Andoni Amonarraiz (Hernani. 1958) da EAJko zerrenda burua udal hauteskundeetan. Azken legegintzaldian Ongintza Patronatuko eta Zerbitzu Publikoetako buru izan da, EA eta EBrekin Gobernu taldea osatuta. Aurten aparte aurkeztuko dira EAJ eta EA eta berak landu nahi dituzten gaiak zeintzuk diren erakustea izango du helburua Alderdi Jeltzaleak. Hernaniko EAJri botua emanda ´Udal politika egiteko beste modu bat` ikusiko dute herritarrek Alkategaiaren hitzetan.
Zein da EAJren helburua datozen hauteskundeetarako?
Gure helburua da EAJk bakarrik joanda landu nahi dituen gaiak zein diren erakustea, Hernani beti egon izan den esparrura eramateko: Herri moderno eta eraginkor bat, eta dagozkion azpiegiturak izango dituena.
Azken legegintzaldian EArekin koalizioan aurkeztu zineten hauteskundeetara. Zuek formula horren alde zeundeten.
EAJren asmoa beti izan da koalizioan joatea, eta EAk hartu duen erabakia errespetatuta ere, esan nezake bioi egin digula kalte. Hala ere, egia da alderdi batek bere izaera definitu nahi duenean bakarrik joan behar duela eta EAko buruek hori erabaki badute, errespetatu beharra dago. Horrek aukera emango digu gure kabuz erakusteko udal politikak zer izan behar duen.
Legealdi honetan EArekin koalizioan gobernatu duzue eta EB-IU gobernu kide hartuta. Datorren legealdi honetarako antzeko formulek balio dute edo koalizio haundiago edo desberdin baten alde zaudete?
Lehendakariak esan berri duen bezala, hiruko gobernua errepikatzea logikoa litzateke. Eta EAJ, EA, EB eta kasu honetan Aralar elkartzeak logika baleukake, baina ikusiko dugu hernaniarrek zer esaten duten. Koalizio haundiagoei dagokienez, guk ez dugu ezer baztertzen, hauteskundeetara aurkezten den edonorekin egin bailitezke koalizioak.
Ezker abertzaleko EAE-ANV alderdia hauteskundeetan izango da lehenengoz eta horrek oraingo proportzioak asko aldatu ditzake. Ze irakurketa egiten du EAJk?
Hitzaren bidez eta estortsiorik gabe konbentzitu edo gobernatu nahi duten alderdi guztiek lekua behar dutela uste dut nik. EAE-ANV alderdi historikoak egon nahi badu egotea oso ondo iruditzen zait, eta ona derizkioten hernaniarrek babestuko dute.
2003-2007 legealdian, Arau Subsidiarioen proiektua izan du Gobernu taldeak zutabe nagusietako bat eta Foru Aldundiaren onarpenaren zain dago. Proiektua garatzea izango da 4 urtetako hirigintza helburua?
Hernaniko Udalak Sail asko ditu eta horietako bat da hirigintza. Arauak erreminta bat dira herrigintza aldetik herria garatzeko, eta EAJ gobernuan bada, noski erreminta hori erabiliko duela. Baina, lehentasuna ez du hori izango; bost zutabetan oinarritutako programa bat du EAJk. Udal gestioa hirigintza hutsa baino askoz zabalagoa da.
Etxebizitza arazoa da herritarrengan buruhauste asko sortzen dituenetako bat. Hernanirako zer proposamen egiten dituzue?
Guk lurra lortzea proposatzen dugu, udal lurretan babestutako etxeak eta etxe tasatuak egiteko. Gure asmoa da udalak utzitako lurretan egiten diren etxeetatik gehienak babestuak izatea, %60-65 gutxienez, eta gehienak hernaniarrentzat izatea. Horrez gain, beste administrazioekin hitzartu nahi dugu, udal lurretan egiten diren etxeetan bizi den jendearen jarraipena egitea: ingresoak, portaerak... uste baitugu babestutako etxeak familia edo banakoek bizi duten egoera baterako izan behar dutela, baina diru-sarrera normalak dituztenean etxe horiek libre utzi beharko lituzketela beharrean dagoen jendeari uzteko.
Arau Subsidiarioen proiektuak arazoari irtenbidea emango diola uste duzue.
