Erreportajeak

Jokin Nazabal: «Euskera erabiltzeari ematen diogu lehentasuna, eta metodologia horretara dago prestatua»

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 11a, 03:00

Udal Euskaltegiarentzat nola dator aurtengo matrikulazio kanpaina?
Izan dira urte batzuk matrikulazioa pixkana jaitsi egiten zena. Joan den urtean inflexio puntua izan zen eta gora egin zuen. Gurean adibidez, talde bat kanpoan utzi behar izan genuen, irakasle faltagatik. Gorakada horren arrazoi nagusiak bi izan litezke, batez ere: bat, HABEk jarritako titulazio sistema berria, eta bestea, Osakidetzan euskara plana martxan jarri izana.
Aurten espero duguna da goranzko joera horri eustea, behintzat. Bestalde, askoz ikasle gehiago hartzeko aukerarik ere ez daukagu. Gauden irakaslegoa gaude eta ez daukagu haunditzeko aukerarik.

Zein dira berritasun nagusiak?
Berritasuna izango da azken bi urteetako esperientzia pilotua zabaldu eta sendotzea. Berez, orain dela bi urte hasi ginen astelehenetik ostiralera egunero bi orduko formularen ordez, astean lau egunetan klasea eta bosgarrenean tutoretza sartzen. Horrek aukera ematen du ikasleari jarraipen pertsonalizatua hobeto egin eta bakoitzaren gabezia propioak lantzeko. Iaz maila guztietan esperimentatu genuen formula hori eta aurten sendotu egingo dugu.
Ikastaro aldetik, EGA arteko maila guztiak eskainiko ditugu, goiz eta arratsalde. Eta azken urteetan ikastaro bereziak ematen ditugu guraso eta merkatarientzat.
On-Line ikastaroa ere izango dugu osasun munduko jendearentzat, Osakidetza eta HABEren arteko hitzarmenetik datorrena. Ez dakigu zehatz noiz hasiko den eta bere garaian adieraziko dugu.
Autoikaskuntza sistema moldatzeko modua ere aztertzen ari gara.

Metodologia aldetik nola erakusten duzue euskera, zeri ematen diozue lehentasuna?
Guk euskera erabiltzeari ematen diogu lehentasuna. Metodologia prestatua dago hizkuntzarekin gauzak egiteko, praktikan jartzeko. Gero, bai, osagarri inportantea da erreflexioari tartea ematea: hitz egin bai, baina, gero erreflexionatu gramatikan, diskurtsoan... Horrek lagundu egiten du. Formari erreparatzen diogu, baina, beti erabilerari begira. Inglesean ere hori dago orain punta-puntan. Material asko sortu dugu Hernanin horren inguruan, eta gehiena argitaratuta dago.

Zerk bultzatuta dator jendea euskera ikastera?
Ikusten da bi arrazoi nagusi daudela. Batetik, jende askok ditu lagun euskaldunak, euskeraz dakitenak familian, seme-alabak ikastolan... eta norbere inguruarekin euskeraz hitz egin nahia bada arrazoi sendo bat. Orain, galdetzen badiezu, eta titulurik atera nahi duzu? Ahal bada bai, erantzuten dizute. Orduan, ba, nik uste bi arrazoi horiek elkar osatzen dutela.

Hasten direnetatik zenbatek ikasten dute?
Beno, hor faseak izaten dira. Hasieran, batzuei gogorra egiten zaie eta utzi egiten dute, baina, jarraitzen duten gehienak ateratzen dute lehenengo titulua. Gero iristen zaie puntu bat euskaltegikoa bakarrik ez dena nahikoa, eta kalean landu behar dutena. Eta hor dago koxka. Batzuk moldatzen dira, eta besteak lanak izaten dituzte. Hor kaleko ohiturek ere badute zer esana. Behar bada, Hernanin euskeraz dakitenek euskeraz hitz egingo balute... Batzuk hor etsi egiten dute eta handik urte batzuetara euskaltegira datoz berriro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!