Elkarte hau sortu zenetik zenbat denbora pasa da? Nola sortu zen ideia eta nolakoak izan zen hasiera?
Eusko Jaurlaritzak interes kulturaleko Elkarte bezela errekonozitu gintuenetik, 2 urte pasa dira, martxoaren 8an izan zen, Emakumearen Egunean. Elkarteari, orain daukan izena jartzean arazoak izan genituen, hasieran ez zigutelako Hernaniko Motolagunak izena jartzen uzten, baina azkenean, lortu genuen. Elkartea sortzearen ideia lagun artean garatu zen. Beste bik eta nik harremana genuen lehenagotik. Egun batean, egiten genituen irteerak jende gehiagori zabaltzea bururatu zitzaigun; Elkarte bezela antolatzea. Hala ere, oraingo sozio guztiak ezagunak gara, herrikoak. Baina lehen bakoitzak bere motoa hartuta egiten bazituen irteerak, orain noizean behin pixka bat taldean egiteko aukera degu, eta jende berriari ere juntatzeko aukera hori ematen diogu. Gu lagun talde bat gara, noizean behin irteeraren bat egiten degunak, eta jende gehiagok parte hartzeko aukera ematen degunak.
Zein da zuen helburua?
Gure helburua motoarekin gozatzea da, eta motibatzen gaituzten gauzak egitea. Aldi berean, ondo pasatzen saiatzen gara.
Nolakoa da Elkartearen
antolaketa?
Hiru pertsona gara ardura daramagunak, baina denetako funtzioak egiten ditugu hiruron artean. Horrez gain, sozioak daude, botoa dutenak, baina ez guk dugun ardura. Guztira 15 sozio gara. Bilerak nire etxean egiten ditugu, eta denak bildu behar dugunean Landarera jaisten gara, ez dugulako inon juntatzeko lokalik. Nik karten bidez abisatzen diet sozioei egiten diren bilera eta irteera guztiei buruz. Guk laguntzarik ez dugu eskatzen. Udaletxean lokala eskatu eta karta baten bidez ezezkoa eman ziguten.
Ze motatako jendea dago
klubean?
Denetariko pertsonak daude, 20 urte dituztenetatik 50 bat dituztenetara. Denak gizonezkoak gara. Emakumezkoak etortzen dira, sozio gutxi batzuen bikoteak. Baina ea animatzen den motoa duen emakumeren bat sozio bezela. Egia da, familia duten sozioen kasuan zaila dela, irteerara bat etortzen bada, besteak geratu behar duelako familiarekin. Bakoitzak bere egoera du.
Dagoeneko ezagutzen zaituztegu herrian.
Bi urtetan egindako propagandarekin jendeak ezagutzen gaitu iada. Kamixetak, pinak, etab. saldu dira eta marrazkia polita denez, jende gazteak erosten ditu. Peña Mujika tabernakoekin harremana daukagu eta tabernan bitrina bat jartzen utzi digute. Badago laguntzen duen jendea. Lehenengo kamisetak egiteko dirua ere, enpresa batzuk eta herriko komertzio batzuk eman ziguten, eta hortik aurrera jarraitzea izandu da. Horretaz aparte, egin behar degun irteera bakoitzeko, Kronikara deitzen degu, irteera nolakoa izango den esanez, zer egingo den, prezioa… eta jendeak Orkolagako tallerrera deitzen du, izena emateko. Bestalde, goazen toki guztietan Hernaniko Motolagunak jartzen duen pegatinak uzten ditugu.
Urteko zein sasoitan egiten
dituzue irteera gehien?
