Erreportajeak

Garikoitz Erroizenea: Hernaniar bat handballeko munduko txapelduna

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 20a, 02:00

Munduko txapeldun berri bat daukagu herrian. Garikoitz Erroizenea du izena. Egoitz Amantegirekin batera, Edmontonen (Kanada) jokatutako munduko handball txapelketan irabazle atera zen, A kategorian. Guretzako ezezaguna den kirol hau gehiago ezagutzeko aukera izan dugu, berarekin hitz eginda.

Kaixo, Gari, eta zorionak!

Eskerrik asko.

6 pelotari handballera jolastera joan eta bi modalitatetan munduko txapeldun. Nola da hori?

Orain dela 3 urte hasi zen handballaren kontua guretzat, 6 pelotari Dublinera joan ginenean, gonbidatu gisa. Aurten Kanadara parte hartzaile bezala joan gara. Apirilean Durangon handball torneo bat egin zen pelotariak aukeratzeko, Euskal Pilota Federazioak antolatuta. 20 bat pelotari besterik ez ginen apuntatu eta 6 aukeratu gintuzten. Txapelketan, modalitate bakoitzeko 2 kategoria daude: Opena, onenentzako eta A kategoria, 2garren maila moduan. Guk A-n irabazi dugu. Openean gehienak estatubatuarrak dira. Guk ia ez dugunez entrenatu, Openerako justu samar gabiltza eta A-n, berriz, lau euskaldun iritsi ginen bakarkako final aurrekotara eta Amantegik irabazi zuen. 2009an Openean jokatuko dugu eta gehiago entrenatu beharko dugu.

Kontaiguzu, zer da handballa?

Handballa pelotaren antzeko kirola da eta bi modalitate daude, bat lau paretetan eta bestea pareta bakarrean. Pareta bakarrean, 7x7metroko laukia egiten da frontisean eta luzeran 10 metro inguru ditu pistak. Pelotarekiko ezberdintasun haundienak dira, pelota mota eta txaparik ez dagoela. Pelota frontenisekoaren antzekoa da eta haizeari ematea bezala da. Txaparik ez egotean, berriz, pelotak edozein alturatara jo dezake frontisean. Jotzeko postura ohikoena botibolea antzekoa litzateke, baina buru azpitik eta pelota moztuz. Haiek ez dira ia mugitzen eta gure mugikortasunarekin harrituta geratu ziren. Tako beharrik ez dago eta eskularru fin batzuekin jokatu behar da. Lau paretetakoa squasharen antzekoa da, pelota txikiago eta gogorragoarekin. Hor gu galduta aurkitzen ginen, ez geneukan zer eginik. Jende gehiena modalitate honetan apuntatzen da. Niri handballa gustatzen zait, oso kirol mugitua da.

Zein herritan jokatzen da gehien handballa?

Pareta batean estatubatuarrak dira onenak eta lau paretetan irlandarrak. Hauez gain, Australia, Ingalaterra, Japonia, Gales, Belgika...denera 9 herrialde ginen txapelketan. Politena Euskal Herriko selekzio moduan parte hartzea izan da. Hainbat kiroletan ez digute uzten eta handballean, behintzat, aprobetxatu egin behar dugu. Beste herrietakoak askotan galdetu izan digute gure herriaz. Gainera, orain Euskal Federazioa nazioarteko handball konfederazioan sartu da ofizialki.

Nolakoak izan dira txapelketako egunak?

Goizeko 07:00etan hasten ginen jokatzen eta aurreneko hiru egunetan geratu gabe ibili ginen, jokatu, deskantsatu, berriz jokatu... Egunean 3-4 partidu jokatzen genituen. Ondoren, 4 walleko partiduak hasi ziren eta beste toki batzuetara mugitu behar izan genuen. Beste 3 egun pasa genituen modalitate horretan. Guztira 12 partidu jokatu nituen nik.

Oihartzun haundia izan al du txapelketak?

Ez, nik uste dut kirol nahiko herrikoia dela, ez dago oso zabaldua. Jende gehienak ez zekien munduko txapelketa jokatzen ari ginenik ere. Kazetaririk ere ez zegoen ia. Irlandan oihartzun haundiagoa dauka.

Zerk egin dizu ilusio gehiago, honek edo Hernanirekin herri arteko txapela irabazteak?

Hernanirekin irabazitako lehen txapelak gehiago. Hau polita izan da, Euskal Herriarentzat irabazi dugulako, batez ere.

12 egun pasa dituzue han. Zer moduz ibili zarete?

Bidaia nahiko mugitua izan zen. Loiu-Londres-Toronto-Edmonton zen bidaia eta 5 maleta galdu zitzaizkigun; bat nirea. Hegazkinen bat ere galdu genuen eta nahiko haserre iritsi ginen hara. Bidaia, hala ere, oso positiboa izan da. Leku bat ezagutu dugu, lagunak ere egin ditugu eta giro politean ibili gara, oso ondo moldatzen baikara joandako pelotariak.

Nolakoa da Edmonton?

Oso haundia da, baina oso laua ere bai. Han ez dago pilaketarik. Golf zelaiak aurki daitezke hiri barruan. Gehien harritu nautenak parke naturalak izan dira. Hor hartzak eta altzeak bizi dira. Mendi rokosoetan ere ibili gara eta oso polita iruditu zait. Kainoiak, lakuak, glaziarrak eta abar ikusi ditugu. Diotenez, munduko eski pista onenak ere han aurkitzen dira. Hori bai, bizitza garestiagoa da hemen baino. Harritu nau alde zaharrik ez ikusteak. Esan zigutenez, han eraikinak zaharkituta geratzean, bota eta berriak egiten dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!