Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] MARINA CLAVER eta JEXUX LEONET

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 5a, 02:00

(Egilea: Ainhoa Ansa)

Gure guraso eta aiton-amonek, bai, haiek bizi izan zituzten gurutz-bidea egiten zeneko urteak eta, haiei galdetzea aukerarik samurrena dugula dudarik ez dagoenez, horixe bera egin dugu. Herrian ezarian-ezarian, aurretik eta denborarekin, bateri eta besteari galdera motzak baina oinarrizkoak egin dizkiegu. Apezak ere dudarik ez zuen egin, Gurutz-bideari buruz idatzi nahi genuela esandakoan, ´herri-gurasoek` bezela inork ez zigula buelta horretaz hitz egingo, eta horrela izan da! Batek jende asko izaten zela, besteak giro oso politean ibiltzen zirela, besteak, gurutzeak gaur egun ez omen daudela zutik... denek zerbait bazuten kontatzeko, hitz gutxitan izanagatik, eta azkenean, bi herritar hartu ditugu, gurutz-bideari buruzko beren bizipenak kontatzeko. Marina Claver eta Jexux Leonet, senar emazteak, Gorozkenean bizi dira, Beheko Herrin. Bakoitzak bere ikuspuntuarekin, eta bakoitzak bere modura, bien artean, guk gazteok ezagutu ez genuen ibilbide baten berri eman digute. Marinak xehetasun guztiz kontatu digu berak nola bizi zuen egun hura, eta Jexuxek, gure mendien eta tokien izenak galtzen eta eraldatzen ari garenaren beldurrez, toki izenak zuzen demonio esan dizkigu, bata bestearen atzetik eta inguruko beste toki gehiagoren berri ere emanez. Hona hemen beraien ahotik jaso genuena:

Hasteko, gurutz-bideari ´Letariya` deitzen zitzaiola esan digu Gorozkeneara ezkondu eta geroztik han bizi den Marina Claverrek. Letaria edo letania (letariya): Liturgia otoitza, batek esan eta aurrean dauden gainerakoek erantzuten edo errepikatzen dituzten oles, dei edo arren multzo batek osatua (Lur Hiztegi entziklopedikoa).

Noiztik ote dator ohitura hau Aranon?
(Marina ´aiene` batekin hasi da) - Jesus! Gure gurasuak hola izautzen omen zuen, beti oso kosetxa txarra izaten zela ta, egueldi onak eskatuz, gurutziak jarri ta buelta itten omen zen errezatuz. Egueldi onak eskatuz, lehenbiziko kalbayo juten zian, ta handik Kirie eleison ta errosariyua esanez itten omen zen buelta.

Urteko ze garaitan egiten ziren letariyak? 
Pazko hamargarrenian... pazkua pasa ta hamargarren eunian izaten zen, ta denbo txar samarra tokatzen bazen, atzetu ere itten zen! Apirilan izaten zen normalian, ta San Markos egunakin ere in izandu da, apirilan 25ian. Elizan jende asko izaten zen ta, atzetzen zenian, enteratzen ginan errex!

Nola izaten zen egun hori?
Goizian, lehenbiziko gauza, meza izaten zen. Goizeko 8.30tan abitzen ginan herritik, biño aurretik meza entzunda! Meza 7:30k edo 8:00k alde izango zen ta han juntatzen ginan herriko ta baserritako guzik! Ta handik aterata, lehenbiziko Juan Donostira iyotzen ginan, ta handikan aurreneko gurutzera errosariyua esanez. Denera bost errosariyo (gurutzeko bat) errezatzen zian, ta gero kirie eleisona ere kantatzen zen. Hoi dena, kanpana juaz; danba-danba-danba... Kanpanak herritik jotzen zian. Gillermo Itxautxikikuak jotzen zittun kanpanak ta denbo askuan ai bihar izaten zen haik juaz! Txanda ere eoziñek ingo ziyon, biño erabat jotzen ere ez zian aitzen... izaten zittuen ben ixiluniak! Gosaltzen ai ginala ixilik eoten zian sateko! Gurutziangatik jotzen zittuen kanpanak! Gurutzia, berriz, ayuntamientokuak eramaten zuten normalian...