Etxebizitza behar guztiak ez dakit aseko dituen, haundiak baitira oso, baina egia da babes ofizialeko etxe asko izango direla eta jende askoren beharra aseko duela.
Zaharren Egoitzaren zabaltzea martxan dagoen proiektua da. Zer gehiago aurreikusten du EAJk hirugarren adinari dagozkien zerbitzuei begira?
EAJk ikusi zuen gizarte zerbitzuak gaizki ez zeudela, baina hobetu zitezkeela, eta horregatik hartu du Ongintza Patronatua eramateko ardura azken legealdian. EAJren politika izan da: etxez etxeko zerbitzua hobetzea, eguneko zentroko lekuak ugaritu ditugu eta gehiago haundituko da Zaharren Egoitza haunditzean, eta etxebizitza sozial gehiago ere egingo dira, matrimonio autonomoentzako apartamentuak adibidez, Zaharren egoitza haunditzean. Zerbitzua zabaldu eta kalitatea hobetzea izan da 4 urteotako helburua eta bide beretik jarraitu nahi dugu.
Eta gainerako zerbitzu sozialei begira?
Zerbitzu sozialak direnak dira: hirugarren adina, gazte eta familia baztertuak... eta zerbitzu horiek hobetzea da helburua. Eta oso gauza garrantzitsua: nolabait ere hitzartu behar dugu laguntza soziala jasotzen duten guztiekin, pasabideko leku bat izatea zerbitzu sozialena, garai txar bat pasatzen ari denaren lagungarri, baina formazio ikastaroen bidez-eta, gizarteratzen lagundu behar zaio jende horri, eta exigitu ahalegin hori egitea.
Gazteek gune bat eta autogestioa eskatu dute eta lehengo udal jangela okupatua daukate kiroldegian. Zer iritzi du EAJk honen gainean?
Nik uste dut udalerri guztietako ezezagunak direla gazteak eta ez dakit den gu ez garelako erlazionatzen gazteekin edo gazteek politikaria ikusten dutelako bere poltronan eseri eta urruneko pertsona bezala. Baina estereotipoak kendu eta gurekin hitz egitera etorriz gero, zenbait gazte harrituko lirateke. Nik behintzat uste dut, helduek ondo egon behar duten moduan, gazteek ere beren ezaugarriak garatzeko leku egokiak behar dituztela eta beren lekua behar dutela uste dutena egiteko. Egia da baita ere, gazteena kolektibo oso haundia dela, eta Udala gune baten bueltan inplikatu dadin, inbolukratu beharko luketen pertsonak egon beharko luketela kolektibo horretan, erantzukizunak hartu eta gauzak hitzartzeko.
Geroz eta arreta eta errekurtso gehiago eskatzen dituen gaietako bat inmigrazioarena da. Nola ikusten duzue gai hau?
Udalak bi alor ditu inmigrazioari lotuak: bata inmigrazio saila da eta bestea zerbitzu sozialetako inmigrazio alorra. Berez, zerbitzuak gaizki ez daude, baina bai egokitu beharra dutela gestioa hobetzeko, inmigranteak Hernanin eta Hernaniko bizitzan integratzeko. Errekurtso gehiago jarri edo hobeto gestionatzea izango da kontua eta integrazio formula egokiak bilatzea. Gainera, AMHER elkartea dago Hernanin eta nik uste dut udalak elkarte horrekin kolaboratu beharko lukeela.
Zure hautagaitzaren aurkezpenean, hernaniarrak gehiago inguratzea bultza nahi zenuela azaldu zenuen.
Guretzat oso garrantzitsua da gai hau, 55 urteko hernaniar batekin izan nuen hizketaldi baten ondoren hausnartua. Berak esan zidan Zinkoenean arbola bat erori zela, eta aitortu zidan 55 urtean lehen aldiz igo zela udaletxera eta errespetua eman ziola. Ezin liteke berea den Udaletxera igotzeak errespetua ematea. Uste dut herritarren eta politikarien arteko harremana bilatu behar dela. Horrez gain, hemen herritarrak ikustea ate bakoitzean irakurtzen zer non dagoen, zer pisutara joan behar duen... ezinbestekoa da leihatila bakarra egotea administrazioarekiko harremanetarako.
