TXARO Unzila Biteri kultur etxeko dantza garaikideko irakaslea da duela 15 bat urtetik baina lehenago ere kiroldegian aritu izan da klaseak ematen 4 bat urtez. Aurtengo kurtsoan 40 bat ikasle ditu eta adierazi digunez hasierako maila hauetan teknika menderatzea baino garrantzitsuagoa da dantzan gozatzea. Izan ere dantza garaikidea artea da, Txaroren hitzetan, eta helburua du gorputzaren bidez
istorio edo sentimenduak adieraztea.
Zer da dantza garaikidea?
Dantza garaikidea artea da, dantzaren bidez istorio edo emozioak kontatzea
baita asmoa. Ez da gimnasia mota bat, gertuago dago antzerkitik. Saiatzen gara
gorputzarekin gauzak kontatzen eta emozionatu arazten.
Dantza garaikidea baletetik sortu zen: baletan badaude mugimendu jakin batzuk
eta dantza garaikidea esperimentalagoa eta zabalagoa dela esango nuke. Dantza
garaikidea AEBn sortu zen eta Isadora Duncanen da antzindarietako bat. Asmoa zen
baletetik kanpo beste dantzatzeko era bat lantzea.
Normalean egiten ez diren gorputz mugimenduak egiten dira, ez dira adibidez
ikasleei esaten diedan bezala, Tilosetan egiten ditugun mugimenduak egiten.
Mugimendu kontrolatuak egiten dira, besteek ikusteko intentzioarekin. Energia
kanpora boteaz dantzatzen da.
Biterin ematen dituzun klaseetan zein mailatan aritzen zarete?
Biterin aurten hiru talde atera dira: batean maila ezberdinetako jendea dago
nahastuta, bestean hasi berriak daude eta hirugarren taldea sakontzekoa da.
Hasiera batean dantza garaikideko teknika menderatzea baino garrantzitsuagoa da
egiten lortzen ditugun mugimenduekin gozatzea. Hau da, ez ditut dantzariak
formatzen, disfrutatzen saiatzen gara. Ariketa sinpleak egiten ditugu eta
dantzarako gorputza kolokatzen saiatzen gara.
Zer egiten duzue klase batean, adibidez?
Klase guztiak, maila guztietan, beroketekin hasten dira. Beroketak dantza
teknikaren bidez egiten ditugu eta gorputzaren atal dexente berotzen ditugu.
Ekilibrioa ere lantzen da eta gorputzeko atal guztiekin estiramenduak egiten
ditugu. Dantzarako postura egokian jartzen ere ikasten dugu, grabitatearen
kontra joaten. Guzti hau talde guztietan egiten dugu sinpleago edo sakonago.
Ariketa guztiak hankutsik egiten dira eta barran, lurrean edo zutik egin
daitezke.
Tarteka-tarteka dantza txiki batzuk sartzen ditugu. Bukaeran diagonalak egiten
ditugu, klasearen aldetik aldera desplazaten gara musikaren erritmoa jarraituz.
Orain asmoa da astean ordu erdiz inprobisaziorako tarte bat uztea. Ikasle
bakoitzak bere kreatibidadea landu eta lotsa galtzeko. Tarte horretan dena libre
izango da.
Zein gaitasun behar dira dantzan egiteko?
Dantza garaikiderako beharrezkoa da erritmoa jarraitzeko kapazidadea eta
koordinazioa izatea. Horretaz gain mugimenduen bitartez emozioak transmititzeko
kapazidadea izan ezkero, askoz ere hobeto. Jarrera irekia izatea ere
garrantzitsua da, ez da dena kontrolatzen saiatu behar, garrantzitsua da lortzen
ditugun mugimenduekin disfrutatzea.
Nola hasi zinen dantza garaikidean?
Kasualitatez hasi nintzen. Ordura arte gorputz espresioa eta antzerkian ari
nintzen. Baina egun batean gizon baten emanaldia ikusi nuen, dantza garaikideko
bakarkako saio bat zen eta txundituta geratu nintzen. Gizon horrek klaseak non
ematen zituen jakin eta orduan hasi nintzen dantza garaikidean.
Klaseak emateaz gain emanaldiak ere egin dituzu?
Bai, gehienak Latinoamerikan egin izan ditut: Kolonbian, Ekuadorren eta
Bolivian esaterako. Euskal Herrira iritsi eta Juan Mari Beltran eta Joxan
Goikoetxearekin Txalaparta Festarako emanaldi bat ere egin nuen. TTanttaka
antzerki taldean ere, hasieran, aritu nintzen Biteri berritu aurretik. Iaz
Preludioan ere, ikasleekin batean, emanaldi bat egin genuen.
Dantzan aritzeko gorputz fin-fina izan behar al da?
Ez, ez da zertan gorputz fina izan behar. Izan ditut ikasleak gorpuzkera
ezberdinekoak: altuak, bajuak, izter potolodunak... Lehen aipatu ditugun
gaitasun minimo horiek izatea da beharrezkoa den bakarra. Hortik aurrera ordu
asko sartu behar dira eta landu.