Erreportajeak

Elias Querejeta:«Hernani da nere aberri bakarra»

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 24a, 03:00

Elias Querejeta - Zine produktorea

«Hernani da nere aberri bakarra»

Zinean «Neri interesatzen zaizkidan gaiak landu izan ditut, eta uste dut pertsona asko eta askori interesatzen zaizkienak direla. Batzuetan ez dira kontatzen, baina, kontatu ezkero jendeak estimatu egiten ditu».

Elias Querejeta (Hernani, 1934) zine produktorea da eta gidoiak ere idatzi izan ditu. Kimika eta zuzenbidea ikasi zituen, baina, zinea zen bere pasioa. Hemen dena utzi, eta Madrilera joan zen zinea egitera, eta 50 pelikulatik gora produzitu ditu. Hernaniarrak hainbat sari eta omenaldi ere jaso ditu bere lanagatik. Donostiako Zinemaldian izan da mahainguru batean hizketan, baina, egonaldi motza egin du. Bere agenda estuan tarte bat bilatu du Hernaniko Kronikarekin hitz egiteko, Maria Cristina Hotelean hartu gaitu, gozo. Hernani asko aldatu dela dio eta aspaldian ez dela izan; nostalgia sartzen zaio eta «bai, nere debilidadea!», dio. Hizketan hastean, ezagun du Hernani ondo barruan daramakiela.

Zer moduz Zinemaldian, Zerk ekarri zaitu aurtengo edizio honetara?
Beno, mahainguru bat egon da zinea eta demokraziari buruz. Hor hitz egitera etortzeko eskatu zidaten eta horretara etorri naiz.

Zer tesi defenditzen duzu gai horretan?
Zinea eta demokraziaren gaia Espainian kokatu beharrean, nik gaia zabalago planteatu dut. Zineak, bere sorreratikerregimen politiko ezberdinak bizi izan ditu munduan: diktadurak, demokrazia mota ezberdinak... eta orokorrean zinea mugimendu politikoetatik gertu egon izan da, eta gertu egoten jarraitzen du. Mende honetan, adibidez, Hitlerrek agintea hartu zuenean zinegile askok alde egin behar izan zuten, eta haiei esker zerbait gehiago dakigu nazismoari buruz.

Nola ikusten duzu zinea eta demokrazia hemen?
Asko hobetu dugu, ezta? Demokrazia aurretik bi zentsura pasa behar izaten ziren. Gidoia idatzitakoan bat, eta pelikula bukatutakoan bestea. Ni orduan, saiatzen nintzen gidoiarekin zentsuratzailea engainatzen, behin gidoia onartu eta gero benetako pelikula egiteko. Pelikula eginda, dena bukatuta zegoenean, beti ere zailagoa izaten zen aldatzea, moztea. Baina, hura izugarria zen, bai. Orain, gauza ikaragarri aldatu da, baina, ez dugu konformatu behar. Oraindik ere gehiago sakondu behar dugu, bai alde demokratikoan, eta baita, zinean, gure eginkizunean ere.

Denboran atzera eginda, nola gogoratzen du Elias Querejetak ume eta mutilkozkor garaiko Hernani?
Oso ondo, oso ondo gogoratzen dut. Orain dela urte batzuk Hernani urtekarirako elkarrizketa egin zidaten eta han Antoine de Saint-Exupery-ren zita bat aipatu nuen, Printze Txikiaren egilearena. Testu haietan esaten zuen bere aberri bakarra haurtzaroa zuela. Nik berari jarraituz esan nuen nere aberri bakarra ere haurtzaroa dela eta beraz Hernani dela nere aberri bakarra.
Hernanin oso ondo pasa nuen. Lagun onak izan nituen, segitzen dut lagun onak izaten, eta beti egiten dudan bezala, eskuminak Eusebio Muñoa Rekondori.

Tilosetako plazak, Santa Barbarak... oroitzapen berezia omen dute zuretzat?
Tilosetako plazan (zorion aurpegia jarrita)... Txirri frontoia... gero bota egin zuten, ez dakizu zuk nik zenbat jokatu dudan Txirrin. Zintzotasuna zinea ere bai. (Gaur ez da egongo, noski?) Hara joaten ginen pelikulak ikustera.

Futbolaria ere izana zera...
Bai (parrez). Etxean ere ibiltzen ginen, Eusebio porteroa zen. Gola sartzen nion bakoitzean, builaka Milagro!, milagro! esaten nuen. Realean 5-6 denboraldi egin nituen.

