Erreportajeak

David Orbegozo - Orbegozo Ehorzketak: «Zerbitzu aldetik, familiak momentu horietan atentzioa eskertzen du gehiena»

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 30a, 02:00

David Orbegozo ume-umetatik dabil funeraria munduan. Hamar-hamabi urterekin egin zituen aurreneko zerbitzuak, Jabier Orbegozo aitari laguntzen. Ofizioa, berriz, Txomin Orbegozo aitona zenarengandik datorkio.
Aitortzen du funeraria lana berezia dela, baina, era berean 32 urteko hernaniar honek lasai eta naturaltasun osoz hitz egiten du bere ofizioaz. «nik hori ezagutu izan dut beti» dio.

Pertsona bat hiltzen denean, zer zerbitzu ematen du Funerariak, zer lan izaten dira egin beharrekoak?
Berez, funeraria batek eskaintzen duena da pertsona bat hiltzen denetik lurperatu edo erre bitarteko zerbitzu guztiak ematea edo gestionatzea: gorputza apaindu, zerraldoa, eskelak, loreak, oroigarria, tanatorio zerbitzua, mediku eta epaitegiko agiriak, hilerriko gestioa, hileta antolatzea... Zerbitzu den-denak eskaintzen dira. Gero, noski, familiaren esku dago gure gain utzi edo gestio batzuk berak egitea. Batzuk nahi izaten dute dena guk egitea eta telefono dei batekin tramite guztietaz ahaztea. Badira ezer egin nahi ez dutenak ere, ez hileta eta ez ezer. Hori ere aukera bat da. Zeremonia erlijiosoa egin beharrean ekitaldi zibilak ere egiten dira, pertsona horri azken agurra egiteko.
Gure ustez, zerbait egitea behintzat egokia da. Pertsona bat hil eta, era batera edo bestera, gizartean zabaltzen ez baduzu, ba, oso egoera inkomodoak sortu litezke, jendeak galdetu egiten duelako...

Pasta berezikoa izan behar al du funerarian aritzeko?
Beno, ohitu egiten zara. Egia da lan berezia dela. Batetik, gorputzekin ari zara lanean: apaindu, mugitu... batzuetan oso egoera delikatuan egoten dira... Nik, inoiz edo behin lagunen bati laguntza eskatu izan diot eta aurpegia flasheatu egiten zaie, bai.
Bestetik, familiaren egoera dago. Dolua. Hor, oso egoera desberdinak ematen dira, hil denaren arabera edo heriotza nola gertatu denaren arabera.

Zure esperientziagatik, momentu horietan zer da familiak ehorzketa zerbitzuari gehiena eskatzen diona?
Atentzioa, esango nuke nik. Atentzioa, berak zer egin nahi duen entzun, kontuan hartu eta gauza guztiak ondo egiteko. Momentu horietan familiaren oso pendiente eta oso gainean egon behar da, eta gauza batzuekin zorrotz jokatu: eskelako datuekin adibidez. Gertatu izan da datuak eman dizkigunari familiarren baten izena ahaztea, arreba batena behin. Batzuetan, irudipena daukagu astun samar jartzen ote garen ere, baina, beharrezkoa da lana ondo egiteko.

Gaur egunean zer egiten da gehiago lur eman edo erre?
Antzeratsu, esango nuke nik. Behar bada, oraindik gehixeago enterratu egingo dira, baina geroz eta joera haundiagoa dago erretzeko. Azken bost urteotan alde haundia izan. Pertsona helduei erretzeak erreparoa ematen die, baina, gazteagoetan erretzea da joera nagusia.

Zer alde dago prezioan?
Berdintsu. Gorputza erre ere (eta hau askok ezagutzen ez duen datua da) kaja eta guzti egiten da eta gero makina batek apartatzen ditu errautsak. Beraz kaja bietan sartzen da. Gero, hilerrian ere aldea dago gorputza nitxoan edo familiako panteoian sartu eta abar.

