Erreportajeak

Amaia Egilegor:«Errusiako gazteak ez daude Putin egiten ari denarekin ados»

Kronika - Erredakzioa 2007ko urt. 21a, 01:00

Gorka Bereziartua

Aurreneko galdera ia derrigorrezkoa da: nola sortu zitzaizun Moskura joateko aukera?
Karrera bukatu eta Euskal Herrira etorri nintzen, eta aukera hori zegoela esan zidaten. Esan beharra dago San Petersburgon egon nintzela karrera bukatzen eta han ordurarte euskerako irakasle lanetan zebilena ezagutu nuen. Berak esan zidan uztera zijoala eta interesatzen ote zitzaidan. Haren bitartez joan nintzen.

Lau urte daramazkizu Moskun euskera erakusten. Hainbeste denbora egotea espero al zenuen?
Bi urtez-edo egotea espero nuen. Igual hainbeste luzatzea ez. Baina bueno, azkenean gustoa hartzen diozu eta...

Eslabiar filologia ikasi izanak lagunduko zuen horretan, ezta?
Bai, noski. Hara joateak errusierarekin trebatzeko aukera eman zidan. Gainera lana egitera joanda ere, egiten dudana ez da lan pisutsua. Euskera erakusteko klaseak-eta prestatu behar dituzu eta lehendabiziko urtean asko landu behar izaten nituen klaseak, baina behin martxa hartuta erraz egiten da.

Nolatan filologia eslaviarra?
(Barre egin du) Nik ere ez dakit. Gogoratzen naiz institutuan nengoenean ez nekiela zer egin. Kazetaritzarekin tematuta egon nintzen, baina azkenean ez nuen aukeratu. Institutuan bertan orientazio programa bat bazegoen eta han ze karrera zeuden begiratzen hasi nintzen. Ze filologia zeuden begiratzen hasi nintzen eta ikusi nuen betikoak ez nituela ikasi nahi: ingelesa, alemaniera... Pixka bat exotikoagoa zen zerbait nahi nuen. Gero, esan behar da, nik akordeoia jotzen dudala eta betidanik gustatu izan zaizkit errusia eta inguruetako dantza eta musikak. Igual horrek ere eragingo zuen... Gogoratzen naiz txikitan telebistan dantza ukraniar eta errusiarrak ikusi nituela eta aho zabalik geratu nintzela. Horrek ere izango zuen eraginik.

Euskera erakusten ari zara Moskun. Gure hizkuntza ez al da rara avis bat hango unibertsitatean?
Hasieran bai, gutxi batzuk ezagutzen zuten, baina pixkanaka unibertsitatean ere gure berri izaten hasi dira. Arraroa egiten zitzaien hasieran, baina orain gertuagoko zerbait iruditzen zaie.

Eta Euskal Herriaren berri ba al dute?
Bai eta klaseetan ere informazioa ematen saiatzen naiz. Hizkuntzarekin batera hemengo berri izan dezaten, marrazki bizidunak, bertsolaritza eta horrelakoak ere jartzen dizkiet. Ikasleei gustatzen zaie.

Baten batek dezente ikasi omen du euskeraz...
Bai, badaude bi ikasle oso ondo hitz egiten dutenak. Besteei kostatzen zaie, baina hitz egiten dute, baina bi horiek urte dezente daramatzate. Biak ere bitan egon dira Euskal Herrian eta oso ondo moldatu izan dira.

Beste bat Obabakoak euskeraz irakurtzen ari omen zen...
(Barreak) Bai, horrek pixka bat utzita dauka, baina saiatzen da. Ahaztutakoa errekuperatzeko hasi zen.

Irakasle izateaz gain kazetari lanetan ere bazabiltza Euskadi Irratian, Errusiako berri ematen. Nola sortu zen aukera hori?
Euskal Herrira etorri nintzen abendu batean oporrak pasatzera eta Berriatik deitu zidaten, elkarrizketa egin behar zidatela. Handik denbora batera irratitik deitu zidaten: ´Aizu, Berrian artikulu hau irakurri dugula eta guri ere elkarrizketa egitea gustatuko litzaigukela`. Juxtu orduan kriston hotzak egiten ari zen Moskun. Harrezkero, albistegietako buruak deitu eta horrela hasi nintzen, poliki-poliki. Jendeak esaten dit intrusismoa egin dudala-eta... (barre egin du).

Orain ostegunero hitz egiten duzu.
Bai, hemen goizeko zazpi eta erdiak direnean. Ez naiz ni bakarrik aritzen: New Yorkeko korrespontsala, Pariskoa... ere hor ateratzen dira eta ni tartean, Moskuko berriak ematen. Hasieran zaila egiten zitzaidan, nik ez dut kazetaritza ikasi eta kronikak egiten eta hori ba... Baino bueno, poliki-poliki hartzen ari naiz.

