Zerk bultzatu zintuen DYAko boluntario izatera?
Betidanik gustatu zait mundu hau, ni farmazeutikoa naiz. Aparte, jendeari
laguntzea eta gauza horiek betidanik izan ditut gustoko. Horregatik, kurtsiloa
egin nuen behin. Hiruzpalau eginak nituen ordurako, eta beste bat egin nuen DYAn
sartzeko.
Nolakoa da sartzeko egin behar den ikastaroa?
DYAk ematen ditu kanporako kurtso batzuk eta horietan erakusten dira
oinarrizko gauzak kalean egon daitezkeen arazoen aurrean lehenengo atentzioa
emateko: bendaje bat edo RCP edo halako zeozer. DYAn sartzeko kurtsilo hori
behar da, eta behin sartuta beste kurtso batzuk ematen dira: anbulantziako
materiala nola erabili, desfibriladore kurtsiloa eta maila altuagokoak.
Sartzen zarenean, aspirantea zara eta kurtsiloen, esperientziaren eta orduen
arabera igotzen joaten zara.
Kanpoko jendeari begira egiten diren ikastaro horiek zein dira?
Emergentzietakoak, zaharrak zaintzeko ikastaroak, kiroletarako kurtsiloak,
bide heziketakoak, desfibriladore kurtsiloak... Asko daude. Gainera orain
EHUrekin konbenio bat dago, eta kurtsilo horiekin kredituak ematen dituzte.
Sakrifizio haundia da boluntario izatea?
Guztia bezala, pertsonaren araberakoa da. Sokorrista mota asko daude.
Badaude sokorrista ´normalak`, etorri eta beren orduak sartzen dituztenak. Beti
egiten dugu minimo batzuk betetzeko hilabetean, baina bakoitzak nahi dituen
orduak sartzen ditu. Gero karguak ditugunok bete egin behar ditugu gure
obligazioak, eta horrekin badaukazu sakrifizio haundiagoa.
Lan guztia boluntarioa da?
Bai, gu guztiok boluntarioak gara. Kobratzen duten bakarrak zortzi orduz
telefonoari erantzuten daudenak dira baina anbulantzietan aritzen garen guztiak
boluntarioak gara.
Zein da lan normalena?
Orain, udara partean prebentzio lanetan aritzen gara gehiena. Orain adibidez
Beteranoen Atletismo Mundiala dago eta guk kubritzen dugu. Gainera orain
hondartzetan ere lan egiten dugu, eta hor daudenek ere kobratzen dute, zortzi
orduz daudelako egunero.
Kasu gogor asko tokatu al zaizkizu?
Bai, hildakoak eta guzti. Horren aurrean eduki dezakezun erreakzioa pertsona
motaren araberakoa da. Ni adibidez nahiko hotza naiz. Bizpahiru hildako ikusi
ditut eta besterik gabe. Hala ere ikusi dut jendea bere lehenengo emergentzian
hildako bat dena lehertuta ikusi eta gaizki pasatzen. Normala da, noski.
Hala ere hori baino okerragoa da ikustea pertsona bat lehertuta dagoela baina
bizirik. Bestea hilda ikusten duzu eta esaten duzu ´hilda dago, ezin dut ezer
egin`. Baino bizirik ikusita esaten duzu ´zer egin dezaket nik orain pertsona
hau salbatzeko?`.
Ze ezaugarri behar da horrelako momentuetan?
Gehienbat lasaitasuna. Guztiak jartzen gara urduri, baina beti egon behar da
beteranoa jendea antolatzeko. Esperientziak erakusten dizu momentu bakoitzean
zer egin, baina beti saiatzen zara ahal duzun hoberena egiten.