Erreportajeak

Xanti Gorrotxategi: «Urtean sei hilabete nire planeta zurian igarotzen ditut»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 3a, 01:00

Eskia, eta beraz, elurra, zure bizitzako zati garrantzitsua da. Nola daramazu aurtengo negua?
Elur eskasiak kalterik egin al dizu? Ez, ez. Nahikoa elur badago. Egia da beste urteetan baino elur gutxiago egin duela, baina eskiatu ahal izateko adina elur egin du. Duela bi asteburu Iratin izan nintzen fondoko eskia irakasten, eta ez nuen inolako arazorik izan.

Fondoko eskia aipatu duzu, baina badaude eskiatzeko beste estilo batzuk ere, ezta?
Fondoko eskia da denetan zaharrena. Duela 4.000 urte inguru sortu zen. Distantzia luzeak egiteko erabiltzen da, leku lauetan batez ere. Jendea gehien erakartzen duen ezaugarria da orpoa ez dela eskiari lotua eramaten. Nire ustez, fondoko eskia da, igeriketarekin batera, kirolik konpletoena, eta beraz, baita neketsuena ere! Horiexek dira gorputz osoko gihar guztiak mugiarazten dituzten kirolak. Trabesiako eskia berriz, bidaia gisa hartzen dut. Kasu honetan, eskiek bi joko izaten dituzte: leku lauetan ibili behar denerako orpoa aske eramateko aukera eskaintzen dute, eta aldapak jaitsi eta abiadura hartzeko berriz, orpoa eskiari lotzen zaio. Fondoko eskia eta alpinokoa lotzen dituen estiloa dela esan genezake, nahiz eta teknika desberdinak erabiltzen diren. Azkenik, alpinoko eskia dago. Estilo hau da denetan ezagunena eta berriena, duela 70 bat urte sortu baitzen. Eski mota honen helburua aldapak jaitsi eta abiadura lortzea da. Horretarako, pistak egokitu eta erremonteak... sortu ditugu. Nik estazioetako erremonteak erabiltzen ditut, baina batez ere, pistetatik kanpo eskiatzeko. Ez zaizkit estazio jendetsuak gustatzen, eta nahiago izaten dut pistetatik kanpo lasaitasuna bilatu. Azken finean, mendia eta honek eskaintzen dizkidan lasaitasun eta bakardadea atsegin ditut, eta alpinoko eskia naturarekin harreman gutxien duen estiloa da.

Pistetatik kanpo ibiltzen zarela aipatu duzu, baina, hori ez al da arriskutsuegia izaten?
Eskiatzen dakiten askok pistetatik kanpo ez ibiltzea gomendatzen dute... Bai badakit. Baina gauza guztietan bezala neurria hartzen ikasi behar da. Eta ikasteko modurik onena praktikatzea da. Kontuz ibili behar da, eta gutxi gora-behera, ondo eskiatzen jakin behar da. Argi dago eskiaren mundua ondo ezagutzen duzula. Nola ikasi zenuen estilo guztietan moldatzen, eta nola hasi zinen eskiatzen irakasten? Mutil koskorra nintzela, lagun batzuekin batera eskiak erosi eta Aralarrera joaten nintzen. Hantxe ikasi nuen eskiatzen, nire kontura. Hori bai, gerora, irakasle gisa formatzeko ikastaroak egin ditut. Egia esan, oraindik ere ikasten dihardut, ikastaroak ematen ari naizela nire teknika eta posturak indartzen baititut. Hasiera batean, fondoko eskia soilik irakasten nuen Aralarren eta Belaguan. Baina pixkanaka, gero eta lan gehiago sortu zitzaidan, batez ere, alpinoko eskia horren modan jarri zenean. Orduan, mendizaleak ere eskiaren mundura erakartzea pentsatu nuen, eta horrela, trabesiako eskia ere irakasten hasi nintzen. Izan ere, liluragarria da goizeko 2:00ak aldera aterpetxetik irten, izarrez beteriko zerupean mendi gailurrera igo, eta egunsentiak mendia nola agertzen dizun ikustea. Hala ere, jende askok ez daki mendiak eta eskiak ematen dizkigun plazer horietaz gozatzen; mentalitate kontua da.

Hasi zinenetik hona lana areagotu zaizu bai, baina hala ere, nahikoa al da neguan bakarrik lan egitea?
Ez naiz neguan soilik aritzen. Abendutik ekainera bitartean eskiatzen aritzen naiz. Horregatik diot urteko 6 hilabete nire planeta zurian igarotzen ditudala. Noski, ekainean eskiatu ahal izateko Alpeetara eta Pirinioetara jotzen dut. Udan berriz, mendi gidari gisa aritzen naiz, eta eskalada ikastaroak... ere eskaintzen ditut.

Mendizale porrokatua zarela esan dezakegu orduan...
Ba bai. Mendiak eskaintzen dizkidan parajeak, lasaitasuna, bakardadea... gustatzen zaizkit. Jendeak hori guztiaz gozatzen ikas dezan gustatuko litzaidake. Eta adin guztietako jendea animatu nahiko nuke, eskia kirol osasuntsua eta benetan gozagarria baita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!