San Joan egunean atera ziren Irlandatik Montrealera, ia Amerika osoa motorrean gurutzatzeko asmotan. Lau hilabete geroago Buenos Airesen ziren, tartean 13 herrialde pasa eta gero. Eli Guruzeaga hernaniarra da eta irlandan bizi da bere bikote Matt O’Learyrekin. Biek, abentura haren berri eman diote Hernaniko Kronikari.
LEHENengo galdera, orain Irlandan bizi zarete ezta? Eli Guruzeaga: Ni hernaniarra naiz, baina orain dela bi urte eta erdi Irlandara joan nintzen. Irlanda beti gustatu izan zait lehenago ere izan bainaiz bertan, ingelesa ikasten. Horregatik, bertara joatea erabaki nuen. Han ezagutu nuen Matt, Killarney izeneko herrian, Hernanik adina biztanle ditu herri honek, baina oso turistikoa da. Bertan pub batean hasi nintzen lanean. Matt 0`Leary : Ni Killarneykoa naiz eta pub hartan ezagutu nuen Eli, bera langilea zen eta ni bezeroa... Zu lehenago ere ibili izan zara motorrean, ezta? M.O.:... bai motorrak asko gustatzen zaizkit, nire anai bat ere, rallyan ibiltzen da. Afizio hori agian nire aitarengandik datorkigu, bera izan zen gure herrian autoa ekarri zuen lehena, gainera, famatua zen herrira elektrizitatea ekarri zuelako. Eta nondik ibili zara? M.O.:...Lehenengo Europa osoa egin nuen moto txiki batean, gero Irlandatik Australiaraino joan nintzen motorrean nire anai batekin, eta azkenik Afrikan ere ibili naiz. Neretzat herririk politena Iran izan da, oso atseginak dira bertan bidaiariekin.. Nola sortu zen Amerika motorrean egiteko ideia? E.G: Ideia Matt-i okurritu zitzaion, kontinente guztiak egin nahi zituen eta nik espainiarrez badakidanez... Niri hasieran ezinezkoa iruditzen zitzaidan, baina gero aukera polit bat zela pentsatu nuen. Dirua aurreztu genuen urte eta erdiz. Lehenengo Montrealera joan zineten ezta? E.G: Bai, motorra barkuz bidali genuen BMW 1.100 Gsan bat, eta han jaso genuen. Hortik Kanada guztia gurutzatu eta Alaskara joan ginen. M.O: Gero Alaskatik behera egin genuen, Kanada, Estatu Batuak, Mexiko, Ertamerika... Argentinaraino. Nola joan zen bidaia, non egiten zenuten lo, esaterako? E.G: Iparramerikan gehienbat kanpinetan egiten genuen lo, baina Mexikotik behera kasik ez dago kanpinik eta pentsioetan eta bide bazterreko hoteletan deskantsatzen genuen. Nolabaiteko arazorik izan zenuten? E.G: Arazo batzuk izan genituen Ertamerikan poliziarekin, El Salvador eta Nikaraguan polizi asko dago, batez ere gasolinera inguruetan, Boliviatik Argentinarako pasoan ere kontrol asko zeuden, denek eskatzen ziguten zerbait. Gainera, Hondurasko fronteran iruzurra egin ziguten, 116 dolar ordaindu genituen 90 kilometro eskas egiteko. ...eta motorrarekin? M.O: Motorrarekin arazo asko ez genuen izan, Mexikon frenoak izorratu ziren eta gainera beroaren eraginez piztea kosta egiten zitzaion. Matxura haundiena Perun izan genuen, Nazca inguruan, transmisioa hautsi zen. Mekanikoak oso onak dira Perun, egoerara moldatu behar izaten dute eta piezak beraiek sortzen dituzte nola hala. Nola egiten zenuten motorrean traste guztiak eramateko? M.O:...Gu kenduta, motorrak 350 kilo pisatzen zituen traste guztiekin eta batzuetan zaila izaten zen ondo kontrolatzea...Hala ere bideak nahiko ondo daude, El Salvadorren adibidez. Alaskan berriz bideak egiten ari dira oraindik eta batzuk lurrezko pistak besterik ez dira, han dena abionetarekin egiten baita. Pista horietako batean erori egin ginen motorretik, gurpilak irrist eginda. E.G: Hasieran traste eta janari mordoa eraman genuen, baina konturatu ginen ezin genuela dena eraman eta gauzak asko utzi genituen bidean. Nolako jendea aurkitu duzue bidean, zer moduz moldatu zarete? E.G: Jende oso atsegina aurkitu dugu. Nik uste dut Mexikoko mugaraino bidai bat izan dela eta hortik aurrera beste bat. Estatu Batuetan asko begiratzen diote beren buruari, jatorrak dira, baina Mexikotik aurrera beste gauza bat izan da... Azkenean Buenos Airesera iritsi zineten, zuk familia duzu han, ezta Eli? E.G: Bai, Aranoko nire senide batzuk, Enazti baserrikoak, Argentinara emigratu zuten mende hasieran. Nire amonak kontaktua mantendu zuen beraiekin eta guk ere izan dugu hango gure lehengusuekin. Lehenagotik abisatu genien hara gindoazela eta iritsi ginenean... polita izan zen berriz ikustea. Han izan ginen egun batzuetan, Bueno Aires eta inguruko hiriak ezagutzen. Bidai haundia egin duzue beraz. Gero Euskal Herrira etorri zineten ... E.G: Ez genuen beherago jarraitu, alde batetik diruagatik eta bestetik ni haurdun geratu nintzelako. Gainera, Pampetan haize haundia dago eta motorrean ibiltzea nahiko arriskutsua omen da. Horrela, Euskal Herrira etorri ginen zuzenean, eta egia esan nik hasieran ez nuen sinesten horrelako bidaia egin genuenik... M.O: Niretzako zoragarria izan zen, azkenean munduko bost kontinenteak motorrez gurutzatzea lortu bainuen. Etorkizunerako planik ba al duzue? Beste bidaiarik? M.O: Nik Afrikara itzuli nahiko nuke, bertako paisaiengatik batez ere. E.G: Nagoen egoeran egonda oraingoz ez dut uste berriz horrelakorik egingo dudanik, baina nork daki...
|
Alaskatik Argentinara: 36.000 km eta 13 herrialde
|