Erreportajeak

«Punka ez da rock estilo bat edo estetika berezi bat bakarrik»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 5a, 01:00

Sarreran Andaluzian jaiotako hernaniarra zarela esan dugu... Ados zaude definizioarekin?
Ez gehiegi. Beraz, Hernanin kokatutako andaluz euskaldun bat bezela ikusiko nuke neure burua; hernaniarra bihurtzeko askoz gehiago eman izan beharko nuke.

1992an iritsi zinen Euskal Herrira karrera bukatzera. Zer nolako giroa aurkitu zenuen unibertsitatean, kalean, gazte jendearen artean...
Oso giro bizia, aldakorra, iraultzailea, aldarrikatzailea… Noski, pertsona batzuen artean pasotismoa eta desbinkulazioa ere bai, baina azken hauek, ohituta nengoenarekin konparatuz, oso kopuru txikian. Gizarte bizia azken finean.

Liburuko sarreran aipatzen duzunez `itxura arraroko` gazteen kopuruak harritu zintuen. Azaldu iezaguzu lehen kontaktu hori.
EHUko Zorroagako kanpusera iritsi nintzenean (bai eta Hernaniko eta beste herrietako kaleetan) `itxura arraroko` ikasle kopurua izugarria iruditu zitzaidan; Granáko Unibertsitatean eta Andaluzíako kaleetan itxura arraroko gazteok orduan, 90ko hamarkadako hasieran, lau katu ziren bitartean.

Gazte horien kopuruak eta izaerak lehen momentuan sortutako harriduratik liburu honetan egiten duzun analisi antropologikoa egin artean denbora asko pasa da. Zein momentutan erabaki zenuen euskal punkaren fenomenoa sakonean aztertzea?
1994 urtean, tesia egitera ausartu nintzenean. Gai bat aukeratu behar izan nuen.

Ezin esan tesi baterako oso ohiko gaia denik. Arriskatu egin zinela esan liteke...
Bai, pixkat, nolabait esateko… Gaia aukeratzerakoan, konturatu nintzen ohiko `euskal baserriko gizarte estruktura` eta antzeko gaiak ongi aztertzeko ez nintzela gai izango. Garai hartan adibidez, ez nekien euskeraz, ni papa. Horregatik niretzako oso ezezaguna ez zen gai bat (punk mugimendua, nahiz eta ohiko gaia ez izan) hartzera arriskatu nintzen. Antropologiako irakasleek oso gai egokia iruditzen zitzaiela esan zidaten eta `lanean` hasi nintzen euskal punkiekin.

Tesia argitaratu ondoren, lan mardul hartan oinarrituta kaleratu berri duzu Negación Punk en Euskal Herria liburua. Zein da bata eta bestearen arteko aldea?
Orokorrean esan daiteke ideia nagusia mantendu egin dela liburuan. Tesiak 500 orrialdeko testua badu, Txalapartako liburuan 400era jeitsi da. Paperean argitaratu ez direnen artean lan teorikoa, metodologiaren apunte asko, testuinguruko zenbait ohar eta atxikitako testuak daude. Baita ere –eta pena handia izan da– koloretako irudi piloa, paperezko edizioa garestiegi egingo zuelako. Interes gehiago dutenei esango nieke tesiko testu osoa EHUko Argitalpen Zerbitzuak CD formatuan argitaratu zuela 2005ean.

Kontzertuetan eta antzeko ekitaldietan antropologo moduan aritu zara liburua idazteko. Pentsatzekoa da beste edozein ikergaitan baino gusturago egingo zenuela Tesi honetako landa-lana ezta?
Lekuko lanean oso gustora ibili naiz gehienetan, baina noizbehinka euskal gizartean aurkitzen diren gatazkak eta abar ere jasan izan ditut.

`Hernaniko herri menperaezinari` eskaini diozu lana. Asterix eta Obelix hemen inguruan dabiltzala pentsatu dezake norbaitek... Ez dakit galoak egon diren Hernanin, baina egia da behintzat Hernaniko armarrian-edo ´Noble, leal y dos veces invicta villa de Hernani´ aipatzen dela, ezta? Nolabaiteko omenaldia egin nahi izan diot herri honetako jendeari, beren borroketan sinesteagatik eta horrela utopia egiteagatik, ezina ekinez egiteagatik.

Liburuan defendatzen duzunez, punk mugimenduak Euskal Herrian izan duen arrakastaren atzean euskal kulturak historian zehar izan duen ukazioarekiko, ezarekiko joera dago. Azalduko zenuke hori? Luzeegia egingo litzaidake ongi azaltzea, baina sintetikoki esanez gero: euskal kulturan eta gizartean eman izan diren eta ematen diren fenomeno batzuk, mitologia alorrekoak, hizkuntzakoak, politikazkoak... mendebaldeko punk planetarioa euskal gizartean euskalpunk bihurtu izanaren oinarrian daude (mitologiaren arloan –Mari ezatik elikatzen da–, artisten produkzio arloan, euskeran bertan, bai eta musika etnikoan, gizarte eta politika arloko erradikalismoan, zenbait gatazketan, besteak beste).