Zamila izeneko lekutik bertan, Sooluxen egiten omen zen gosaria. Udaletxeak jartzen omen zuen gosaria bertako karguentzat eta kontsejun prestatutako gosaria mendiz eramatearen ardura Gaztazko Bordako Matias Huici zenak izaten omen zuen, edo behintzat hala izan omen zuen urte askoan.
Hark ere izaten zun eramandako gosaritik bere partia, eta beste guzik bokadilua eamaten ginun. Gero, bazkaria ere izaten zuen alkatiak-eta, biño guk ez, gu itxera erretiratzen ginan ordu bata ta erdirako edo...

Jende asko juntatzen zela akordatzen da Marina. Apezari mandoa jartzen omen zitzaion eta gainerakoek oinez egiten omen zuten ibilaldia.
Jende asko izaten zen, izane, ordun ttikitatik hasten zen nahi zuna juten ta, eozein juten zen, gogua zaukin guziya.

Eta nola ibiltzen zinetela esango zenuke orain atzera begiratuz?
Gu gustora! Poz batian! Errezo asko iñez, eh... hala erakutsi ziuten gurasuak! Eunero errosayua itxian, jatekuan errezua... fede haundiya zen! Ez ginun ezer izaten sateko moun! Jantziya ta jateko hoixe! Biño oso kontentu bizitzen ginan! Ta norbaitek katalejuak eramaten bazittun, hura poza!- dio Marinak – han goitik Donosti ikusten baita ederki! Eta hiruarren galbayotik ere Aia eta Asteasu aldia ikusten zen hauzkaldian (alde hartara seinalatuz dio)...

1959 aldiz egin zuen Marinak
Letariya azkeneko aldiz

Aspaldi ibili gabe dago Marina inguru horietan baina badu berriz buelta egiteko gogoa! Begoña alabari begiratuz, berriz egin behar dutela dio egunen batean. Eta berehala, zutik dagoen gurutze bat seinalatzera altxatu da, beheko herriko Martxa baserritik ikusten baita Enaztiren gaikaldeko gurutzea. Begoñak ekarritako katalejuekin ikusi dugu, Marinak esandako tokian, hangoa behinik behin zutik dagoela. Marinak berak 1959an egin omen zituen azkenekoz Letariyak. Don Kandido apezarekin utzi izan behar zioten egiteari. Marinak ez daki zergatik galdu zen ohitura hori baina herritar askok pena hartu zutela esaten du: - Ordun, eskurtsiyoik ere ez ginun izaten ta pozik ateratzen ginan denak elkarren onduan. Umore ederrean ibiltzen zirela esaten zuten herriko beste batzuk ere egun hartaz galdetutakoan: gurutze batetik bestera iritsi baino lehen errosarioa esan eta gero gelditzen zen tartea algara batean ematen omen zuten!

Beharbada, ´gurutz-bidia` edo ´letariyak` noizbait egitearekin non bizi garen hobe ezagutuko genuke, eta Gorozkeneako Jexuxek duen kezka arintzen ere aurrerapausoak egingo genituzke, izan ere, gure mendi, iturri, baso, ataka, bide zidor, erreka zulo eta gainerakoen izenak aldatzen eta ahazten ari gara poliki-poliki. Ez al genieke izen hauei eutsi behar?

Hauek dira bost
gurutzeen izenak, Gorozkeneako Jexuxek zuzen-zuzen esanak:

1. Juan Donostiko kalbayua
2. Arrinabarretako kalbayua
3. Beltsoko itxolako
kalbayua
4. Gartzako kalbayua
5. Ipiñar-sasiko kalbayua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!