Roberto Dos Santos fisioterapeuta da eta Hernanin ari da lanean bere kontsultan. Gaztetatik izan du zaletasuna. Karrera bukatu eta etxean jarri zuen kontsulta, Floridan, (El masajista del Txoko deitzen diote). Matia Fundazioak Hernanin duen errehabilitazio zentroan aritu da denbora batean eta futbol ekipo bat ere eraman du. Azkenean, pausoa eman eta bere kontsulta propioa jarri du Antziolan. Lan dezente darabilki, eta ostiral gaueko bederatzitan bilatu du tarte bat Kronikarekin hitz egiteko.
Zer da
zehatz esan da fisioterapia? Fisioterapia nahiko diziplina berria da, 1980an sortutakoa. Osasunaren barruan, bere helburu nagusia da gorputzaren funtzionalitateari eustea. Sendatzea, lesioak dauden kasuan, eta ez izateko bideak jartzea. Azken batean, pertsonen bizi kalitatea hobetzea bilatzen du fisioterapiak. Eremu berria izanik ere, azken urteetan asko zabaldu da. Hasieran, batez ere kirolari lotuta egon da. Orain zentro jeriatrikoetan aplikatzen da, heziketa bereziko lekuetan, gimnasiotan... Horretaz gain, fisioterapia aplikatzen da emakumeek haurra izan aurretik eta ondoren, arnasarekin zerikusia duten kontuetan, -batez ere asma eta bronkitisarekin-, arazo neurologikoak daudenean -paralisiak... Nola egiten da diagnosia eta sendatzeko zer teknika darabilzki fisioterapiak? Guk aztertu beharreko gorputz zatiaren mobilitatea, indarra eta pertsonaren sintomak hartzen ditugu kontuan, eta hori da neurtzen duguna. Berez, gure titulazioarekin ez dagokigu diagnosi medikoak egitea, nahiz eta jakin. Guk ebaluazioak egiten ditugu: muskulo honek hainbesteko mobilitatea du, halako indarrak, joera hau dauka, posizio honetara iristen da... Sendatzeko tekniketan, berriz, lanik gehiena eskuek egiten dute, teknika berrien laguntzaz: uhin motzak, termoterapia, ultrasoinuak, deskarga elektrikoak... Horiek denak batez ere mina arintzeko bideak dira. Zein alde dago, fisioterapeuta eta betiko masajista baten artean? Guk, fisioterapeutok, formazio unibertsitario zehatz bat daukagu. Karreran anatomia, fisiologia, biomekanika, psikologia eta abar ikasten ditugu, Osakidetzak homologatuta gaude, eta masajistek ez dute formazio hori. Gainera, masajea teknika bat gehiago da gure lanean, eta masajeak patologia batzuetarako balio du. Eta beste batzuetarako kaltegarria ere izan liteke... Zein min edo lesio izaten ditu jendeak gehiena? Denetik dago, belauneko minak, besogainekoak, baina, gehien-gehienak gerritako mina eta bizkarreko mina izaten dute: lunbalgiak eta zerbikalgiak. Bolada honetan adibidez, lunbalgia asko izan ditugu kontsultan. Opor ondorean, lesio gehiago izaten dira, gorputza geldik egon eta berriro lanean hastean. Lesio edo min horietatik zenbat dira norbere lanarekin lotutakoak? Asko. % 80 inguru norbere lanarekin lotutakoak direla esango nuke nik. Alde horretatik, zein dira lanbide okerrenak? Lan bakoitzak desberdin eragiten du. Igeltseroek gerrietatik sufritzen dute, fontaneroek belaun eta ukalondotik, ordenadore aurrean aritzen direnek zerbikaletatik, lanean zutik egoten direnek zirkulazio arazoak izaten dituzte, soldeatzaileek zerbikaletatik ibiltzen dira gaizki... Lanbideaz gain, zer beste kausa nagusi daude min horiek sortzeko? Batez ere estresa, sedentarismoa, gaizki jatea, eta postura txarrak. Horiek ere asko egiten dute. Janak hor ere hainbesteko garrantzia al du? Esaten den bezala, jaten duguna gara. Ondo jan ezean, zirkulazio arazoak izan litezke, muskuloak ez dira behar bezala oxigenatzen, ezin dute behar bezala lan egin, eta arazoak sortzen dira. Dezentetan gertatzen da gainera, muskulu bateko minarekin etorri eta benetako arazoa gibela edo estomagoa izatea. Zein dira ongizatearen ajeak, fisioterapiaren ikuspegitik? Gogortasuna, (rigideza), zirkulazio txarra, eta mina. Hori dakarki ondo bizitzeak! Lesio batzuk tratatatzean oso mugimendu bruskoak egiten dira batzutan, eta krakateko atera ere bai. Fisioterapiako tratamenduek alde horretatik, zer arrisku maila izan lezakete? Oso-oso kontuz ibili behar da, bai. Batzutan, krakateko haundiak ateratzea eta mina sentitzea seinale on bezala kontsideratzen dira. Eta ez du zertan hala izan. Gainera, posible da tratatu behar dugun lekuaren kontra-kontran ondatutako bertebra bat egotea, edo ukitzeak kalte egingo dion zerbait. Horregatik, diagnosi zuzena egitea oso-oso garrantzitsua da. |
Aholku praktikoak
|
«Gero eta gehiago modu prebentiboan dator jendea, eta antzeman egiten du aldea»
Batez ere gaizki ibili den jendea izaten da eta tratamenduari esker hobeto eusten diote.
Gorputzari kontu egiteko ohiturak ere aldatzen ari omen dira eta gaur egunean
jendea ez fisioterapeutarena edo masajistarena mina duenenean bakarrik joaten.
Batez ere arazoak izan dituen jendea, gero eta gehiago maiztasun jakin batekin
joaten da, bere egoerak eta lanbideak jartzen dion neurrira. Roberto Dos
Santosen ustez, fisioterapia prebentiboak indarra hartzen ari da, batez ere,
jendeak gero antzeman egiten duelako bere bizimoduan. «Maiztasun jakin batekin
bere gorputzari kontu egiten diotenek askoz hobeto aguantatzen dute beren lan
martxari, eta nekezago izaten dituzte lesioak». Fisioterapeuta hernaniarrak
aitortu du gaur egunean gorputzari zaion kulto eta miresmenak ere bultzatu duela
joera hori.
Hala ere, oraindik jende gehienak benetan arazoren bat duenean jotzen omen du
kontsultara.