Erreportajeak

Ibon Amatriain Iraola: «Olatu haundi bat hartzean duzunean, zailtasun horrek ematen duen satisfazioa izugarria da»

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 17a, 01:00

Noiz hasi zinen surfean eta nolatan?
Sei bat urterekin hasi nintzen, Zarautzen. Baina orduan trajerik-eta ez zen izaten eta udan bakarrik egiten genuen surfa. Anaia ibiltzen zen, horregatik hasi nintzen. Gero berak utzi egin zuen eta nik segi. Ordutik beti ibili naiz surfean. 11 urterekin trajea erosi eta geroztik urte osoan ibili izan naiz.

Gaur egun zer da surfa zure bizitzan?
Gauzarik garrantzitsuenetako bat da. Nire bizitza surfaren inguruan antolatzeko modua izan dut, lana ere mundu honetan egiten dudalako. Saiatu izan naiz nire bizitza antolatzen beti surf egiteko aukera izateko moduan. Hori da nire afizio haundia.

Zenbat tabla dituzu gaur egun? Aurreneko hura?
Zortzi bat tabla dauzkat orain, baina aurreneko hura ez. Anaiarena zen, oso zaharra. Orain diru asko ordainduko nuke tabla hura berreskuratzeagatik.

Zein surf mota egiten duzu?
Denetik egiten dut: Zarauzko hondartzan egin litekeen olatu txikiko surf normaletik -forman mantentzeko normalean egiten dugun surfa hori da- olatu haundiko surferaino, Zumaian, Getarian... eta motoz lagundutako surfa ere egiten dugu, alegia, tablan goazela soka batekin uretako moto bati lotuta hartzen dugu abiadura, olatua harrapatu arte. Horrek lehen hartu ezin ziren olatuak hartzeko aukera ematen digu, olatu oso haundiak. Eskuekin arraunean eginda hartzen den abiadurarekin, oso zaila da olatu izugarri horiek hartzea, nahikoa abiadura ez baita lortzen. Gainera, leku txarretan ibili behar izaten da askotan olatu hauek hartzen eta laguna motoan izateak arriskuetatik azkarrago ateratzeko aukera ematen du.

Telebistan azaldu zen zuen motoa arroketan.
Bai, ni motoa gidatzen ari nintzen eta lagunari laguntzera joan nintzenean arazo bat izan genuen, motoak ez baitzuen arrankatzen. Olatu haundi bat etorri zitzaigun eta arroketara bultza zuen motoa.

Olatu haundietan ibiltzeak asko izango du arriskutik eta adrenalinatik...
Bai, bai. Arriskua badu eta ondo ateratzen denean satisfazioa haundia da. Askotan olatu haundiekin ez zaizkizu gauzak ondo ateratzen: ezin dituzu ondo hartu edo ezin zara dauden tokira iritsi... lortzen duzunean, zailtasun horrek ematen duen satisfazioa izugarria da.

Arriskua non dago?
Bat da, horrelako olatu haundi batek harrapatzea: urpean denbora asko egin behar duzu zurrunbilo artean eta orientazioa galduta; ez dizu ur azalera ateratzen uzten. Arnasa hartzeko beharra izaten da, agoadila luze batean atera ezinda egotea bezala. Eta beste arriskua da, normalean horrelako olatuak ez direla hondartza lekuetan azaltzen, labar eta amildegi inguruetan izaten dira; bide luzean eraman zaitzakete arrastan eta leku arriskutsuan utzi.

Surfean ibiltzeko fisikoki nahiz mentalki egon beharko da prestatua...
Bai dudarik gabe. Ezin zara hiru hilabete uretan sartu gabe egon eta gero olatu haundietara joan. Forman egon behar duzu. Eta buruak ere landuta egon behar du, olatu haundietan ezin zaitu beldurrak gainditu, bestela gaizki pasako duzu. Arrisku egoeretarako prestatzea da kontua eta horretarako olatu horietan ahalik eta gehien ibiltzea da onena. Hala ere, erabat lasai ez zara inoiz egoten, ez baitizu inork ziurtatzen ez duzula arazorik izango. Arriskua beti dago hor.

Olatu-aldia datorrela nola jakiten duzue?
Gaur egun interneten informazio asko dago, orri espezializatu asko. 5-6 egun lehenago jakin liteke itsaski ona datorrela. Urruti, ekaitz gogorrak daudenean sortzen dira itsaskiak, gure itsasertzera haize indartsua bidatzen dutelako. Baina, olatu onak izateko baldintza askok suertatu behar dute: haize indartsua urruti, baina, hemen ez hain indartsua, izatea olatuak ordenatuta etortzeko; mareak ere eragina dute; egunez izatea;... orain gutxi azken 10 urteko olaturik haundienak izan ditugu, baina gauez. Guk jakiten dugu badatozela, zain egoten gara. Eta orain izaten dira olatu haundiak, Aste Santuak ingurura arte. Udaran itsasoa lasaiago egoten da.

Zer moduzko negua dijoa?
Oraingo negua, izan dugun onenetakoa da. Ez dira, agian, izugarrizko olatuak izan, baina konstantzia haundia izan da. Negu batzuetan ia ezin izaten dugu atera eta aurten aukera asko izan ditugu.

Horrelako olatu baten gainean zer pentsatzen da? Egia esan gutxi pentsatzen da, gauzak ondo egiten saiatzen zara, akatsik ez egiten. Gero argazkiak ikustean pentsatzen duzu.

