Sagar eta sagardo egunean, urteroko egitarauari eusten diozue. Aldaketarako
tarte gutxi dagoelako edo erantzun ona duelako?
Sagar eta sagardo egunak oso erantzun ona du, bai, eta jendeak sagar eta
sagardoaren munduarekin zerikusia duen denetik dauka eskura: sagar erakusketak,
herriko sagardoa, zizarra (jende askok ez daki zizarra badenik ere), tresna
zaharrak, sagar biltzea... Egun polita izaten da eta jendea, herrikoak ez ezik,
kanpotik ere etortzen da: probintziakoa, eta hemen inguruan dabiltzan
atzerritarrak ere bai. Iaz Holandako koadrila haundi bat izan genuen.
Sagar erakusketa jartzekoa duzue, zer moduzko sagar urtea izango da
aurtengoa?
Sagardozaleen esanetan, hobeak izan dira. Uda lehorretik joan da, orain
ekaitzak... bai ematen du aurtengoa ez dela oso sagar urte ona izango, ez.
Hamaikagarren edizioa da aurtengoa, nola sortu zen sagar eta sagardoaren
festa hau?
Garai hura bolada konplikatua zen eta Hernaniri ez zioten fama onegirik
jartzen. Gauzak horrela, herriko jende batek pentsatu zuen tankera horretako
ekitaldiak antolatzea, bertako gauzak bultzatzea, bai herriari begira eta baita
kanpora begira ere. Lehenengo Sagar eta sagardo eguna Berriak merkatari elkarte
inguruko jendeak antolatu zuen, eta gero sortu zen Tolarea Gipuzkoako Sagardo
Naturalaren Kofradia. Geroztik, Tolareak antolatu izan du.
Sagardoa bultzatzeko ahaleginean zer lan egiten du Tolareak?
Batez ere enbajadore lana egiten du Tolarek, eta inork uste baino haundiagoa.
Hernanin urtean bi ekitaldi antolatzen ditugu geronek: Kofradiaren Kapitulua,
martxoko hirugarren igandean; eta Sagar eta sagardo eguna gaurko egunez,
irailaren hirugarren igandean. Gero, Txotx garaiaren hasierako jaian eta
Sagarrondotik ekitaldian ere laguntzen dugu.
Herrian bertan egiten dugun lanaz gain, urte osoan 30 herri eta hirietara joaten
da Tolarea: Kataluniara, Portugalera, Salamancara, Errioxa aldera, Landatara,
Iparraldeko herri dezentetara... eta guztietan Hernaniko sagardoa zabaldu eta
promozionatzen du: informazioa eman, helbideak... Egia esan, deitzen diguten
denetara iritsi ezinik ibiltzen gara. Jende asko behar da eta, batzuetan, nahiko
nekosoa ere egiten da.
Harrigarria da jendeak nolako estimua dion Tolareari. Berez, Kofradiok elkarte
batean bilduta gaude, eta Txakolinarekin batean Tolarea da estimazio gehiena
duena. Hernanira datozenean, gozatu egiten dute. Uste dut gero eta gehiago
ezagutzen gaituztela.
Nola ikusten dute Hernaniko sagardozaleek Tolarearen lana?
Ondo ikusten dute. Antolatzen ditugun ekitaldiak elkarrekin antolatzen
ditugu eta berekin hartu eman zuzena dugu, eta berak ere bai gurekin.
Tolareak Hernaniko sagardotegiak biltzen ditu, zer harreman duzue beste
Sagardo elkarteekin, Astigarragako Sagardunekin...?
Gure lana zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta harreman hobea dugu
Astigarragakoekin. Azken urteotan gonbidatzen gaituzte beren ekitaldietara. Izan
ere, azken batean gu sagardo kofradia gara, Hernanikoa bai, baina, Astigarragako
berri galdetzen badigute, ba guk informazio hori eman egiten diegu. Hemen denok
elkarren ondoan gaude. Gu elkarte bat garen neurrian, beste elkarteekin ere
harreman ona izatea komeni da.
Zenbat bazkide zarete Kofradian?
Denera 80 inguru gara, ohorezko kofrade izendatutakoak kontatu gabe. Egia
esan, nahi genuke jende gaztea gehiago animatzea Tolareara, baina, ez dugu
asmatu izan.
Nola dago Sagardoaren museoaren kontua?
Guk daukagun azkeneko berria da Ave Maria villan jartzeko asmoa zutela,
baina, ezer gutxi gehiago. Momentu honetan uste dut nahiko geldituta dagoela.