Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Iker Valle - Pintorea eta eskultorea

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 15a, 01:00

Zer aurki dezakegu erakusketan? Pintura eta eskultura uztartzen dituzu ezta?
Erakusketan eskulturak eta koadroak uztartzen ditut. 10 eskultura jarri ditut ikusgai, gehienak brontzez eta egurrez eginak. Koadroak ere badaude, dexente. Hauek paperean, lientzoan eta egurrean egindakoak dira. Guztiak antzeko estilokoak dira. Egia esan nahiko leku izan dut obrak jartzeko, eta alde horretatik oso gustura nago.

Erakusketan jarritako lan hauek berriak al dira? Ala lehen ere izan dira ikusgai?
Aurreko erakusketa orain bi urte eta erdi egin nuen, eta hemen ikusi daitezkeen obra gehienak, ordutik ona egindakoak dira. Erakusketan dauden 32 obretatik 3 bakarrik dira lehengo erakusketetan jarritakoak: bi brontze eta koadro bat.

Erakusketaren izena da Oxidlak-zatiak, Pintura eta Eskultura. Zergatik izen hori? Esanahi berezirik ba al du?
Oxid oxidotik dator, asko erabiltzen dudan materiala baita. Lak berriz, obretan erabiltzen dudan laka txuriagatik da. Laka bereizteko erabiltzen dut, hasiera batean marko plastikoa erabiltzen nuen, baino denborarekin oxidoak berak atera egiten du txuri hori. Lakarekin berriz, ukitzerako garaian ere gustatu egiten zait izaten duen taktoa. Asko erabiltzen ditut bai oxikoa eta baita laka ere, ikusteko ere nahiko garbia geratzen da. Materialaz gain, forma aldetik gustatzen zait pieza bat hartu eta montajeak egitea, konpozizioak egitea. Zati ezberdinak hartzen ditut eta montatzea gustatzen zait, forma ezberdinak lantzea.

Zein da erakusketaren gaia edo ardatza?
Azkenean obra guztiak material bera izatea da gakoa. Gaiak berriz, pertsonak eta geometria dira. Pertsonak nahiko sugerituak agertzen dira eskulturetan batez ere, eta esan bezala montajeak gustatzen zaizkit, eta horren bidez geometria lantzen dut. Itxura desordenatua eta era berean ordenatua ematea gustatzen zait.

Eskulturak egiterako garaian zein korronte jarraitzen duzu?
Oteiza asko gustatzen zait, gehienbat hutsuneari buruz egin zuen ikerketarengatik eta gerora hartu zuen erabakiarengatik. Erabakia izan zen bere lana bukatutzat jo zuenean eskultura uztea. Hutsuneari buruz aldiz, zioen hutsa betea baino garrantzitsuagoa zela.

Zein da obrak egiterakoan erabiltzen duzun teknika?
Eskultura bat egiterakoan ez dut eredu bat jarraitzen. Prozesua da paperean bozeto batzuk egitea eta hortik pixkanaka ikertzen joatea. Jolas moduan hartzen dut, eskultura lantzen hasten naiz, hemen hutsune bat jartzeak nora eramaten nauen, eta abar.

Ez da Hernanin jartzen duzun lehen erakusketa ezta?
Ez, hainbat lekutan jarri izan dut. Biterin jarri nuen bat orain bi urte, eta Lau Tximenetan, Zumitzan eta abar ere jarri izan dut; hasi nintzenean orain itxita dagoen Txema Tabernan ere jarri nuen. Hernanitik kanpo ere jarri izan dut. Hasi nintzenean Baionan jarri nuen, Izotz Mendibururekin. Orduan hasi nintzen mundu honetan, eta jende asko ezagutu nuen. Horren ildotik hasi ginen hemen Errapiako taldean, orduan sortu eta hasi ginen taldean mugitzen. Goizuetan izan ginen, Beran eta abar. Errapiakoak eta gonbidatu asko biltzen ginen, 40 inguru. Iparraldeko jendearekin ere harreman asko izan genuen.

Nondik nora iritsi zara horrelako lanak egitera?
Margotzen 17-18 urte ingururekin hasi nintzen. Berez sukaldaritza ikasi nuen, eta nahiko lan estresantea izaten denez, gauetan margotzen hasi nintzen. Gero ikastea erabaki nuen, eta Alfredo Bikondoa izan nuen irakasle Donostian. Berarekin 3 urtetan arkatzarekin margotzen ikasi nuen. Handik aurrera hainbat ikastaro egin ditut Madrilen, Bartzelonan, eta irakasle moduan ere ibili izan naiz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!