Nondik nora hasi zen Elias Querejetaren zine ibilbidea?
Ba ez dakit. Beti gustatu izan zait zinea, umetatik. Gero, Donostian zinekluba jarri genuen lagun batzuen artean. Zine mundura hurbiltzen eta hurbiltzen joan nintzen, eta gero, erabaki nuen futbola eta dena utzi, eta Madrilera joatea zinea egitera. Garai hartan Madril zen ofizio horretan ari zitekeen leku bakarra.

Kostatako erabakia izango zen dena utzi eta Madrila joatea?
Beno, bai. Madrilera joatekotan nenbilenean, pertsona batek nere anaia zaharrenari, Jose Mariri, galdetu zion zurrumurrua zabaldu zela eta ia egia ote zen nik Donostia utzi, futbola utzi, dena utzi eta Madrilera joan behar nuela... zinera dedikatzera. Eta Jose Marik: ah, ez dakit, galdetu Eliasi. Eta, orduan beste pertsonak: aizu Jose Mari, ez zan ba marikoi sartuko ezta?

Eta gero, Madrilen nola moldatu zinen?
Ez zen errexa izan, baina, lanean hasi nintzen pixkanaka... saiatu nintzen zinean egin nahi nuena eta interesatzen zitzaidana egiten. Zinea ulertzeko modu jakin bat dut, ofizioari heltzeko modu bat. Horrela lan egin dut beti, eta orain ere halaxe jarraitzen dut. Hortik aurrerakoa, bestek esango du.

Gai sozialak eta eguneroko bizitzari oso lotuta dauden kontuak landu edo bultzatu dituzu askotan.
Neri interesatzen zaizkidan gaiak landu izan ditut, eta uste dut pertsona asko eta askori interesatzen zaizkienak direla. Batzuetan ez dira kontatzen, baina, kontatu ezkero, beren erreflejoa izaten dute eta jendeak estimatu egiten ditu. Nolabait, kontatzen den horrekiko gertu sentitzen dira.

Kosta egiten al da zineko ibilbide osoan jarrera bati eustea?
Kosta, kosta... denei kostako zaie berea, ezta? Ni ez nago horri begira. Nik lana ulertzeko modu bat dut, eta horri jarraitzen diot.

Zinemaldira etorrita, egin al duzu Hernanira bueltarik?
Ez, ez naiz izandu. Eta aitortu behar dut: azkeneko aldian izan nintzanean, halako nostalgia sartu zitzaidan...! Hainbeste aldatu da dena, ez dakit, nere debilidadea...! Egia esan aspaldian ez naiz izan, eta oraingoan egon naiz sartu-atera bat egitekotan, baina, ez, halako zerbait ematen zidan-eta, ez, ezin dut.

Elias Querejetaren lanak sari asko jaso ditu, prestigio haundikoak batzuk, zure jaioterrian jasotakoa ere bai tartean. Xalapartak Hernaniar Bikaina izendatu zintuen.
Bai, Xalaparta Elkarteak eman zidan bai. Oso sari berezia izan da neretzako bai, eta bene-benetan esaten dut. Hernanin egon nintzen, eta saria Maria Rekondori eskaini nion, Eusebio Muñoa Rekondoren amari.

Ze proiektutan ari zara orain lanean?
Lan pare bat grabatzen ari gara, eta espero dut bi-hiru hilabetean bukatuta egotea. Nere alaba bere hurrengo pelikula prestatzen ari da... eta hortxe, lanean. Lan egitea gustatzeko suertea daukat.


Zinea eta politika
«Beti kezkatu izan nau errealitatea eta etorkizuna era bakar batean ulertzeko joerak. Oso arriskutsua da»

