Datozen hauteskundeetara ez aurkezteko erabakia hartu duzu? Zerk eraginda?
Ez nuen aurreko legegintzaldian ere aurkezteko asmorik, baina koalizioa aurrera ateratzeko aurkeztea erabaki genuen. Nire azken legegintzaldia zela denok genekien. Apirila eta maiatzean gogorarazi nion batzarrari ez nijoala zerrenda buru eta urte hasiera iruditu zait publiko egiteko garairik onena, batez ere zenbait etxeko-lan garrantzitsu eginda: azken aurrekontuak aurkeztu, arau subsidiarioen behin behineko onarpena egin eta aurtengoa bideratu.
Ordezkoa zein izango den erabakita dago? Edo zer prozesu jarraitu behar du hautaketa horrek?
Aurre erabakita badago neurri batean. Hala ere, ez dagokit niri hori adieraztea.
Zu EA eta EAJ koalizioan joatearen aldeko izan zara beti.
Abertzaletasunaren espazioan, EA eta EAJren artean badago planteamendu nahiko bateratua, elkarlan aurreratua, badago nahiko eskarmentu instituzioetan aurrera elkarrekin joateko. Abertzaletasun mota bera ordezkatzen dute eta abertzaletasun historikoaren ordezkari nabarmenenak dira bi alderdiak. Ideologian izan litezkeen ezberdintasunak aparte, egunerokotasunean bat etortzeak gehiago dira kontrakotasunak baino. Gai honetan uste dut EAko zuzendaritzak oinarriei bizkar emanda hartutako erabakia izan dela bakarrik joatearena, afiliazioaren zati haundiena koalizioan joatearen alde azaldu baita. Hala ere, urtarrilaren 21eko bileran erabaki oker hau erabat irauliko dugula uste dugu.
Alkatetzan egingo dituzun azken hilabeteak izango dira. Zer sentitzen duzu?
Ez naiz horretan pentsatzen gehiegi jarri, baina Alkatetza gaur utziko banu, irudi nahiko gozoa eramango nuke. Egindako gauzekin nolabaiteko satisfazioa badaukat. Badakit, zenbait gaietan, agian nik garrantzi haundiegirik eman gabe hanka sartzeak egin izango nituela. Nik gestioa ahal izan dudan modu onenean egin dut, Hernaniz dudan ideiak bultzatuta eta saiatu naiz herri zati desberdinen elkarbizitzaren alde jokatzen. Lorpenei dagokienean, badaude lorpen materialak, eta hor badaude zenbait garaipen garrantzitsu. Lorpen ez materialetan, Hernaniko jendearen arteko elkarbizitzak hobera egin du azken hamar urteetan. Ez dut esan nahi nire ekintzaren ondoren zuzena denik. Pentsatzen dut hemen aritu diren indar guztiek beren ekarpena egingo zutela, baina gure ekarpena ere hor dago.
Zenbait elkarrizketetan irakurri dizugu Alkate izan zinen lehen legegintzaldian baino lasaiago dagoela orain herria. Zenbaitek dio zerorrek ere lasaiago gobernatu duzula.
Ni lehen eta orain gizon bera naiz, bide beretik noa eta nire erara nire planteamenduak mahai gaineratu izan ditut beti. Lasaiago ikusten nautela? nik nire burua beti lasai ikusi izan dut, baina garai batzuk oso gogorrak izan ziren eta aurre egitea egokitu zitzaidan. Aurre egite horrek, herri sail zenbait asaldatu egin zuela uste dut eta batzuentzat deabrua izaten jarraituko dut. Azkeneko legealdi hau ustekabean egokitu zait, eta aurreko legealdiak baino bareagoa izan da, nahiz eta baldintza teorikoak gogorragoak izan. Legealdi honetan, gu saiatu gara eguneroko gestioan zentratzen, eta horri eutsita, herritarren desio zuzena jakin, eta hari erantzuna ematen.
Batasuna legez kanpo dela
zaudete gobernuan. Datozen hauteskundeetan ez dakigu zer egoera izango den. Hernani bezalako udaletxe bat hartzen duenari gobernatzeko legitimitaterik ematen al dio egoera horrek?
