Gorka Bereziartua
Kanbodian
egindako argazkiak jarri dituzu ikusgai Donostiako Fnac-en. Aspaldi
honetan hedabideetan ez da hango berririk azaltzen. Nola aurkitu duzu
zuk?
Lehenengo aldiz Kanbodia ezagutu nuenean, 2003. urteko urrian,
benetan nora nindoan ere ez nekiela aitortu behar dut. Han ikusitako
egoera sozialak sakonki hunkitu ninduen; ez nion horrelako pobrezia
maila Asiako inongo herrialdeari atxikitzen. Hala ere, Kanbodia eta
bera bezalako herrialdeei buruz gauza gutxi esaten da komunikabideetan.
Pobrezia gauza ´normalizatuta` bezala ikusten da bai bertako biztanleen
aldetik, baita kanpotik begiratzen dugunon ikuspuntutik ere, gauza
naturala bailitzan. Puntu hau bertan denbora luzean egotearen
arrazoietariko bat izan zen egia esan. Nolabait munduak ahaztutako
pertsonei hitza ematearen nahia bat ezkutatzen zen proiektuaren atzean.
Fnac-ek argazkilari berrientzako ematen duen saria eskuratu duzu
Rue 24 Phnom Penh erakusketan dauden argazkiei esker. Horrelako
errekonozimenduek ate asko irekitzen dituzte?
Hori norberak egiten duen lanaren baitan dago. Esan nahi dut saria
irabaztearekin ezer gutxi egina dagoela. Egia da saria zure lanaren
aurkezpen txartel egokia izan daitekeela, baina sari horri etekinak
ateratzen jakin behar izaten da. Hori da argazkilariok dugun ´handicap`
handiena, eta nik okerren daramatena, lana saltzearena, alegia. Guk
argazkiak egin nahi ditugu eta ez atez-ate joka ibili. Zoritxarrez ez
dago argazkiak egiterik saltzailearen lanak egin gabe. Horrelako
proiektuak ekoiztea garestia izaten da, eta lehen hitz egiten
genuenarekin lotua, agenda mediatikoetan azaltzen ez den gaia landuz
gero zaila izaten da saltzea, horrek dakarren arriskuarekin. Nik
gobernuz kanpoko erakunde baten eskutik joateko aukera izan nuen,
ekoizpen gastuak beraiek ordainduz. Horrek gero lana saldu behar ez
izatearen presioa eta ardura ez izatea, eta libreki lan egiteko aukera
eskaini zizkidan. Agian momentu egokia izan daiteke erakusketa dela eta
proiekturen bat idatzi eta Euskal Herriko erakunde desberdinetan
aurkezteko.
Bereziki hango umeen egoera nabarmendu duzu. Zer dela eta?
Kalean bizi diren umeak pobreen artean pobreenak dira, maila
sozialean gutxienekoa. Ume izateko aukera guztiak azalpenik eman gabe
kendu zaizkie, eta Phnom Penh deritzon eszenategi horretan jarri
dituzte bizitzen, zer egin behar duten ondo jakin gabe. Gainera
errealitateari aurre egiteko asmatutako mekanismoak zeintzuk ziren
ezagutzen jakin-min handia nuen. Errealitate hori gertutik bizi nahi
izan dut.
Milaka haur kalean bizitzen, beste inoren laguntzarik gabe. Zer harreman sortzen dira beraien artean?
Umeen arteko erlazioak zintzoak eta sakonak direla esango nuke.
Normalean talde txikitan antolatzen dira eta toki finkotan egoten dira,
bai lotarako, egunean zehar elkarrekin egoteko, eta abar. Taldea
´familia` bilakatzen da eta duten guztia —janaria, dirua...— ia beti
elkarbanatzen dute. Hala ere, taldekide batek taldea utzi eta bere
herrixkara itzultzeko erabakia hartzen zuenean ez zen besteengan
inolako tristurarik somatzen. Ume haiek ez zuten posesioaren kontzeptua
ezagutzen, ez gauza materialekiko, ezta pertsonekiko ere.
GKE-ek lan haundia egiten dute Kanbodiako umeekin. Horrelako erakundeei esker iritsiko da egoeraren irtenbidea?
Inolaz ere ez. GKE-ek gauzak samurtu ditzakete, baina hori besterik
ez. Irtenbidea jarrera eta pentsaera aldaketa sakon baten eskutik
bakarrik heldu daiteke, eta momentu honetan mundua aurkako norabidean
ari da.
Zuri beltzezko argazkiak dira. Ez dakit irudiek koloretan izango luketen gordintasuna baretzeko intentzioz egin duzun edo aukera estetikoa izan den. Horrelako erabaki bat hartzeko garaian estetikak erabateko garrantzia duen arren, kontatu nahi duzun istorioarekin erlazionatuagoa dago. Beste era batera esanda, estetikak eraikitako argumentua indartu hala ahuldu dezake; ez da debaldekoa. Gainera, bertako argia txuri beltzerako egokiagoa dela iruditzen zait, koloretan egindako lan zoragarriak ikusi ditudan arren. Azken finean aukera bat egin beharra dago eta hartutako erabakiarekin aurrera egin.
