Erreportajeak

Arantzazu Zugasti: «Gai sozialak dira gure oinarri nagusia»

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 12a, 02:00

Arantzazu Zugasti kazetari hernaniarra da Noticias de Gipuzkoa egunkari berriko zuzendari albokoa. Egunkariak ia hiru hilabete bete ditu eta Zugasti oso gustora dago proiektu berriak jaso duen erantzunarekin. Hernaniarrak egunkariko bere bulegoan hartu du Kronika, bileraz bilerako egunari tarte bat kenduta.
 

2005eko azaroan atera zen Noticias de Gipuzkoa egunkari berria. Denbora tarte horrek eman duenarekin zer balorazio egin duzue?
Askotan, hiru hilabete gutxi da, baina, gure aldetik oso balorazio ona egiten dugu. Oso gustora gaude, bai helburu aldetik eta bai, enpresa aldetik. Lehenengo momentutik guk azaldu nahi genuena zen egunkari berria ginela, eta eduki berriak ere eskainiko genituela. Bestetik, orain arte Gipuzkoan egunkari bakarra zegoen Gipuzkoa mailakoa, eta azkeneko 30 urteotan ia monopolio bihurtu da. Egia da, baita, Gipuzkoako argazki ideologiko-soziologiko batekin horrelako egunkari batek kontraesanak ere jartzen dituela mahai gainean. Hor, guk ikusten genuen aukera bazegoela lana egiteko. Hortik aurrera, gure filosofiaren oinarri-oinarrian dago egunkari transbertsala izan nahi dugula, iritzi ezberdinak plazaratzeko plaza. Alde horretatik, guk distantzia planteatu nahi dugu alderdi oso konkretu batzuekin oso lotuta dagoen prentsarekin.

Eta Arantzazu Zugasti nola sentitzen da proiektu berriaren zuzendari lanetan?
Zuzendariari galdetzen badiozu, esango dizu asko kosta zitzaidala baietz esatea (erdi brometan). Oso seguru sentitzen naiz, alde batetik, goitik bidea norbaitek urratu didalako, eta bestaldetik, atzetik izugarrizko ekipoa daukadalako. Ikaragarria! Guztira, 70 pertsonako lan taldea gara, eta horrek izugarrizko babesa ematen dizu.
Gero, nik epe luzerako mentalitatea daukat, eta gustatzen zait jakitea nora joan behar dugun. Hori buruan edukitzea eta neurtzea informazio bakoitza zer izango den, hori da nik dudan erronka, ez prentsaurreko batera joan edo bestera joan. Lan giroa ona izatea ere oso garrantzitsua da. Lan giro onarekin erdia egina daukazu. Guk oso ona daukagu eta horri eustea da nere beste erronka bat.

Kontatu egun bateko lana
Goizean 10:00ak aldean hasten naiz, eta goiza nahiko lasaia izaten da. Lana bezperatik antolatua dago. Eguerdian, 13:00ak aldera bilera egiten dugu egunak dakarrena aztertzeko (gero dena goitik behera aldatu liteke, baina, beno). Gero, gu hiru egunkari gara taldean -Nafarroa eta Arabako Diario de Noticias eta gu- eta daukagun informazioa nola antolatu ere koordinatzen dugu. Informazio hori guztia nola koordinatu eta nola atera etekin gehiena, hori da aurrera begira dugun erronka haundietako bat. Eta alde komertzialerako ere aukera haundiak ematen ditu.
Arratsaldean, erredaktore buru bakoitzak bere saila antolatzen du, informazio bakoitzari dagokion espazioa emanez eta nere lana da iritzi saila antolatzea. Azkenik, iluntzeko 20:00etan gai nagusi guztiak mahai gainean jarri, egunak eman dituenak eta geuk sortuak, eta portada antolatzen dugu denon artean. Hori da ariketa politena, arriskutsuena, hurrengo egunean neurtuko zaituena.

Ze kriterioren arabera ematen diozue titularra gai bati edo besteari?
Gu, azkenean, Gipuzkoako egunkari bat gara. Zenbait gauzetan sortzen den gaia sortzen dela horrek dauka garrantzia. Horrek ez dauka bueltarik. Baina, guk gai propio asko sortzen ditugu eta gai sozialetan oinarritu dugu gure lana. Horrek aukera pila bat ematen dizu. Ze, hor daude eguneroko bizimoduko gauzak, zerikusia daukatenak zure bizimoduarekin, zure familiako egoerarekin, bizitzaren antolaketarekin... Eta horrek titular oso politak ematen dizkigu. Gureak baldin badira horri ematen diogu lehentasuna. Hori da apustua.
Noski, horrek ez du esan nahi politikan sartzen ez garenik, noiz eta orain. Baina, politika gaietan saturazio puntu bat dago.