Hiru urte dira tanatorioa zabaldu zenutela, nola joan da, aldaketak ere egin dituzue...
Egia esan, jendeak oso ondo hartu du zerbitzua eta gustora gaude, bai. Garai batean, denek gorputza etxean izaten zuten, eta gaur egunean ia denek nahiago dute tanatorio batek eskaintzen duen zerbitzua baliatzea. Hasieran, bi gela edo beilatoki jarri genituen, eta askotan gertatu gara leku faltaz. Hori konpontzeko, orain hirugarren gela jarri dugu. Hernanitik ezik, inguruko jendeak ere erabiltzen du.

Jende asko keja da hiltzeko ere dirua behar dela, eta asko. Nola ikusten da errealitate hori zuen begietatik?
Ez dut uste gure zerbitzua garestia denik. Kontua da, gaur egunean konplementu asko daudela: eskela, koroak, loreak... eta horiek dira faktura igotzen dutenak. Baina, zerbitzua merke ere egin liteke. Beste kontu bat: sektoreak konpetentzia haundia dago eta zerbitzuaren prezioak geldi daude. Gaur egunean, gainera, jende batek deitu eta zuzenean aurrekontua eskatzen du, konparatu eta beretzat egokiena dena aukeratuko du.

Joera zabaldua al da aurrekontu bidez funtzionatzearena?
Bada jendea egiten duena. Lehen arraroagoa zen hori. Hala ere, gehienek funeraria bat aukeratzen dute tratuagatik, konfiantzagatik, edo familian lehenago ere berak egin izan duelako zerbitzua.

Gorputza janzten zer ohitura daude?
Norberak hil aurretik esana utzi duen kasuan, horri jarraitzen zaio, bestela familiak erabakitzen du. Hemen gehiena maindire zuriarekin janzten ditugu, baina, badira arropa jakin batekin janzten dituztenak ere. Behin, gizon batek esana utzi omen zuen fariasa eta poxpolo kaja jartzeko alkandoran patrikan, eta halaxe joan zen. Frantzian adibidez, propio horretarako arropa berria erosten dute.

Hildakoaren azken aurpegi espresioa ere zuen esku dago. Konpromiso haundia izango da hori?
Bada bai, eta azken irudi hori ere oso garrantzitsua da. Makilatu eta saiatzen gara ahalik eta lanik onena egin eta familia gustora uzten. Batzuetan, gorputzaren egoeragatik gertatzen da posible ez izatea, eta orduan itxi egin behar izaten dugu.

Funerario eta arotza

Orbegozotarrek hiru belaunaldi daramazkite ehorzketa ofizioan Hernanin. Txomin Orbegozok hasi zuen eta Kardaberaz kalean zeukan funeraria. Garai hartan funerario eta arotzak ziren batera: kajak berak egiten zituen eskuz. 3.000 tatxuelakoak edo 5.000 tatxuelakoak, omen zen aukera. Kaja almazena, berriz, Zintzotasuna zineko pantaila atzean omen zeukan Txomin Orbegozo zenak, zinera joan eta pelikulan gutxi fijatu ezkero, ikusteko moduan.
 

Kotxe inglesa

«Aurreneko kotxe funebrea, berriz, kotxe ingles bat izan omen zuten, bolantea eskubian zuena. «Imaginatu situazioa. Adelantatzeko-eta beti kopilotoa behar izaten zuen».

Astigarragatik Hernanira karroan» dio Davidek. Aurreneko kotxe funebrea, berriz, kotxe ingles bat izan omen zuten, bolantea eskubian zuena. «Imaginatu situazioa Adelantatzeko-eta beti kopilotoa behar izaten zuen». Jabier Orbegozo bera ere kaja egiten aritua da. Pinu egurrarekin egiten zituzten. Piskana, industriak hartu zuen lan hori, eta beste zerbitzuetan zentratu zen gero. Latsunben lokala eta orain dela hiru urte tanatorio zerbitzua jarri zuten.

Gorputza bizkarrean ekartzen zen orduan, edo bestela karroan: «Aitak (Jabierrek) ekarri zuen behin

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!