Horrek bertako gaurkotasunean asko murgiltzera ere behartuko zaitu, ezta?
Albisteak-eta gertuagotik jarraitu behar ditut, informatiboak ikusi, egunkari ezberdinak irakurri... Baina gustura egiten dut, zure buruarentzat ere balio duen zerbait da: errusieraz gehiago trebatu naiz horri esker, hiztegia aberastu dut...

Gainera Errusiak azkeneko urteetan onerako edo txarrerako notizia dezente eman ditu. Hor dago Txetxeniakoa adibidez. Nola bizi dute gatazka hori Moskun?
Errusiar gobernuari ez zaio interesatzen egia zabaltzea. Gertatzen dena gertatzen da eta jendeak momentuan jasotzen du informazioa, baina ez dute egia guztia ezagutzen. Txetxenian gertatzen ari dena sarraskia iruditzen zait. Ez dauka inolako zentzurik gerra horrekin jarraitzeak. Baina errusiarrek txetxeniarrei botatzen diete errua, txetxeniarrek errusiarrei... Soldadu pila dago han... Guk ere ez dugu informazio guztia jasotzen. Txetxeniako hedabide independentistetan sartzen saiatzen zara, baina horiek ere pixka bat itxita daukate bide hori.

Putin bezalako presidente bat egoteak ere ez du asko lagunduko... Hiritarrek nola ikusten dute?
Kontraesan ugari daude. Adibidez, komunismoa erori zenean, lan arazo ugari egon ziren. Moskun ez hainbeste, hiriburua delako, baina herrietan-eta jende asko lanik gabe geratu zen, enpresak pribatizatzen hasi ziren, asko itxi egin ziren... Yeltsin pasa ondoren Putin etorri zen, ekonomia bultzatu zuen eta egia esan 50 urte inguruko jendeak bere irudi ona dauka, lana eman dielako. Gazteria ordea ez dago oso ados egiten ari denarekin. Autoritarismo hori ez zaie gustatzen.

Polizia asko omen dago Moskun.
Bai, polizia asko eta gainera txetxeniar itxura duzula ikusten badute pasaportea eskatzen dizute... Txetxeniarren kontra ´genozidioa` ez genuke esango, hitza gogorregia delako, baina oso kontrako jarrera dago. Orain pixka bat baretu da, baina urte batzuk lehenago Moskun atentatu gehiago egon zirenean beraien kontra egin zuten: itxura txarra ikusi eta poliziaren komisaldegira eraman, interrogatu eta ez dakit zenbat trikimailu erabili zituzten jendea kartzelan sartzeko. ´Zuek Moskun jendea hil duzue, ba gu ere zuen kontra joango gara` esanez bezala.

Zuk poliziarekin arazoren bat izan duzu?
Ez, egia esan ez didate inoiz pasaporterik eskatu...

Eta kanpotik joandako beste irakasleren batek?
Euskal Herritik joandakoek ez, baina Ameriketatik etorritakoek-eta bai. Nik uste errusieraz hitz egiten baduzu eltzetik babak atera ditzakezula, baina ez baldin badakizu... Kontua da hara iristean paperak egin behar dituzula errejistrora joanda. Horretarako pasaportea kendu egiten dizute eta errejistroan daukazula esaten duen orri kutre bat ematen dizute, argazki batekin. Errusieraz ez baldin badakizu ez dakizu zer jartzen duen, poliziak gelditu zaitzake eta 200 edo 300 errublo eskatu. Beraiekin hitz egiteko gai ez bazara diru hori atera egingo dizute.

Hemendik begiratuta topiko asko al dauzkagu Errusiaz?
Bai, nik baietz uste dut. Hara joango nintzela esan eta ´joe, hotza egingo du!` esaten dizute. Bueno, bai, neguan hotza egiten du, baina udaran ez. Askotan galdetu izan didatena zera da: ´Errusiarrek hainbeste edaten dute?`. Eta nik, ba bueno, ´bai, edateko joera badute...` Topikoak hor daude, baina joaten zarenean ikusten duzu ez dela horrela. Ni gogoratzen naiz lehendabiziko aldiz joan nintzenean, artean errusieraz ondo hitz egiten ez nuela, ´jo, ze edukatuak diren!` esaten nuela. ´Ez dute maldiziorik botatzen!` pentsatzen nuen. Eta kontua zen ez nekiela nola esaten ziren maldizioak... Hizkuntzak hasieran horrelako trabak jartzen dizkizu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!