Neguan jendeak ez du irteerak egiteko gogorik izaten, gutxi gara neguan ere motoetan ibiltzera animatzen garenak. Eta ez du merezi gauza bat antolatzea, gero jende oso gutxi azalduko bada. Eta zaila da, zeren udaran bakoitzak bere familia dauka, planak, oporrak… Horrexegatik da zaila talde haundi bat juntatzea. Eta gainera, oso haundia izatea ere ez zaigu interesatzen, geroz eta haundiagoa izan, orduan eta ardura gehiago daukazulako. Garen 15ekin eta besteren batekin nahikoa izaten gara. Baina denentzat irekita daude ateak. Ardura denen artean eramango bagenu, gauza gehiago antolatuko lirateke. Nik nahiago det negua motoan ibiltzeko. Udaran paisaiak politak dira, baina neguan ere oso polita egoten da dena. Garai bakoitzak du bere xarma.
Nolakoa izaten da irteera
egun bat?
Irteerak egiterakoan goiz xamar juntatzen gara, baina ordu horretan paseatzen dabilen jendea gerturatzen da ingurura. 30 bat moto elkarrekin ikustea ez baita oso ohikoa. Atsegindegitik ateratzen garenez, munizipalei beti abisua ematen diegu, zenbait moto izango garela egun jakin batean Atsegindegin. Gutxienez abisatu egiten diegu, zeren 30 bat motok, azkenean karretera okupatzen dute.
Sozio ez direnek ze aukera
dituzte?
Sozioak ez direnak ere apuntatzen dira irteera batzuetara. Jende honek badaki ondo antolatzen garela, eta prezioz irteera moduz izaten dela, eta animatu egiten da. Joaten garen tokitako kalitatea eta prezioa zaintzen saiatzen gara, eta egia esan, oso ondo ateratzen dira. Irteeretan, sozioak ordaindu behar duena, berez ordaintzen dena da, klubak ez du dirurik hartzen. Eta sozioa ez denak zertxobait gehiago ordaintzen du, baina gero diru hori denen gastuetarako erabiltzen da. Gure ideia ez da dirua egitea, inondik inora; motoan atera, ondo pasatu eta paisaiaz gozatzea baizik.
Erreza al da talde haundi batean gidari izatea?
Irteerak egiten ditugunean arau batzuk ditugu: bakoitza bere tokian joatea karreteran, elkarren artean aurreratu gabe, distantzia mantenduz…
Bidean, 400 km egiterakoan adibidez, 200 km-tik behin surtidoreren batean geratzen saiatzen gara, inor gasolinarik gabe ez geratzeko. Bestalde, rutak egiten dituen programa bat daukat, eta ibilbidea markatzerakoan, non geratuko garen jartzen degu. Beti eramaten dut izeneko bat, pasako garen tokiak markatuz… Hala ere, beti adi egoten gara erretrobisoretik motoak kontatzen. Moto guztiak ilaran joaten gara eta gure arteko distantzia jakin batekin. Alde horretatik, orain arte inoiz ez dugu arazorik izan.
Zein dira inguruko beste
klubak? Elkarrekin ba al dezute
harremanik?
Bai, Donostian Gipuzkoako Real Motokluba dago, eta Irunen Moto Scooter. Eta elkarren artean badegu harremana, bai. Orain dela gutxi, Irunekoek gure pinak ikusi eta gustatu egin zitzaizkienez, egin zizkigunaren telefonoa eman genien. Irteerak egiterakoan ere kontsultak egiten ditugu.
Etorkizunerako ideiarik
badaukazute?
Neri gustatuko litzaidake, herrira akrobazien show bat egiten duen pertsona bat ekartzea. Baina kontua zera da, oso garestia dela. Eta gainera gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituen toki bat eduki behar dela. Bestela, ziur nago antolatuko genukeela. Azken batean, horrelako espektakulo bat ikustera motozaleak eta beste gainerako pertsonak ere animatzen dira. Ideia oso polita da. Urtean behin egin daitekeen ekintza da hau, egun oso bat motoaren inguruan mugitzea: toki batean moto pila bat aparkatzea, bazkari herrikoia egitea… Ideia faltarik ez degu, eta borondate faltarik ere ez, baina hori lortzeko bideak ez ditugu. Baina bueno, denbora gutxi daramagu, eta pixkanaka egoera hobetuko dela pentsatzen det.