Lehen ere esan izan dut, Udaletxe honek ordezkatzen duenak ematen dion legitimitatea duela. Hemen saiatu gara gauza garrantzitsuenak ahal denik eta ordezkaritza zabalenarekin antolatzen eta saiatu gara asmatzen gure eginkizunetan. Nik lehen ere esan dut legez kanporatutako gizarte sail horrek ordezkaritza beharko lukeela Udaletxean eta hala sentitzen dut. Nik uste dut demokrazia politika egiteko bitarteko bat dela, eta helburua herrigintza dela; eta bitartekoa denez, demokraziak bere baitan hartu behar ditu iritzi, iritzi talde eta alderdi politiko guztiak; azken batean herriak esandako proportzioen arabera instituzioen erabakietan parte hartu ahal izateko. Horregatik uste dut ezker muturreko taldeak, ezker abertzalekoak... barruan beharko luketela, besteak bezala.
PSE-EEk ere hautagai berria aurkeztu du. Erreleboaren garaia al dator?
Belaunaldi berri bat dator akaso eta hori ondo etorriko zaio Udaletxeari. Hor generazio bat bagaude orain 20 urtetik gora udaletxean sartu ginena eta nire irudipenerako komeni da ideia berriekin jendea sartzea. Gure aportazioak beharko luke hauei laguntzea, baina liderazgo berriak behar ditugu.
Eta hemendik aurrera, politikan jarraitzeko asmorik?
Bai, bai, nik politika jardueran jarraituko dut. Tokatzen zaidan tokian jarraituko dut, non oraindik ez daukat argi. Nire alderdiak eman diezadakeen destinoaren zain nago.
Hiru legegintzalditan izan zara Alkate.
Gobernu kideok hiru legegintzalditan harreman ona izan dugu, elkarlana ondo eraman dugu, zenbait momentu kritiko izan arren. Azken batean momentu kritiko horietatik jarrera baikorra atera dugu. Hiru legegintzaldi hauek desberdinak izan dira, batez ere politika orokorrak eraginda. Hernaniko udal politikari ikaragarri eragin izan dio politika orokorrak. Hernanik badu herri enblematiko izatea, esanahigarria, akaso desproportzionatua ere badena. Ni saiatuko naiz hurrena datorrenari azaltzen, den alderdikoa dela ere, Udal gestioan zentra dadila, herriko beharrak betetzen, bertako bizikidetza hobetzen... ezin aldeginda ibiliko da politika orokorraren atzaparretatik, baina saiatu dadila bertako lana egiten.
Azpiegitura mailan?
Gaurko Hernani erabat ezberdina da 1991ekoarekin alderatuta, hobeto ikusten dut. Hirigintzak garapen izugarria izan du, eta uste dut ondo egindako lana izan dela. Hau ere ez da nire medaila bakarrik, hirigintza lan hori urte askotan landu da eta bakoitzak du bere partea. Aurreko bi legealdietatik batez ere, bi proiektu azpimarratuko nituzke: ibaiaren kanalizazioa bata, Portu auzoan eta Karabel inguruan; eta eztabaida franko sortu zuen hego saihesbidea, izugarri ona izan da Hernani hiri bezala definitzeko, eta horrek ahalbidetu izan du Zinkoenea berrantolatzea adibidez. Legealdi honetan asko dira azpimarratu litezkeenak: Arau subsidiario proiektua, haurtzaindegia, Mendi Mendiyaneko ur parkea, AMRko hitzarmena, Zahar Etxea berritu eta haunditzeko egitasmoa, SagardoGunea, Chillida Lekurekin batean programak bultzatzea eta abar.
Leporatu izan zaio Gobernu taldeari, herria itxuragabe handitu nahia.
