Iñaki Alkortaren esanetan, etxe barruko diseinua, etxea egiteko proiektuan bertan hasten da, espazio distribuzioarekin. Estilo aldetik, sinplifikaziorako joera da nagusi eta Alkortak dio hernaniarrek badaukatela ‘gustoa’.
Nondik nora hasi zen Iñaki Alkorta diseinu munduan, eta ze ibilbide egin duzu?
Oso txikitatik hasi nintzen mundu honetan. Batetik, marrazteko-eta nahiko esku ona neukan, eta, bestetik, aita ebanista izaki, dekorazio munduan gazterik sartu nintzen. Aurreneko pausoak berekin batera eman nituen eta gero, lanaz gain, diseinu ikasketak egin nituen Donostian. Han lau urte egin eta ikasten jarraitzeko grina nuenez, Salamancan masterra egin nuen. Handik bueltan, diseino lanean zentratu nintzen Zarauzko beste lagun batekin batean: obra integralak, dekorazio osoa, kreatibitatea asko landu nuen hor eta ikasi ere bai. Hortik, pausoa eman eta erabaki nuen nere bide propioa jorratzea, eta azken urte terdi honetan nere estudio eta denda propioa dauzkat.
Non hasten da barruko diseinatzaile baten lana?
Barruko diseinatzaile baten lana etxe barruko edo lokal bateko espazioaren distribuzioan bertan hasten da. Etxe berrien kasuan, proiektuan bertan. Espazio banaketa hori funtzionala izatea da nere helburua. Zeinek zertarako erabiliko duen aztertu eta espazio horri ahalik eta funtzionalitate gehiena ateratzea, praktikoa izatea. Nere ustez, diseino estetikoak helburu horren zerbitzura joan behar du.
Diseinoan laguntzeaz gain, bada, beste lan bat barne diseinatzaileak edo interioristak egiten duena, eta hori da gremio koordinazioa. Eta hori ere oso lan inportantea da emaitza ona izateko.
Etxe barrua diseinatzeko prozesuan, nola jokatzen du jendeak. Idea jakin batekin al dator diseinatzailearengana, edo esaten du, diseinatu zaidazu hau...
Denetik dago. Batzuk idea konkretu batekin datoz bai, eta nahi dutena da diseinatzaileak
hori plasmatzea. Besterakoa ere badago. Baina, idea jakin batekin datozenak ere, normalean, eta batez ere gazte jendea, irekita etortzen da, ideak eta proposamen berriak ikusi aztertzeko prest.
Gusto ona al daukagu hernaniarrok?
Ba, bai. Nik uste dut , eta ikusten da, jendeak badaukala gustoa. Ez da ero-ero etortzen. Informatu egiten da, ikusi egiten du eta sorpresak ere hartzen dituzu. Batzutan, jende mota bat etorri eta iruditzen zaizu, ba, honi zerbait klasikoa gustatuko zaio, eta ez. Estilo modernoak aukeratzen dituzte, espazio arinak, paretak libre, altzari gehiegi ez...
Estilo kontua aipatu duzu, ze estilo da nagusi gurean, eta nondik datoz?
Diseinuan ere globalizazio garaian bizi gara. Espazio banaketa aldetik, jendeak funtzionaltasunak nahi du batez ere eta sinplikaziorako joera dago. Dekorazio eta mobiliario kontuan Italiak asko markatzen du. Joera nordikoak ere geroz eta gehiago ikusten dira gurean (linea garbiak, zuzenak, argia). Estilo horiekin batean, joera orientala ere gero eta gehiago sartzen ari da. Diseinatzailearen lana da estilo horiek denak bildu eta propioak sortzea.
Kolore aldetik, zer konbinazio egiten dira?
Nik kolore neutroak lantzen ditut asko: grisak eta konbinatuak. Kolore neutroek egiten dutena da espazio horretako beste elementuen arteko konbinazioa eta oreka sortu, fondo lana, nolabait. Gero espazio jakin batean beste koloreak erabili litezke: gorri bat esaterako. Pinturak ez ezik, paperak ere joko asko ematen du.
Eta diseinu mobiliarioan, zer material da nagusi?
Egur txapatua erabiltzen da gehiena. Hor aurrekontuak ere asko agintzen du. Jende asko dago etxea hartu duena eta gastu haunditan sartuta, eta horrek ere eragina du. Intxaurrak, gerezia... horiek oso gutxi erabiltzen dira.
Bada, orain modan dagoen beste egur bat ere: Bengea. Afrikako egurra da, oso kolore ilunekoa. Baina, oso-oso urria da eta bere ordez hemen haritza erabiltzen da. Tratatu, ilundu eta imitazioa egiteko. Tinteekin ere asko jokatzen da egurrean.
Irudiaren munduan, badirudi dena azkar erretzen dela. Nola funtzionatzen du moda diseinuan. Jendeak maiz aldatzen al du?
Diseinuan ere badaude modak, baina, ez da arropan bezala. Diseinuan gauza berriak ikusten kosta egiten da, eta 4-5 urte behintzat behar izaten dira ferietan idea berriak ikusterako. Disienuan gauzak polikiago dijoaz. Eta etxe barruko edo lokal bateko diseinua ez da maiz aldatzen ez, hori oraindik ere epe luzerako egiten da eta 10-15 urte behintzat iraunten du.
Etxe barruak ez ezik, lokal komertzialak edo tabernak ere disinatzen dituzu
Hor ere irizpidea funtzionaliteate da, baina, oraindik eta exigentzia haundiagoarekin, ez delako norbere etxean norbera lasai egotea bakarrik. Era berean, erronka ere bada: aktibitatea ondo aztertu eta ezagutu behar duzu, aztertu diseinuak erabilgarritasunean nola lagunduko dion gehiena... Adibidez orain, Antziolan ari naiz podologia zentro berri baten diseinuan. Hor kontuan hartu behar da zer tresna erabili behar dituzten, zer mogimendu egiten dituzten... Kafe degustazio bat disinatzen ere ari naiz, Hernanin baita ere.
Ekonomia aldetik, nola dago diseinuaren sektorea. Zer eragin egin dio IKEA bezelako fenomenoak...
Batez ere altzari dendei uste dut min dezentea egin diela, bai. Erregalo kontua eta konplementu asuntoan ere bai. Txikiagoak garenoi ez digu hainbeste eragin. Gure aktibitate nagusia estudioko lana da, sormena, proiektuak, diseino integrala, obretan, lokaletan... Neregana lanpara bat erostera baino, beste zerbaiten bila dator jendea eta hori da gure merkatua.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!