Ikusgai dauden lanen artean bat bereziki deigarria egin zait: ume bat eskua luzatzen auto bateko kristalaren barrualdetik, kanpotik luzatutako eskua heldu nahian eta irribarrez. Asko kostatzen da Kanbodiako haur bat irribarrez dagoela erretratatzea? Ez pentsa. Zerbait ikusteko eta ikasteko aukera izan badut bizitzak aurrera egiteko duen bere-berezko ahalmena suntsiezina dela da, egoera dena delakoa izanik. Azken finean umeak, umeak dira. Egun osoa jolasean pasatzen zuten, lotan ez zirenean. Agian ez zen alderdi hau nik azpimarratu nahi nuena, baina ez dut uste nire argazkiak bereziki gordinak eta morboan erortzen diren horitakoak direnik ere. Are gehiago, nik uste argazki askotan ikuslearekiko begi-keinu sinpatiko hori aurkitu daitekeela.
Argazkien atzean dagoen historia ere ondo ezagutu duzu. Hango bizitzan asko murgildu beharko zenuen horretarako ezta?
Hori zen hain zuzen nik hasieran nere buruari jarritako helburu
nagusienetariko bat. Argazkia egiten nion guztiaren atzean zer
ezkutatzen zen edo, hobeto esanda, nik ikusten nuen hura zerk
ahalbidetzen zuen ulertu nahi nuen. Harremanetan sakontzearen orduan
hizkuntza eragozpen haundia zen, beraz, itzultzaile bat kontratatzen
bukatu nuen. kamara aurrean nituen pertsonen istorioak jakin nahi
nituen.
Eta behin itzulita, nola kanalizatzen da han sentitutako guztia?
Galdera hori ez dago erantzuterik. Inguratzen zaituen
errealitatearen zamak pisu haundia du, eta ezarrita eta denok onartuta
dauzkagun parametroetatik ateratzea oso zaila da. Askotan ikusitakoa ez
ahazteko ahalegina egin behar izaten dut. Hori bizitzarekiko jarrera
orokorrari dagokionez. Beste gauza bat sentimendu pertsonalak dira,
argazkien bitartez batzutan berriro gainera datozkidanak. Ikusleak
argazki batean ikusten duen jarraipenik gabeko istant horren aldean nik
bizi jarioa ikusten dut, pertsona errealak, benetan existitzen direnak.
Hori da benetan aberasgarria argazkilariarentzat.
Lehenago Asiaren hego-ekialdean egona zinen eta besteak beste
Chao-ong Vietnam lana egin zenuen. Zerk egiten ditu zure lanerako hain
berezi herrialde horiek?
Asiara joatearen erabakia ez zen oso meditatua izan. Nik
mundua ezagutu nahi nuen eta Asiako hego-ekialdetik hastea munduko
beste edozein tokitik hastea bezain egokia iruditu zitzaidan.
Argazki erakusketa ugari egin dituzu zure ibilbidean, baina oker
ez banago lehendabiziko aldia da etxetik hain gertu egiten duzula.
Etxean jokatzeak bere abantailak ditu baina ardurak ere haundiagoak
dira ezta?
Ez pentsa. Exijentzia maila norberak bere buruarekin ezartzen du,
beraz, zentzu horretan, igual dio non egiten den erakusketa. Egia da
ere lehen aldia dela Euskal Herrian erakusketa bat egiten dudala, eta
noski, zentzu horretan oso pozik nago. Gainera, irabazitako sariak
erakusketa baliabide ugariekin montatzeko aukera eman dit:
erakustaretoa, komunikabideetan difusioa, argazki kopien kalitatea,
muntaia fisikoa... Aitortu behar dut Fnac-etik jasotako tratua
zoragarria izaten ari dela. Horrek ez du esan nahi kontsumismoa
bultzatzen duen enpresa batek kontsumismoa bera kritikatu nahi duen
lana saritzearen paradoxa eta, modu batean hipokresia, ez ikustea.
Mundua kontraesanez betea dago eta oso zaila da bertatik eskuak zikindu
gabe libre ateratzea.
Ez da zure argazkietan gai sozialak lantzen dituzun lehen aldia. Artean konpromiso soziala beharrezkoa dela uste duzu?
Aurkezten dudan lana artea den ala ez den eztabaidatu daiteken
zerbait da. Dena den, arteak artistak berak bere buruarekin hartzen
duen konpromisoari bakarrik erantzun behar diola uste dut. Konpromiso
hori gai sozialen zerbitzura jartzen denean arte horrek izan dezakeen
haunditasuna haruntzago dijoala ere uste dut.
Kazetaritzan ere dezente aritutakoa zara argazkilari. Eguneroko martxa nahiago edo denbora gehiago eskatzen duten lanak?
Aukeran nahiago bigarrena, nahiz eta oraintxe eguneroko prentsatik
bizi. Esango nuke lehenengoan produktua komunikabidera moldatzen
duzula, eta bigarrenean alderantziz, hedapen kanalak direla produktura
moldatzen direnak. Dena den, beti dago norberaren ikutu hori emateko
esparrua edozein motatako lanetan.
Zein dira zure hurrengo proiektuak?
Oraintxe Piriniotan bizi naiz Lleidako egunkari baterako
korrespontsal lanak egiten. Bertan egoteaz aspertzen naizenean
seguruenik epe luzeko beste proiekturen bati ekingo diot, baina
oraindik ez dut ezer zehatzik buruan. Erakunde baten aldetik eskaintza
interesgarriren bat helduko balitzait seguruena dena utziko nuke
berriro lan mota horri ekiteko. Istorio interesgarriak edonon aurkitzen
dira.
aaa