Euskal gatazka deitu izan denari buruzko gaiak ere landu izan dituzu. Nola ikusten da egoera zure begitik?
Uste dut nere sorterria ondo ezagutzen dudala. Urte luzeetan bere ibilbidearen parte izan naiz eta beti kezkatu izan nau errealitatea eta etorkizuna modu bakar batean ulertzeko joera egoteak, norbaitek bere buruan egia osoa baleuka bezala. Hori oso arriskutsua iruditzen zait. Eta gainera, gauza sentitzea, beren egia horretatik abiatuta, besteak bukatzeko metodoak jartzeko.
Nik gauza batzuk egin ditut gai honen inguruan, eta horregatik izan da. Inork ez dauka egia bere eskuetan, eta inor ez da egia osoaren jabe. Egia, besteak beste, aldatu egiten den zerbait da eta ez dago egia absoluturik. Ez dut uste metodo politikorik dagoenik, armaz kargatutako metodorik, egia hori inposatzeko arrazoia eta zilegitasuna ematen duenik.
Gai horren inguruan egin ditut Perseguidos, Asesinato en febrero eta Ciudadanos vascos. Espero dezagun, orain, perspektibak eta aukerak zabaldu dituen egoera hau asentatzea. Eta libre bizitzeko aukera izatean ondokoak edo frentekoak nola bizi behar duzun eta zer pentsatu behar duzun esan beharrik gabe.

Itxaropentsu zaude orduan...?
Bai, itxaropentsu nago, bai (galdera bukatzerako). Eta espero dut politikoak behar bezain abilak izatea, bakoitzak bere idea legitimoak aurrera ateratzeaz gain, moduak eta bideak aurkitzeko Euskal Herria esperantza leku izan dadin. Egon dadila pakean bizitzeko aukera eta modua, desberdin pentsatzeagatik anulatua izateko beldurrik gabe.

Zuk pertsonalki sentitu izan al duzu hori, anulatua izatea?
Noiz edo noiz bakarren batek esan izan dit gauzaren bat, nere ustez inondik ere ez zegokidana, baina, ahaztuta daukat.

Pelikulak
Los lunes al sol, Cuando vuelvas a mi lado, Barrio, Familia, La espalda del mundo, Asesinato en febrero, Perseguidos, Historias del Kronen, Una estación de paso, 27 horas, Tasio, El Sur, Feroz, Dulces Horas, Dedicatoria, Deprisa, deprisa, Mamá cumple 100 años, Los ojos vendados, A un dios desconocido, Elisa vida mía, Las palabras de Max, Cría cuervos, El desencanto, Pascual Duarte, El espíritu de la colmena, Habla mudita, La prima angélica, Ana y los lobos, El jardín de las delicias, eta Pepermint frape. Beste zenbait lan ere baditu.


Sariak
Zinemaldietan:
Berlinen, Cannes-en, Chicagon, Venecian, Vienan, Donostian, Miarritzen, Bordelen, Sao Paulon, Colonian, Valladoliden, San Franciscon, Londresen, Caracasen, Cairon, Miamin, Nantesen eta Italian Europako produktore onenaren saria jaso zuen 1987an. Horretaz gain, 1986an, Espainiako Zine sari nagusia jaso zuen, urteko lanik onenari ematen zaiona; 1998an, Arte eta Zine Akademiaren urrezko domina, eta 2001ean Espainiako Gobernuak Arte Ederren urrezko domina eman zion. 2003an, Donostiako Zinemaldiak, Donostiako Udalak, eta Euskal Filmotekak saritu zuten.


Hernani
«Ez, ez naiz aspaldi izandu. Eta aitortu behar dut azkeneko aldian izan nintzanean, halako nostalgia sartu zitzaidan... hainbeste aldatu da dena... Oraingoan egon naiz sartu-atera bat egitekotan, baina, ez, halako zerbait ematen zidan-eta, ez, ezin dut».

Euskera
«Hitzak eta kantuak badakizkit, baina ez dut sekula hitz egiteko moduan ikasi, ez. Amak oso ondo egiten zuen, baina, gu galarazi zuten garaikoak gara». Korrikako lehen edizioan, Herrian Gabriel Aresti-Tobera taldeak egin zuen kilometroa Hernanin, eta Elias Querejetak jarri zuen dirua.

Hernaniar Bikaina
«Oso sari berezia izan da neretzako bai, eta bene-benetan esaten dut. Hernanin izan nintzen, eta saria Maria Rekondori eskaini nion, Eusebio Muñoa Rekondoren amari».


Umetako kontuak
Gu Villa Gurutzen bizi ginen, Txantxillan, etxea bota zuten. Gogoratzen dut etxean ikasten ari nintzen batean, tarteka Buenos Airesko ijitoak etortzen ziren-eta, koartotik hor entzuten det ijitoa nere amari hoska: Doña Pakita! Doña Pakita!. Qué....? -amak- Pedemos robar fruta? Eta amak barrutik, si..., pero no rompáis las ramas!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!