SagardoGunea eta Chillida leku turismoa erakartzeko zutabeetako bi dira. Udalak sustatzaile izan behar du proiektu hauetan? Ze mailatan?
Chillida Lekuri dagokionean, potentziatu behar da Hernanin dagoela, mundu mailan onenetakoa den museo bat. Eta pribilegio horretaz baliatu behar dugu, jendea SagardoGuneara ekartzeko. Chillida familia ados dago honekin eta babesten dute SagardoGunea. Bi gune horiek ezkontzea lortuko bagenu, auditorio bat egin eta abar, Hernani kulturaren bueltan egingo litzateke ezagun eta alor horretan ezagun izatearekin herri guztiak egongo lirateke gustora. Gainera, aurten tamalez, sagardoa ekintza deitoragarri batzurekin lotu da, baina sagardoa beste zerbait da, usadio haundiko edaria, Hernaniri oso lotua, eta kalitatean salto bat ematea lortu behar dugu, merezi duen kalitatezko produktu gisa katalogatu dadin. Horretarako ezinbesteko gunea da SagardoGunea.
Udalak badu euskara plan bat. Datuek diotenez, ordea, neurri haundi batean gazteleraz funtzionatzen du Udalak eta itzulpen zerbitzuari esker euskaratzen da lan hori guztia. Zer iritzi duzu?
Euskera plan bat bada eta trebatzaileak ere baditugu, langileek euskera perfinalak izanagatik, euskeraz lan egitera trebatzeko. Nik uste langileen arteko harremanak euskeraz beharko lukeela, eta kanpora begira euskeraz edo euskeraz eta gazteleraz atera behar lukeela material guztiak. Politikari eta langileen arteko harremanari dagokionez, badira euskeraz hitz egiteko aukera ematen duten politikariak, gazteleraz hitz egin beharko zaienak, eta orain gazteleraz hasi, baina, etorkizunean euskeraz hitz egin ahal izango digutenak.
Beste zerbait azpimarratu
nahiko zenuke?
Nik interes berezia dut herritarrei esateko botoa eman lezaketen guztiek botoa eman dezatela. Maiatzaren 27a egun bat da eta botoa ematea 15-20 minutuko gauza; eta asko erabakiko da bertan. Nik nahi nuke botoa eman lezaketen 15.500 lagunek ematea, derizkiotenari, eta noski niri ematea nahi nuke. Ziur nago botoa guri ematen badigute, Udaletik politika egiteko beste modu bat ikusiko dutela. Gu ez gara inoiz alkatetzan egon, baina EAJ alkatetzan bada, beste aukera batzuk irekiko dira, kolore desberdinetako hernaniarren arteko komunikazio, parte hartze eta integrazio aukera berri batzuk.
Hernaniko zenbait gairi buruz galdezka
Kiroldegiko instalazioen egoera
´Hernani izan zen inguruan kiroldegia izan zuen lehen herria, instalazio haundikoa. Baina beste kiroldegiak ikusita, zaharkituta gelditu dela nabarmena da eta ezin da petatxoak jartzen ari, aldatu beharra dago, berria egin beharra. Guk proposamen bat dugu, kiroldegia hortik kendu eta beste leku batean jartzekoa, eta hirigintza gestio baten bidez udal diru-kutxei dirurik kostako ez zaiena. Oraingo igerileku irekien ondoan egin liteke kiroldegi berria, Udalaren eskuetara iristekoa den eremu batean`.
300 lagun baino gehiago hartuko dituen kultur aretorik eza
´Kultur etxeko aretoa egokitua dago eta Sandiusterriko aretoa ekainean erabat egokitua egongo da eserleku berriekin. Horrekin bi gune izango ditugu guk kulturarekin egin behar dela uste dugunerako. Prosa eta bertso lehiaketak antolatzea planteatzen dugu eta kolektibo baten bila gabiltza umorezko zinemaldi bat egiten laguntzeko. Baina horrez gain, auditorio bat egin nahi dugu, 600 bat lagun hartuko dituena, Hernanin sortzen den guztia hartzeaz gain, inguruan egiten diren festibaletan parte hartzeko: bildurrezko zinemaldia, donostiako zinemaldia... Hernanik berak sortzen duena azaltzeaz gain, inguruan egiten duena ere hartu behar du, baina horretarako ezinbestekoa da auditorio egoki bat edukitzea. Gainera, musika eskola ere esaten ari da leku nahikorik ez duela eta gune horretan hernaniarren beharrak aseko dituen musika eskola ere jarri liteke`.