Xabier Leteren `Izarren hautsa` entzuten ari nintzen etxean. Gero Eskorbutoren `Todos contra todos` jarri dut. Non dago bata eta bestearen arteko lotura?
Izarren hautsa kantan `ezaren gudaz baietza sortuz, ukazioa legetzat hartuz, beti aurrera joatea` abesten da bertso batean, eta `no hay amigos ni enemigos, todos contra todos` abesten dute edo zuten Eskorbutokoek gizarte estrukturaren itxurakeria salatzeko, ukatzeko. Izarren hautsan egoera txarren aurrean borrokatuz irtenbidea bilatzen duen bizi-jarreraren oinarriak daude. Gero bere baitan eta beraien testuinguru sozialean Eskorbutokoak saiatu ziren borroka beraien gakoen arabera interpretatzen. Beste lotura batzuk ere aurkitu ditzakegu, liburuan daude.

Punk musikak ukazioaren ildo horretatik guztia suntsitu zuen hasieran. Gero, zuk diozunez, eraikuntzari ekin zion, jarrera positiboarekin. Zer eraiki zuen gurean?
Euskal kultura alternatiboaren gako nagusietako bat da, kultura alternatibo hori eraikitzerakoan instituzio ofizialeetatik kanpo edo haiekiko tentsioan sortu dela.

Gaur egun punka hilda al dago?
Berez, esaerak dio: `Punk´s not dead`. Nik esango nuke punk mugimenduko lehengo arrakasta edo maila haundiko moda hilda dagoela, baina euskalpunk fenomenoak berak bizirik dirau zaleon artean, jatorrizko arazo gehienak ere bizirik daudelako.

Non jarraitzen du bizirik?
Euskal gazte askoren –eta hain gazte ez direnen– izpirituan, mamuak bezala, baita euskal kulturan, orokorrean ere. Hau da liburuan aztertzen dena gehien bat.

Telebista piztu dut eta Green Dayren bideoklip bat jarri dute. Aurkezleak punk taldea dela esan du. Telebista leihotik behera behar dut, kexa bat idatzi edo neurri batean arrazoia duela esan daiteke?
´Revivals´ garai honetan lehengo punk modari ere tokatzen zaio birsortzea, baina barruko berezkotik ikusirik punki de postal edo eskaparatekoa izango da ziurrenik; punka ez da rock estilo bat edo estetika berezi bat bakarrik, bizimodua eta gizartean aritzeko estilo bat baizik.

Galdera bihurri bat. Ez al da kontraesana punkiak klasifikatu nahia?
Lan zientifiko batetik ez da batere kontraesankorra. Punk izpiritu batetik izan liteke, baina nire asmoetan klasifikatzeko nahia ez sartzen saiatu naiz, punk mugimenduaren azterketa baizik.

Punkaren gaia alde batera utzita, zure jatorriko herrialdeaz ere hitz egin nahi genuke. Azken hogei urteetan indarra hartzen ari da andaluzieraz idazteko joera eta zu zeu horren bultzazaile izan zara. Nola sortu zen mugimendu hori?
Egia esan, aspaldi sortu zen andalú modernoz idazteko beharra, XVIII mendetik gehien bat, baina orain dela gutxi arte bakarkako borrokak izan dira. Azkeneko bi hamarkadetan gaia sakondu dugu eta poliki-poliki hasi gara pixkat gure artean elkar ezagutzen eta baita koordinatzen ere. 2002garren urtean Miha herrian lehendabiziko topaketa antolatu genuen eta 40 lagun andalofilo elkartu ginen; geroztik 2 urtero elkartzen gara eta aurrera dijoa mobida, laguntza ofizial haundirik gabe.

Andaluzieraz idazteko arauak sortzen ari zarete. Zertan da prozesu hori?
Proposamen serio pare bat –edo hiru– badauzkagu eztabaidatzeko, baina hizkuntza idatzia zabaltzeko estrategia desberdinak dauzkagu gure artean. Beno, poliki-poliki, baino munduko seriotasun osoarekin –gehienon aldetikan behintzat–.

Zenbat jende ari da lan horretan?
Berez, lau katu gara. Orain sortu berria dugu elkarte bat ofizialtasuna zabaltzeko eta normalizazioa bultzatzeko, Zoziedá pal Ehtudio´el Andalú (Z.E.A.) deitzen dena. Elkarte honen bidez andalofiloon koordinaketa eta elkar ezagutza sakondu nahi dugu, mubimiento en defenza´el andalú indartzeko.

Zer nolako emaitzak eman ditu orain artean lan horrek?
Emaitza nagusia orain arte ZEA elkartea bera da, baita Hunta d´ehkritoreh en andalú-aren hiru edizioak –eta bakoitzaren akten liburuak– eta hohná´el andalú –hizkuntzaren eguna– ere. Mugimendua heltzen ari da, baina gure arteko lana eta akordioak mantso eta zailak izaten dira; horrela izaten dira halako prozesuak, ezta?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!