarriz gero, zeozer egiteko modukoak. Bertsotan batere problemik gabe egingo dutenak. Baina, askotan edukitzen degu Oier (Iurramendi), Azpi (Asier Azpiroz), Unai (Gaztelumendi) eta guk konbertsazioa, ez dakigula ez dakigun, edo ez degun asmatzen edo… baina kosta egiten zaigu umeak daukana ateratzea.
Askotan izaten da igual:
2 daude gogoarekin, baino beste 8 daude gogorik gabe. Ez degu asmatzen 8 horiek errespetatzea beste 2 horien gogoa. Baina orain ere badaude 5 bat onak.
Eli eta Eñautek adibidez, harritu egin naute semifinaletan, ze maila hartu duten ikusita.
Kostatzen dana orduan zer da, bertso eskolako gurdi horretara engantxatzea?
Nik uste det, failo haundi bat dagoela, bertso eskolara ez dirala joaten bertsotara. Alde batetik, debalde izate horrek, du alde ona ume asko joaten dalako, baino arriskua ere ikusten det.
Izan daiteke, bertsolaritza extraeskolarretan azkena izatea?
Ez nuke esango. Bertsolaritza gustatzen zaien umeek azkena dutenik ez nuke esango. Hori bai, bertso eskolara denbora pasa joaten danak, igual ez du jakingo bertsoa zer dan ere. Tristea hori da.
Zuen belaunaldiari buruz berriz, elkarrizketa sorta honetan irten da, ez zeratela plazan kantatzera nor joango borrokan aritzen.
Guk bertso eskolan beti izan ditugu bi talde bezela. Azpi eta ni beti izan gera, bertsoa gustatu bai, bertsozalea bai, bertsotan egitea gustatu ere bai, baino ez gera izan oso…
Baino Unai Gaztelumendi, Ane Labaka, Beñat Iguaran bat… Haiek leku guztietan bai esaten dute. Nik ez det uste belaunaldi kontua danik. Ez dakit ni raro xamarra naizen.
Baino zergatik ez dezu nahi?
Ez kunplitzeko beldurragatik edo… ez dakit. Adibidez, jende ezezagunaren aurrean nik kantatuko nuke. Nik beti esaten det, Hernanin, lehen Elkartasun eguneko bertso afari pare bat egin genituen eta orduan oso gustora, baina akojonatuta pasatzen nituen bi aste. Igual da gehiegi begiratzen diotelako jendeak esango duenari, baina...
Jendeak esaten duenari erreparatzen badiozu… Txapelketan parte hartzen dezu!
Ez dauka esplikaziorik. Adibidez, orain, dexente ibili geran hontan, Ugaldetxon kantatuko degu, baina pasa ditugu 3 urte ezer egin gabe bertso eskolan. Izaten da bizpahiru asteko motibazio zera hori eta gero 3 bat urte arrastaka pasatzen ditugu.
Orduan, bertsolaritza zer da zuretzat?
Nik gozatu egiten det entzuten eta jarraitu egiten det dena, baina hori bai, zuk saio bat ona egiten dezunean, satisfazio hori ez dizu emango beste inungo bertso saiok.
Azkeneko Gipuzkoako txapelketa honetan ere parte hartu dezu.
Ze irakurketa egiten dezu?
Orion kantatu nuen lehenegoa eta geroztik entzun dituten lore pila inoiz ez ditut entzun. Nik uste det, ezagutzen ez ninduen norbaitek baloratuko zuela. Sariketetan eta zirkulu horretan ere ez nabil asko eta adibidez, lehengoan Gabirin kantatu nuen eta nere helburua zan Osiñaldeko dei bat lortzea.
Ah! hor kantatu nahi dezu!
Hor bai! Osiñalde beti gustatu izan zait...
Ez det entenditzen.
Neri gustatu egiten zait txapelketa. Saltsa.
Gero beste gauza bat: iruditzen zait bertsoak jartzeagatik jartzen direla batzutan... Adibidez, Osiñalden 80 pertsona badaude, 80tik 78 daude entzuteko, eta neri, Osiñagan, bakailu dastaketaren bitartean ba… amorrazioa ematen dit. Elkartasun eguna, bertso poteoa: poteatzen 40 lagun, eta entzuten 5; zure lagunak diralako. Neri horrek, amorrazioa ematen dit.
PUNTU ERANTZUNA
Estitxu Eizagirrek
Arnaitz Lasarteri:
Ereñotzu plazatik
Illunbe plazara
joango beharko degu
zale gixara
hasi orduko jaso
baitet adarkada
urruti jarri behar
orain begirada
entrenatzen jada
bertso eskolara
joango naiz, hara!
ta zorterik bada,
berrogei urte barru
sartuko gara.
Arnaitz Lasartek
Joxe Urdangarini:
Mukizuek ikasi
al dute bertsotan?
BAKARKA HIRU BERTSO
Gaia: Ereñotzu eta Hernaniko festak.
Neurria: Zortziko haundia
Ekainarekin batera datoz
lasaitasuna ta festa
eta auzoko egitaraua
horren hankamotza ez da.
Denok zaudete gonbidatuak,
egin Iñatzura buelta
San Antoniyok zuen bixita
pozik hartuko du eta.
Itxaropentsu piztu kandelak
ahaztu tristura ta penak,
Laiotzek ziur joko baititu
bere bertsio onenak.
Gu berriz, geldi egongo gera
horretan euskaldun denak!
Gerria pixkat muittu behar du
zerbait lortu nahi duenak!
Mugimenduak nekatuz gero,
astebeteko patxada,
ta Iñatzutik hurbilduko naiz
saltoka San Joanetara.
Txozna giruan basuarekin
hantxe elkartuko gara
Tilosetako norabidia
ere aldatu ez bada!
PUNTUKA
Ereñotzuko Auzo Udala
Beharrezkoa dan zeozer, baino nik nahiko urruti ikusten detena.
Txotx denboraldia
Lana, eta deskonektatzeko
3 hilabete.
Trafiko norantza
Direccion contrarian dexente joan naiz. Kar, kar, kar…
Egia esan, ezer txarrik ez diot ikusten kotxeentzat.
Zaborraren kudeaketa:
Nik uste kontrako jendea ere ohituko dala. Ez zan posible horrela segitzea.
Txakurren ADNa
Igandero joaten da jendea nere etxe ondora txakurrak kaka egin dezan. Haiei gustora hartuko nieke ADNa.
Gazte asanblada:
Jendeak lan asko egiten du eta egin du.