Herriko trafikoa eta aparkalekuak
´Trafikoarekin neurri batean lortu dugu herri barrukoa lasaitzea: abiadura limitadoreak jarrita, aparkalekuak ondo jarrita eta abar. Ni oinezkoentzako guneak jartzearen aldekoa naiz eta baita herri barruan trafikoa lasaiagoa izatearen aldekoa ere. Segurtasunagatik koska asko jarri ditugu autoentzat, ez irristatzeko zebra bideak ari gara jartzen eta abar.
Trafikoarena baino arazo haundiagoa aparkalekuena da. Gaur egun egiten den pisu bakoitzak 1,5 autorentzako aparkalekua behar du, baina zaila da arazo hau azkar konpontzea, geroz eta auto gehiago baitugu etxero eta eremuak berak baitira. Bi aukera aipatzen dira: batetik OTArena, komertzioei aukera eman eta resideenteek aparkatzeko karneta izango luketena. Eta gainerako auzoetan ere jendeak kontzientziatu behar du kotxeen gastuen artean okupatzen duen lekua ere badagoela. Horrez gain, nik uste dut Gay Mur-Larremendin egin beharko litzatekeela aparkamendu bat`.
Garraio publikoak
´Hernaniri dagokiona herri barruko garraio publikoa da eta EAJ prest dago, eta lege-aldi honetan egin du, herritarren eskariak entzun eta probatzeko. Probak egiteko prest gaude eta zerbitzua zabaltzeko. Herri arteko garraiobideei dagokionez, nik proposatu dut Garayarko autobusa Antziolan barrena Cuesta de La Muertetik igotzea eta Areizagakoa Antziola-Latsunbe Berrin barrena etortzea. Eta uste dut bilete bakarra jartzean onartuko direla. Garraio publikoa indartu eta trafikoa gutxitzea litzateke egokiena, edo bizikleta eta motorrak erabiltzea, gutxiago okupatzen dutelako`.
Auzoetako urbanizazioak
´Alderdi batek esan du badirela auzoak ahaztuak izan direnak eta Zikuñagako adibidea jartzen du. Zikuñagan, auzo elkartearen lokala egokitu da, plaza berritu da, kainuetan arazoak ematen zituzten eukaliptoak bota egin dira, abiadura kontrolatzeko koskak jarri dira eta 2007ko aurrekontuan Zikuñaga berritzea aurreikusten da. Antziolan, kirol gunea egokitu eta aparkamentuak eskatu dituzte eta biak ari gara egiten.... Etxeberrin eskari guztiak bete dira, berritze proiektua 2006an onartu da eta lehen fasea 2007an hasiko da. Portun Renfeko atzeko aldea ikusi besterik ez dago... non daude ahaztutako auzoak. EAJk duen konpromisoa da horrekin jarraitzea`.
Baserriaren egoera, eta horrekin lotuta, mendi eta ingurumenaren egoera
´Baserrietako beharrei aurre egiteko zerbitzuak ematearen aldekoak gara gu, irisbidea, konpainia eta babesa oinarri hartuta. Proposamen bat badugu `oxigenoa sortzen duten enpresak` diruz laguntzeko; alegia, basoak. CO2 kupoa pasatzen duten enpresek isunak ordaindu behar badituzte, dijoala diru hori oxigenoa sortzen duten lekuetara. Horrela basoak hobeto zainduko dira, gehiago jarri eta baserrien balioa areagotuko litzateke. Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundian plateatu nahi dugu gaia`.
arrisku haundiko enpresak.
´Eusko Jaurlaritzak du jarraipena egiteko eskumena eta egia da gaia zaila dela udal arduradunentzat. Udalak eskatu behar du norma guztiak goitik behera betetzea, eta horretan zorrotzak izan behar dugu. Baina, ez dut uste arriskutsuak izanagatik itxi behar direnik, lanpostuak ezin baitira galdu eta hemen lan egiten duen jendea lekuz aldatzea besterik ez bailitzateke lortuko. Normak zorrotz bete araztea da kontua`.