Ez da gehiegi haunditu nahi izan, eta asko babestutako etxeak dira. Eibarren esaterako Arau Subsidiario berrietan %20 da babestutako etxea, Lezon ere antzera, eta hemen %50era goaz. Eta azkenean zenbat dira urbanizazio haundi berriak? Portu-Karabelgoa da bata; bestea AMRkoa, biztanleekin zegoen arazoa konpondu eta enpresa bertan gelditzea ahalbidetu duena, eta gainera, etxe berrien %60 babestua izango da; Karabel bera eta Txantxillakoa aurreko legealditik aurreikusia dator, baita Galarreta ere...
Igerileku irekiena buru belarri borrokatu duzu. Gustora emaitzarekin?
Bai gustora. Esan ziguten igerileku itxiak beharrak bazituela, baina guk esan genuen proiektu hori ere aurrera eramango genuela eta ari gara. Baina, igerileku irekietan igeriketa egiterik ez da izaten, jendetza izugarria izaten baita. Ur parkeak penintsulako zoko guztietan daude eta iparraldera jota zer esanik ez. Horrek herri bat erakargarri bihurtzen du, eta jendea erakarri behar dugu, Txotx denboraldian erakarri litekeen bezala. Kanpotik datorren jendetik bizi direnak ere badaude eta hori ere bultzatzen du honek. Azpiegitura horrek bertakoei mesede egin die, publiko gazte, guraso, jubilatu eta abarri, eta kanpoko jendearentzat ere erakargarria da aldi berean. Garestia dela ere esan digute, baina gastua Zubipek izan zuenaren antzekoa da eta orduan denak alde egin genuen. Herri askotatik etorri zaizkigu ikustera, antzekoa jarri nahi dutela eta.
SagardoGunea noizko?
Aurrera dijoa, asko lortu da, nahiz eta oraindik epe jakinik izan ez. Jose Luis Loinazek proiektua egin eta gu gehiegi mugitu gabe sagardogileen elkartea etorri zitzaigun interesa zuela esanaz. Proiektuaren gerentzi bat sortu dugu eta proiektua osatu; Rafa Zulaikak lan izugarria egin du hor. Astigarragan ere antzeko proiektu bat sortzen ari direla eta, proiektu osagarriak izateko proposamena izan da gurea. Bide horretatik, Diputazioa definitu egin da: bere gomendikoa izango da sagardoaren interpretazio zentroa Hernanin jartzea. Nik legealdi honetan utzi nahi nuke gutxi gorabehera lotuta proiektu erraldoi horren finantziazioa.
Erraustegiaren gaiari dagokionez, Landarbason egitearen aurka azaldu zara, baina egitearen alde.
Guk argi daukagu hori. Landarbaso eremu natural bat delako aritu gara bertan egitearen aurka. Baina Hernani zaborrak biltzen ari bada, erraustegi bat egingo delako da nire ustez. Bestela ez genuke etorkizunean non jarririk izango. Plan guztiaren alde gaudenez, uste dugu irtenbide bat behar duela honek, eta irtenbidea erraustegia bada, horrekin dantzatu beharko dugu. Ez zaigu iruditu inork mahai gainean beste irtenbiderik jarri duenik.
Chillida Lekun ‘Inguru saria’ eman diote Udalari. Hernaniren garapen turistikorako garrantzia berezia al du?
Bai garrantzitsua da Chillida Leku Hernanirentzat, horrelako museo bat herrian izatea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina Hernani Chillida Lekurentzat ere garrantzitsua da. Inguru saria jaso genuenean, Diputadu nagusiak anegdota bat kontatu zuen: askotan gertatzen omen da, kanpoko turistak Avenidan gelditu eta Chillida Lekuren galdera egitea, jendeak uste baitu Donostian dagoela. Hortik esan zuen, museo batek arrakasta izan dezan, lehenengo non dagoen ondo kokatu behar duela, eta Chillida Leku Hernanin dagoela esan behar da.
Urte guzti hauetan zerekin gelditzen zara?
Politikarako ezagupidea lortzeko Udaletxea da unibertsitatea eta horrekin gelditzen naiz. Aitonduta kalean `nik hau egin nin` esanaz ibiltzea ez litzaidake gustatuko. Nire bizitzaren ibilbide guztian, bizi erdia udaletxean egin dut, eta horrek berebiziko esperientzia eman dit.