Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] MARIAN BEITIALARRANGOITIA

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 16a, 02:00

Bigarren aldia izango da Iruñean egindako deklarazioengatik deitu zaituztela Auzitegi Nazionalera. Aurreko aldian epaileak kasua artxibatu egin zuen, baina orain, fiskalaren eskariari kasu eginda auzia berriz irekitzea erabaki du. Ze irakurketa egiten duzu?
Fiskaltzak auzia irekitzea eskatzea eta eman diren pausu guztiek, nik uste, irakurketa bera dutela. Badagoela kriminalizatzeko nahi bat, badagoela erabaki guzti horietan bultzada politiko bat, eta bultzada politiko horrek bilatzen duena da, nola edo ahala, nire aurka egitea. Ez nire aurka Marian Beitialarrangoitiaren aurka egiteagatik, Ezker Abertzalearen kontrako dinamika baten barruan ulertu behar da auzi hau. Hernanirekin, hasieratik, bi urte hauetan, fijazio berezia eta oso nabarmena izan da. Nire pertsonarekiko prentsan esan diren hainbat gauza ikusita, jarraipen oso berezia izan dut. Interes politiko baten zerbitzura jarritako prozedura judiziala da. Nik uste irakurketa oso garbia dela, nola edo ahala Ezker Abertzalea instituzioetatik kanpo nahi dute.

Anaitasunan egindako adierazpen haiek zer esan haundia eman dute, poliziari torturak leporatzea eta terrorismoa goratzea egotzi dizute hitz haiengatik....
Hasieratik pentsatzen nuen gauza bera esango dut orain, nik badakit esaldi horretan ez dagoela deliturik. Benetan larria iruditzen zaidana da, torturak izan direla zantzu nabarmenak daudenean, indar gehiago jartzea kasua azaleratu duen pertsona baten aurka egiten, eta ez, torturak izan ziren edo ez ziren argitzen. Nik ez diot inorri eskatzen nik momentu hartan neukan segurtasuna izatea, alegia, bi gazte hauek torturatu zituztela sinistea huts hutsean, baina ardura dutenek hori argitu beharko lukete. Hori da bat, eta bestea da, politikariek esaten digutenean ideiak ez direla jazarri nahi, kasu honetan sentimenduak ere jazarri nahi dira. Pertsona horiekiko gertutasuna eta kariño pixka bat adieraztea delitua bada, nora goaz?

Fiskalak urte beteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazio eskaria egin ditu. Epaileak fiskalaren eskaria onartuko balu, eta udaletxeari begira jarrita, zein ondorio ekarriko luke honek udaletxean? Aurreikusi dituzue aukera ezberdinak?
Ez dago guztiz gure esku, baina uste dut eskariak berak erakusten duela ondorioak nondik bilatzen diren. Kuriosoa da, inhabilitazio absolutua eskatzen dutela, horrek esan nahi du, gaur egun dudan kargurako, eta etorkizunean tentazioa izango banu beste zerbaitetan aurkezteko, ez nukeela aurkezterik izango. Erruduntzat jotzen banaute, nik noski errekurtsoa aurkezteko aukera daukat, errekurtso horrek Epaitegi Gorenera joan behar du, eta Epaitegi Gorenak erabaki bitartean ez da ezer pasako Udalean. Epaitegi Gorenak erabakitzen duen egunean, erruduntzat jotzen banaute, inhabilitatu egingo nindukete, beraz ez nintzakete Hernaniko Alkatea izango. Ni buru nintzen zerrendako hurrengoak sartu beharko luke, beraz guk 8 boto izaten jarraitu beharko genuke. Zer gertatuko den? Batek daki. Helburua gu udaletxetik kentzea baldin bada nik ez dut baztertzen alegin guztiak egitea, baita horretarako legeak aldatu behar badira ere, zortzigarrenak sartzeko modurik izan ez dezan.

