Nömadak TX proiektuaren
zuzenekoarekin orain hasi zarete. Filma eta diskoa, ordea, orain dela bi urte ezagutu genituen..
Egia da Euskal Herrian ohituta gaudela proiektuak epe motzagoan egin eta gauzatzen. Gu, ordea, proiektu honekin dexente luzatu gara lan talde txikia garelako eta proiektuak dimentsio handia hartu duelako. Proiektuaren azken zatia zuzeneko hau da eta filma eta musika bateratu nahi izan ditugu. Nahiko konplexua da teknikoki. Horrez gain, bi urtez kontzertuak alde batera utzita genituen eta eszenarioetara itzultzea izan da.
Zer moduzkoa izan da
itzulera?
Bi urte agertokietatik kanpo egin arren, publikoaren aldetik harrera ona jaso dugu. Aurkezpen biran, Miarritzekoa ezik, antzoki guztiak bete ziren. Nik uste sinergia moduko bat lortu duela proiektuak. Ez da berria, baina beti dago berritasunen bat. Zuzenekoan, esaterako, filman baino sekuentzia gehiago azaltzen dira eta garrantzia gehiago ematen zaie proiektuan parte hartu duten musikariei. Gainera, zuzenekoa, kontzertua baino gehiago, ikuskizun edo multimedia da.
Zuen bidaietan ezagututako herrialde ezberdinetako musikariak aritu dira zuekin aurkezpen biran. Ondo moldatu al zarete?
Bidaietan musikari asko ezagutu genituen eta saiakera egin genuen haietako batzuk hona ekartzeko, baina ez genuen lortu. Batez ere, lege arazoak izan dira tartean. Beraz, bertako musikariak ekarri ditugu, baina ez juxtu pelikulan ateratzen direnak. Gainera, gure asmoa aurkezpenerako bakarrik ekartzea zen, baina elkarrekin ondo sentitu garela ikusita, etorkizunean ere baliteke elkarrekin aritzea.
Aurkezpen emanaldietan ezin Mikel Laboa omendu gabe utzi...
Gure proiektuan parte hartu eta lagundu izana eskertu nahi izan dugu. Askorentzat bezala guretzat beti izan da erreferente bat, baina proiektu honetarako bereziki. Martxa baten lehen notak kanta eskatu genion eta hala, bera eta Joxan Artze, bi pertsona oso esanguratsu batu dira proiektuan. Nahiz eta kantua lehendik ezagutu, proiektuarekin barneratu dugu hitzaren esanahia eta abestiaren mezua proiektuaren funtsa bilakatu da.
Ikuskizuna antzoki handietan
soilik eskainiko duzue?
Guk orain bi emanaldi mota eskaintzen ditugu. Alde batetik, aipatu bezala, ongi prestatutako antzoki handietara zuzendutakoak, eta bestetik, karpa ibiltari baten bidez halako antzokirik ez duten herrietara zuzendutakoak. Formatu txikiagoan eskaintzen dugu ikuskizuna.
Nömadak TX proiektuak
luzerako al du?
Oraindik bai. Alde batetik filma dago. Filma 2006an aurkeztu zen hemen, baina kanpora begira, lehenik erabaki zen festibaletan aritzea eta gero, zine aretoetara zuzentzea. Orain estreinatuko da Europako zineetan, hala nola, Alemanian, Bulgarian, Herbeheretan, Ingalaterran... Bestalde, filma estreinatzen den lekuetan kontzertuak ere eskaintzeko aprobetxatuko dugu. Bestetik, urrian AEBetara joateko asmoa dugu. Harmonia Mundi estatu mailako diskoetxe bat da eta gure diskoa aurten kaleratu dute. Eta AEBetatik iritsita, Madrilen ere orain ezagutu dute!
Ez zaudete nekatuta?
Agian beste zerbaitetan
hasteko gogoa...
Batzuetan pixka bat bai, baina oraindik ilusionatuta gaude. Orain joango da pixkanaka proiektua osatzen: diskoa eta filma zabaltzen, gu kontzertuak eskaintzen... Gainera, taldea berria da. Dena dela, baditugu beste proiektu batzuk buruan.