Towing-a eta padela, olatuak motoaren laguntzaz edo arraunean hartzea. Bietatik egiten duzu, baina zer da gehien gustatzen zaizun modalidadea?
Niri biak gustatzen zaizkit. Arraunean egitekoa da betikoa, eta olatu haundiak hartzeak meritu haundiagoa du. Motoak asko errazten du eta hainbesteko meritorik ez du, baina, mugak hautsi egin ditu horrek, eta lehen pentsa ez zitekeen tokietan surfeatzen dugu orain, eta lehen pentsatu ere ezin zen olatuak hartu.

Surfetik bizi liteke?
Gutxi dira, baina badira surfetik bizi direnak. Zarautzen zenbait gazte badira profesionalak direnak eta azken adibidea Aritz Aranbururena da, mundu mailako proba garrantzitsu bat Brasilen irabazi berri baitu. Erakutsi du hemengo jendeak mundu mailan inoren inbidiarik ez duela. Garai batean ez genuen hainbesteko mailarik ematen, baina gaur egun onenen artean gaude.

Billabong XXL txapelketan, munduko 5 olatu haundienetan sartu duzue Hondartza Grisekoa. Zer garrantzia du horrek?
Guretzat izugarria. Orain pare bat urte esan izan baligute, ez genuen sinestuko. Iaz itsaski haundia izan genuen eta hemen surfeatu den olaturik haundiena surfeatzeko zortea izan genuen, Hondartza Grisean, Getaria eta Zumaia artean. Oso toki ona da. Beti ikusi izan dugu olatu hori, baina motoekin hasi arte gutxitan hartu izan dugu, behin edo behin eskuz, baina oso gutxitan. Lehiaketara bidali genuen bideoa, aukera haundiegirik ez genuela pentsatuta, eta munduko 5 olatu haundienetan aukeratu dute gurea. Hori prestigio haundia da.

Zer eskatzen da lehiaketa honetan?
Olatu haundiena surfeatzea da kontua, olatuaren tamainak du garrantzia. Berak exigitzen dute olatua surfeatzen jaistea, olatuaren ibilbidea egitea, alegia.

Olatu haundiak diozuenean, nondik neurtzen da olatua?
Egia esan ez da batere ondo neurtzen, nahiko subjetiboa da. Ur azaletik gora neurtzen da, aurre aldetik. Baina ez dakit zergatik, ia erdia kendu egiten diote olatuari; bi metro baditu, bat duela esaten da.

Euskal Herrian non ibiltzen zarete?
Euskal Herri mailan Mundaka da tokirik onentsuena. Horrez gain, Meñakoz Bizkaian... baldintzen arabera. Guretzat oso garrantzitsua da haizearen norabidea, haizeak itsasoaren kontra jotzen badu, olatuak ordenatuago etortzen dira eta batetik bestera ibiltzen gara, itsasertzaren orientazioaren arabera. Hemengoa oso kosta ona da, agian ez du beste leku batzuetako konstantzia, baina oso ona da. Baldintzen arabera, asko edo gutxi surfeatzen dugu astean zehar. Lanean ere flexiblitate haundia daukat eta aukera izaten dut surf egiteko.

Hemendik kanpora non surfeatu duzu eta zer tokirekin geratzen zara, nora bueltatuko zinateke?
Leku askotan ibili naiz: Tahiti, Indonesia, Mauritania, Hawai, Cabo Verde, Kanariak, Ameriketa... aukera asko izan dut aldizkariren batentzat argazkilariarekin joateko eta horrela leku asko ezagutzeko zortea izan dut. Eta bat aukeratzekotan, Tahiti aukeratuko nuke: lekua, olatuak, jendea... Indonesia ere bai, leku ederrak, beste kultura bat... askotan gertatzen da leku batek fama hartzen duela eta jende asko joaten dela, eta niri jende gutxirekin gustatzen zait surf egitea. Tahitin olatuak dauden tokira joateko bide asko egin behar da eta enbarkazioa behar da inguratzeko. Ez da jende bildurik izaten. Hawaiek berriz, munduko olaturik onenak ditu, baina jende gehiegi izaten da.

Surfeatutako olaturen bat baduzu gogoan?
Bai, olatu asko geratzen dira grabatuta, surflari guztiok ditugu. Eta ez olatu haundiak bakarrik, hasierako olatu haiek... orduan txikiak baina zuretzat zeresan haundia izan zutenak, ondo egin zenuelako maniobra... Horrez gain, iaz Hondartza Grisean hartutakoa, Tahitikoak, Hawaikoak eta beste asko ditut gogoan.

Eta ahazteko modukorik?
Bai, sustoak ere izan ditut. Orain 10 urte adibidez, tablarekin kolpea hartu eta konorterik gabe geratu nintzen ur azpian denbora luzez. Eskerrak lagunak konturatu eta atera nindutela.

Txapelketetan?
Garai batean ibilia naiz baina, orain gutxi, olatu haundikoetan bakarrik. Hauek nahiko txapelketa berriak dira eta nahiko zailak, fetxarik ezin baita jarri, olatuen zain egon behar baita. Lehen Europan eta nazioartean ibiltzen nintzen, eta urte batzuetan Europako onenekin ibili izan naiz eta selekzioarekin.

Honetan jarraitzeko asmorik?
Bai, gorputzak uzten duen arte. Gainera, surfa gustatzen bazaizu, bizi osorako izan daiteke. Hemen ohiturarik ez dago, baina surf munduan urte gehiago daramazkiten herrietan, ikusten dituzu 80 urterekin aritzen direnak ere, bakoitza bere neurrian. Surfa kirol bat baino, satisfazio haundi bat da. Guretzat ez da kirol hutsa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!