Epaiketa hau adierazpen askatasunaren aurkakoa ere badela salatu duzue duela gutxi Giza Eskubide batzordean. Gobernu taldeari leporatu izan zaio adierazpen askatasunaren kontrako eraso guztiak ez dituela berdin salatzen. Zer esango zenuke honen inguruan?
Gu egia esan, ohituegiak gaude bi errealitate aurrez aurre jartzearen tenkatze horrekin. Atentatu bat edo halako egoera zail eta bortitzekin zerikusia duten egoeratan guk egin izan dugun irakurketa izan da, herri honetan badaukagula auzi bat eta hori gainditzeko lan egin behar dugula. Kondenak ez du balio, besteak beste, kondena horrek gu kriminalizatzea bilatzen duelako eta badituelako helburu politiko batzuk. Guk beti esan dugu ez garela horretan sartuko. Horrek ez du esan nahi ez dugunik errealitatearen parte bat ikusten. Baina nolabait ere oposizioak leporatu nahi izan digu hori ez dela nahikoa. Era berean, oso polita da esatea «partiduen legearen kontra nago», baina horren espresioak etortzen direnean, eta niri ez, baina aldamenekoari eragiten diotenean ez ikusiarena egitea. Beraiek diote kontra daudela, baina uste dut defendatu behar dutela sinisten duten hura. Elkarri esateak ez duela errealitatearen osotasuna berdin hartzen, ez gaitu orain arteko zurrunbilloan sartu besterik egiten. Nik nahi dudana da hori gainditzea.

Bizi dugun gatazkak alde bat baino gehiago ditu. Zure ustez alde bakoitzak zein urrats eman behar du konponbidea lortzeko?
Nik garbi daukat, elementuak aspaldi daudela mahai gainean. Eta azkeneko elkarrizketa prozesuak erakutsi zuen arriskatzeko gogoa baldin badago badagoela soluzioa. Desarmerako proposamenak ere mahai gainean izan ziren. Puntu horretara herri hau ez da inoiz iritsi, eta zapuztu egin zen. Nik garbi daukat gauza bat, herri honetan, edo Estatu Espainolean, buruzagi batek ulertzen duen egunean hau soluzionatuz etekin gehiago ateratzen duela, baita alderdi bezala ere, hau mantenduz baino, hau konpondua dagoela. Baina zergatik ez dugu aurrera egiten? Seguruenera denok daukagu zertan amore emana, baina herri bezala dagokiguna da batzuei esatea herri honek beste etorkizun bat nahi duela, bere hitza errespetatuko den etorkizun bat, indarkeriarik egongo ez den etorkizun bat, eta abar. Eta ni seguru nago, hori aitortzera iritsita, beste korapilo batzuk ere askatuko liratekeela. Ni seguru nago, hortara iritsiko bagina, indarkeria ere desagertuko litzatekeela. Arazoa da ez gaudela horretara ere iristeko prest, nahiz eta autodeterminazio eskubidea nazioartean onartutako eskubide bat izan. Esaten ari naizen hau, demokraziaren oinarri bat da, ez da ez dakit zer baldintza, halako batek indarkeriaz jarri dezakeena. Nolabait batu egin beharko dugu, errealitate hori ukatu nahi digutenen aurrean, esateko, ez dezatela gehiago indarkeria aitzakia bezala erabili oinarrizko eskubide bat dena ez aitortzeko.

Zure kontrako epaiketa izango zela jakin zenetik, elkartasun eta babes adierazpenak jaso dituzu...
Zorionez herri honetan babes haundia daukat, zorionez ez soilik niri botoa eman zidan jendearen aldetik. Zorionez, asko daude politikaren interes maltzurrek itsutzen ez dituztenak, eta errealitate bat injustua denean ikusten dutenak, nahiz eta nik bezala ez pentsatu. Hori ari naiz jasotzen eta eskertu egin nahi nuke. Batzuek beste era batera interpretatuta ere, neretzat esker onekoa izatea oso inportantea da. Ni udalean sartu nintzenean, sartu banintzen izan zen: bat, garbi neuzkalako ideia batzuk; bi, lanerako gogoa eta indarra neukalako; eta hiru, babesa sentitu nuelako. Bi urte pasa dira, komentzimendu politikoak berdin jarraitzen du, indarrak eta lanerako gogoak berdin jarraitzen du, eta babesak ere berdin jarraitzen du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!