Erreportajeak

«Jendeari ilusio haundia egiten dio horrelako ekitaldietan parte hartzeak, inork ez du ezetzik esaten»

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 23a, 03:00

Jabier Zubimendik idatzi du Kastillako dorreak ikuskizunaren gidoia. Tangokan ere tartean zen bera. Zorroagan filosofia ikasia da eta urte asko egin ditu kantugintza munduan. Besteak beste, Kantuz abesbatzan 11 urte egin ditu zuzendari. Esperientzia pertsonaletik sortu arren, garbi utzi du Kastillako dorreak ez dela alegato politikoa, kartzelako krudelkeriari aurre egiteko modu bat baizik.

Tangoka, Kastillako dorreak... Aurkezpeneko prentsaurrekoan adierazi zenuen proiektu horien atzean herriko kultur aktibitateari buruzko erreflexioa dagoela. Azaldu hori gehiago.
Eta halaxe da bai. Hemen hirigintzak du indarra, baina, batzuon ustez, kultura ere oso erreminta baliagarria da herria egiteko, herriari gorputza emateko. Gainera, Hernani 19.000 pertsonako herria izanik, neurri-neurrikoa da horretarako: bada dibertsitatea garantizatzeko adina haundi eta, era berean, kohesioa mantentzeko bezain txikia da. Tamaina-tamainakoa. Imajinatu, Euskal Herrian Hernani bezalako beste 40 herrik tankera horretako emanaldiak sortuko balituzte, sare baten barruan, geure kultur eskaintza propioa sortzeko gauza izango ginateke. Eta maila oneko kultur eskaintza, gainera. Hamabostean behin ikuskizun herrikoi bat izango genuke.

Zeinek zer egin behar luke sare hori sortzeko?
Sare hori sortzea utopia da. Berez, erakunde publikoek egon beharko lukete horretaz interesatuta eta kultur eskaintza hori bultzatzeko bitartekoak jarri. Baina, izatekotan, beste aldera izan beharko du. Eginez erakutsi beharko diegu posible dela. Kalez Kale Kantari ekimena ere horrelaxe sortu zen, Urretxun. Eta pixkanaka zabaltzen joan da. Gaur egunean Hondarribian, Donostian, Hernanin eta beste zenbait herrietan egiten da. Koordinazioaz hitz egiten hasi gara... Hori da bidea. Aisialdiaren autogestioan sinesten dut nik.

Aipatu zenuen kartzelako errealitatean oinarrituta dagoela lana, benetako errealitatean, eta bisita baten bueltan idatzi zenuela gidoia. Zergatik anarkista eta tiranoa, eta ez beste pertsonaje batzuk?
Emanaldi honen helburua ez da alegato politikoa izatea. Ez da herri batek bestea zapaltzen duela, ez. Kartzelan denetik dago: euskaldunak, rumanoak, ijitoak... Azken batean, existentzialismo hutsa da. Nola jasan liteke hainbesteko brutalitatea. Hori da emanaldiaren muina. Kartzelak erotu arazi egin nahi du presoa, irudimen gaitasuna kenduz.

Kartzelak pertsona askorentzat berekin duen sufrimendua kontuan izanda, zein da obraren tonua. Errealitate horrek uzten al du ironiarako tarterik?
Obrak tonu dramatikoa du. Hori horrela da. Baditu momentu komikoak ere, ironia puntuak, baina, ez gogortasun hori arintzeko, baizik eta gogortasun horretaz jabetzeko. Pertsonok egoera latzetara ere ohitzeko joera dugu, eta kontrapuntu horiek behar ditugu egoeraren benetako dimentsioaz jabetzeko. Egoera politiko berriak izan al du eraginik obran, edo jendeak desberdin ikusiko al du? Ez dut uste. Kartzelako errealitateak lehen bezalaxe jarraitzen du.

Bost emanaldi egingo dituzue Biterin. Ez al da erronka haundia?
Tangoka egin genuenean 1.200 pertsona joan ziren hura ikustera, eta batzuk ikusi ezinik gelditu ziren. Guk erreferentzia hori daukagu eta uste dugu bost emanaldiak jendez beteta egongo direla. Noski, hemen beste kontu bat ere badago: Hernanin, daukagun neurriko kultur aretoa daukagu. 172 pertsona sartzen diren areto batekin, horrelako gauzak egin behar dira. Plataforma bat sortu beharko litzateke, Hernanik dagokion neurriko kultur espazio egokia izateko.

Kastillako dorreak emanaldian 140 lagunek hartu dute parte. Nola mugitzen da hainbeste jende?
Jendeari izugarrizko ilusioa egiten dio horrelako ekitaldietan parte hartzeak, eta hori da guzti honek ematen duen satisfazio haundiena. Aukera eman ezkero, jendea gauzak egiteko prest dago, inork ez du ezetzik esaten. Eta guk garbi esaten diegu hasieratik: sosik ez dago eh! Aukera polita da aktibitate batean urteak daramazkien jendeari bere lana edo ikasi duena erakusteko. Jende asko dabil dantzan edo beste mila gauzetan, behin ere jende aurrean aurkezteko aukerarik gabe... Gainera, tankera honetako ikuskizun batek oso disziplina ezberdineko jendea elkarlanean jartzeko modua ematen du, eta horrek izugarrizko sinergiak sortzen ditu herrian.

Kastillako dorreak Hernanitik kanpora eramateko aukera ere bueltaka dabilkizue...
Bai aukera hori hor dago bai, herri batetik deitu digute eta seguruena egin ere egingo dugu. Jakina, emanaldia moldatu eta egokitu egin beharko da. Azken batean, lehen aipatzen genuen herri kultura antolatzeko filosofiaren parte da, geure herrian sortua bestetara ere zabaltzea edo eskaintzea behintzat, eta beste herrietakoa ekartzea.

Jabier Zubimendik ba al du beste gidoirik buruan?
Bai, bada beste bat bai. Imanol Kamio eta biok dabilkigu buruan: Urumea Ereñotzutik dator du izenburua eta ez da erreferentzia topografiko hutsa. Musika eta hitza bilduko dituen emanaldia izango da.

Noizko?
Ez dugu eperik jarri. Lehenbizi Kastillako dorreak izango da, gero denbora bat pasa beharko du... ikusiko dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!