Gabonetako oporrak bukatu eta Moskura bueltatzeko maletak egiten harrapatu du Kronikak Amaia Egilegor, 26 urteko hernaniarra. Eslaviar filologia ikasi zuen eta gaur egun Moskuko Unibertsitatean euskara klaseak ematen ditu. Errusian egiten duen bizimoduaz jakin nahian eta errusiarrak euskararekin zer moduz moldatzen diren ezagutzeko galdera batzuk egin dizkiogu.
Nolatan joan zinen Errusiara eta zenbat denbora daramazu bertan?
Eslaviar filologia ikasi nuen Bartzelonan eta hirugarren mailan nengoela
nere kontu joan nintzen Errusiara udan. Karrerako 4garren mailan irakasgai
batzuk errusiarrean neuzkala-eta maila hobetu nahi nuen. Karrerako 4garren
mailan berriro ere joan nintzen, otsailetik uztailera, 6 hilabetez. Karrera
bukatzeko azterketak egitera bueltatu nintzen Bartzelonara. Gero diru pixka bat
egin nuen Errusiara bueltatzeko eta han atera zitzaidan aukera lehenagotik
euskara irakasten zegoen irakasle bat ordezkatzeko, Moskuko unibertsitate
publikoan. Ordutik han nabil, hau da 3garren ikasturtea.
Ematen duzuna zer da aukerako irakasgai bat?
Nik ematen dudana da hemengo aukera askeko irakasgai bat izango litzatekeena.
Astean 3 orduko klasea izaten da. 10 ikaslerekin hasi nintzen eta orain 30 bat
daude klasean. Ikasle batzuk 3 mailatan daude banatuta eta gero badut beste
talde bat maila altua duena.
Errusiarretik abiatuta kosta egiten al da euskara ikastea?
Ahoskatzerako garaian ez dute ia zailtasunik. Tz eta adibidez ondo
ahoskatzen dute errusiarrez ere badutelako. Hala ere ñ eta ll esatea asko
kostatzen zaie, adibidez laino eta ilargi ahoskatzerakoan. Ergatiboa ere, nork,
asko kostatzen zaie. Hainbat aditzekin ere arazoak izaten dituzte. Bestela
esango nuke azkar jartzen direla, kontutan hartu behar da hizkuntza ikasleak
direla ikasle gehienak.
Zergatik aukeratzen dute euskara? Zein interes dute?
Euskara hizkuntza ergatiboa delako aukeratzen dute batzuek, horrelako
hizkuntza gutxi baitaude. Beste batzuek besterik gabe aukeratzen dute, ezberdina
den zerbait ikasi nahi dutelako. Hizkuntza ikasleak direnez hizkuntza bat baino
gehiago ikasten dute. Nere ikasle batzuek euskararekin batera ikasten dute,
txinoa, hungariera edo japoniarra, esaterako.
Badago ikasle bat aitona euskalduna zuena eta gerra garaian Errusiara alde egin
zuena. Arrazoi horregatik aukeratu zuen euskara ikastea.
Asko kosta al zaizu hango bizimodura moldatzea
Hara joan nintzenean iruditu zitzaidan denboran atzera egin nuela. Hemengoa
erreferentzia hartuta, 10 urte atzera egin izan banu bezala. Garraioan,
esaterako, autobusak zaharrak dira, hemengo lehengo autobusak bezalakoak.
Bestetik nabarmena da baita ere ez dagoela erdi mailarik, ikusten da jendea bizi
maila altua duena eta gero guztiz kontrakoa, bizi maila oso bajua duena.
Sobietar garaiko sistema duten dendak ere ikusten dira oraindik ere. Denda
batera sartu eta esnea erosteko ilara egin eta ordaindu beharra. Gero berriro
ere haragia erostera joan eta beste ilara bat egin behar izaten da, eta berriro
ordaindu.
Iluntasunarekin ere ohitu egin behar izaten da, Moskun ez da hain nabarmena.
Baina San Petesburgon eman nituen hilabeteetan, neguan, arratsaldeko
16:00etarako iluna zegoen. Udan aldiz goizaldeko 02:00etan oraindik ere iluntzen
zegoen eta goizeko 04:00etan argitzen.
Bertan geratzeko asmoa al duzu?
Ez hau da bertan egingo dudan azken ikasturtea. Gero itzultzeko asmoa dut
eta bizitza hemen egiten hasi. Ikasi dudanarekin zer ikusia duen zerbaitekin
hasi nuke, baina zaila dago.
Faltan botako al duzu?
Bai, batez ere ikasleekin harreman berezia sortu delako. Lagunik eta
familiarik gabe haiek lagundu didate Errusian moldatzen. Baina bestetik, han
nagoenean ere faltan botatzen dut hemengoa, batez ere poteo eta kaleko giroa.