Gai sozialak dira orduan zuen apustuaren oinarri?
Bai, hasieratik, eta lan taldea bera ere egituratuta daukagu maila horretan. Gai sozialetan egunero 5-6 lagun dabiltza lanean. Eta gai sozial asko herrietatik ateratzen ditugu. Guk Gipuzkoako ikuspegia ematen dugu, Gipuzkoa begirada batean, hori da gure planteamendua. Eta Gipuzkoa oso txikia denez, berehala jabetzen gara herri bateko gai sozial batek Gipuzkoa osoko transzendentzia daukala. Hernanin txotxeko gaiarekin gertatzen da hori, edo Irunen garbitasun grebarekin edo beste gai askorekin. Eta horrek izugarrizko jokoa ematen digu.

ETBk Nafarroan izan zuen aurreneko korresponsaria eta Herri Irratian eskolatutako kazetaria

Arantzazu Zugasti komunikazioaren alor ezberdinetan ondo zaildutako pertsona da, eta gaztetatik. Iruñean kazetaritza ikasten hasi eta Arturo Kanpionen euskerazko klaseak ematen ari zela ETBk fitxatu zuen Nafarroako korresponsari lanak egiteko. Bera izan da ETBk Nafarroan izan zuen lehenengo berri emailea «Badakizu, gaztea-ta» dio Arantzazuk ezpainei kozka eginez ardura hari baiezkoa errexegi esan izan balio bezala. Karrera bukatzean Hernanira bueltatu eta Herri Irratian eskaini zuen bere burua. «Herri Irratia nere etxeko saloiaren prolongazio bat bezela zen, egunero eta egun osoan entzuten genuen». Hartu egin zuten, eta Mariano Ferrer, Koldo Ordozgoitik eta Karmele Aranburu bezalako kazetariekin aritu zen eskuz esku, lau urtetan. Kazetaritza ulertzeko eta lantzeko modua hor finkatu zituela dio Arantzazuk: sentidu kritikoa, norbere gaiak lantzea ikuspegi guztiak kontuak hartuta... «Herri Irratia izan da nere eskola» dio.
Herri Irratian Txaro Arteaga ere ezagutu zuen. Emakunde sortu zenean, Arteagak emakundeko prentsa buru izendatu zuen eta bost urtez aritu da Gasteizen lanean. Kazetaritzan aritzeko oso garrantzitsua da administrazioa barrutik ezagutzea, nola lan egiten den ikusteko. «Baina, atera ere egin behar da, bestela, jan egiten zaitu». Azken urteetan familia eta lana tartekatuz ibili da kazetari hernaniarra. Komunikazio enpresa propioa sortu zuen.
Noticias de Gipuzkoako zuzendari albokoa izatea proposatu ziotenean ez zuen baiezkoa aurrenekoan eman, eta aitortu du familiaren apoioa klabea izan zela erabakian.
Gaur eguneko kazetaritzari buruz modu kritikoan hitz egiten du. «Oso komodoa izan da azken urte hauetan prentsa gabineteak eta prentsa buruak sortzea eta informazioa oso egina iristen zaigu. Oso errexa izan da. Eta neroni ere urte askotan ibili naiz horretan, eh! Baina, beti oso kezkatuta egon naiz eta gustatu izan zait gai bat landutakoan beste kazetariek ere interesa izatea. Baina, ez da horrela izan. Prentsak azaldu duena da komodidadea ematen zeniola eta horrekin konformatzen zen. Errealitatearen neurria galdu egin dugu, eta askotan ari gara bestei interesatzen zaiena kontatzen bakarrik. Azkenean eguneroko komunikabideen lana bihurtu da gaur zer prentsaurreko daude. Instituzioek ez badituzte gai batzuk agendan jartzen, zergatik horiek ez dira aktualitatea?»
Arantzazu Zugasti Donostian bizi da gaur egunean, baina, larunbatero Hernanin izaten da: familia, lagunak, kale buelta, aperitiboa jakineko tabernan. Ez dago Hernani ahazteko.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!