Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Ruben Jimenez - Afrikar perkusioarekin maitemindua

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 9a, 02:00

Nolatan hernaniar bat Afrikar perkusio tailerreko irakasle?

Hogei urterekin nire lagun onena hil zen. Horren eraginez indar asko nuen barruan, nolabait atera beharreko indarra. Afrikar perkusioa oso gustoko neukan eta indarra bide horretatik ateratzea pentsatu nuen. Beraz, orain 12 urte inguru hasi nintzen.

Zeure kabuz hasi zinen jotzen edo nonbait ikasi zenuen?

Hendaian dagoen Lanetik egina erakunde soziomusikalean hasi nintzen. Bertan bost urte pasa nituen. Gauza ezberdin asko ikasi nituen bertan, inguru hartan, hemen baino askoz irakasle gehiago daude, gehiago eta asko dakitenak. Behin ikasita, Afrikara joatea erabaki nuen, 2003 garren urtean gutxi gora behera. Aurrenekoz Imperio de Malira joan nintzen. Lehen egonaldia bertako herrixka batean egin nuen eta ezkontzetan eta abar jotzen aritu nintzen. Han asteburu guztietan izaten dira ezkontzak, eta perkusioz lagunduta izaten dira. Hango herritarrekin jotzen nuen ezkontzetan. Ondoren, Gineako beste herrixka batean ere egon nintzen, hilabete eta erdi inguru. Han ikasi nuen doudoumd-a jotzen, gerlarien erritmoa bezala da ezaguna.

Gainera Afrika mendebaldeko perkusioa erakutsiko duzu. Zein berezitasun du eta zertan ezberdintzen da besteetatik?

Ezberdintasunak asko dira. Afrika mendebaldeko perkusioa tradizioa da, gainera, ahoz aho pasa den tradizioa da. Orala da dena eta denbora pasa ahala asko sakondu dute perkusioa. Hala ere, aintzinako tradizio hori mantentzen jarraitzen dute. Beste perkusio motekin konparatuta, mendebaldekoak duena da oso erakargarria dela. Danbor hotsa da batez ere, indarra transmititzen duen danborra. Gainera, oso melodikoa da. Han bizi egiten dute perkusioa, igandero jotzen dute ezkontzetan... hemen ordea oso zaila da, beste era batera bizi gara; oso ezberdina da.

Beraz, Euskal Herrian dugun perkusio motekin konparatuta ere oso ezberdina da Afrika mendebaldekoa konparatuz ezta?

Hainbeste erritmo ezberdin daude... normala da oso ezberdinak izatea. Baina Afrikar mendebaldekoarekin konparatuz, ezberdintasun bat aipatzekotan, hango aberastasuna azpimarratuko nuke. Afrika mendebaldeko erritmoak itsaso zabal bat dira, aberatsak, ugariak. Hemengoak aldiz laku txiki bat izango lirateke. Hango erritmo bat ikasten duzunean beste ate bat irekitzen zaizu, ezberdina den ate bat; ezagutzen ez duzuna. Eta hori ikasitakoan beste bat, amaierarik izango ez balu bezala. Hemen aldiz lau gauza daude ikasteko.

Gaurkoan izango duzu aukera dakizun guzti hori hernaniarrei erakusteko. Zein perkusio instrumentu erakutsiko dituzu jotzen?

Batez ere bi perkusio mota jotzen irakatsiko dut. Horietako bat Dje ni-engoni izango da. Musika ona egin daiteke instrumentu honekin, gainera belaunaldiz belaunaldi pasatako perkusio mota da. Hala ere biekin egiten diren erritmoak oso erakargarriak dira, engantxatzeko modukoak.

Perkusioa jotzen ikasteko musika, solfeo edo antzeko zerbait aurretik jakitea beharrezkoa al da? Edo edozein joan daiteke tailerrera?

Hutsetik hastea posible da. Afrikan erabiltzen duten metodoa da ikusi eta errepikatu; horrela ikasten da, eta pixkanaka erritmoak ateratzen dira. Hala ere, puntu batetik aurrera ez duzu imitazioz jotzen, zure buruarekin identifikatzen baizik. Orduak eta orduak pasatzen dituzu jotzen, bakarrik zaudenean, hitz egiten... atera egiten zaizu.

Kontuan izanda, Hernaniko jendea normalean beste erritmo batzuekin ohitua dagoela, oso zaila izaten al da hango erritmoetara sar araztea?

Ez, alderantziz, oso erraza da. Gauza da praktika asko behar dela, ongi ikasteko denbora behar da. Eta gure gizartean gertatzen dena da ez dugula ezertarako denborarik, dinamika oso ezberdin batean sartuta gaude, afrikarrekin konparatuz gero.

Nola animatuko zenuke?

Esango nieke ez uzteko inorri perkusioa zer den kontatzen, beraiek etortzeko eta probatzeko, sentitzeko.

Jotzen duena:

  • Djende
  • Dj-jun
  • N´joni
  • Balafoia
  • Tana Txikia
  • Tana haundia
  • Suki (biolin antzekoa)
  • Teul xirula
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!