Hernanin alkate izandakoa zara.Asko aldatu al da herria?
Hernanin aldaketak izan dira, beste leku guztietan bezala, era guztietan, bizimoduan, politikan... Bilakaera logikoa izan du.... ez beti onerako. Gaur egun ere, nire esku balego, ez Hernaniko, Euskal Herriko gauza asko aldatuko nituzke.
Garai gogorra tokatu zitzaizun.
1979tik 1983ra arte aritu nintzen alkate. Kudeaketa aldetik nahiko gustura geratu nintzen, ez bakarrik egin nuenarengatik, baizik eta taldea oso ona izan zelako; jende langilea tokatu zitzaidan bazterrean, ezeri erreparatu gabe lana besterik egiten ez zuena... Gauzak txukun samar egin zirela uste dut.
Alde beltza ere izan zen; errepresio izugarria izan zen; atentatu asko izan ziren, eta errepresio moduan, 4-5 hernaniar hil zituzten.
Zein dira orduko lanak, orain arte iraun dutenak?
Agerian daudenak, zaharren egoitza eta kiroldegia dira; orduan hasi eta bukatu ziren. Anbulatorioa ere haunditu zen garai hartan. Eta auzoetan ere azpiegitura lan haundiak egin ziren.
Alderdi asko zineten udalean.
Herri Batasunak gehiengo haundia zuen, ez absolutua, baina bai haundia. PNV, PSOE eta EE ere hor zeuden eta lanerako ondo moldatzen ginen. Zinegotzien artean harremanak, geroztik sumatu ditudanak baino samurragoak ziren orduan... Eta herriaren onerako ziren gauzetan akordioetara iristen ginen.
Bertsolaritza munduan ere lan haundia egindakoa zara.
Niri bertsozaletasuna etxetik datorkit. Aitona bertsozalea nuen, kontalari ona gainera, eta Txirrita bera ere ondo ezagutzen zuen. Nik 7 urterako bertso asko nekizkien buruz.
Gero, soldaduskatik bueltan sortu zitzaidan berriz gogoa... Gai-jartzaile eta aurkezle aritu nintzen batez ere. Baina utzi egin nuen, asko zabaltzen ari zelako. Nire idea zen, euskalgintzan sekulan ez nuela kobratuko; gainera, asteburuetan atzera eta aurrera ibili behar izaten nuen, gero eta gehiago, eta azkenean moztu egin nuen.
Mendi Gain elkartean denetarik egiten genuen, ez zen bertsoa bakarrik. Euskararen aldeko ekitaldiak, kultur asteak, aldizkaria, eta gauza asko egin genituen Hernanin.
84an Langile Ikastolan Bertso Eskola sortu genuen, ikastolak berak eskatuta; bost bat urte aritu nintzen, Ereñotzun ere pare bat urte eman nituen.
Orduan eztabaida zegoen bertsolaria jaio edo egin egiten zen. Lazkao Txikik esaten zidan `bertsolaria jaio egiten da`, eta Amurizak eta beste batzuk berriz, bertsolaria egin, egin zitekeela defenditzen zuten. Egia esan, bertso eskola sortu genuenean, ez genuen probetxu haundirik espero. Eta handik urte batzuetara, 4 edo 5, konturatu ginen denak deskuidatu egin ginela. Uste ez genituen emaitzak lortu genituen. Gazte hauek bertsoak egiteko gauza dituk! Ze mirari duk hau! konturatu ginen.
Inoiz ez al zara plazan aritu?
Ez, ezta minutu bateko saiorik ere ez dut egin inoiz. Bertso idatziak berriz bai, bertso jarriak. Sariak ere baditut irabaziak. Bertsozale Elkartean ere aritu nintzen, sortu zenean, aurretik Bertsolari Elkartea baitzen; antolakuntzan eta kudeaketan aritu nintzen batez ere.
Epaile lanetan ez?
Ez. Garai batean hantxe biltzen ginen Loiolan bertsoak entzun eta baloratzen, onak ziren edo ez, eta zergatik ziren onak edo ez, bertsoak neurtzeko irizpideak zehaztu nahian. Niri zaila egiten zait bertso bat baloratzea, gustatzen zait edo ez, hortik aurrera... Sagardoarekin gauza bera gertatzen zait. Azkenean zer da... sentsazioa da.
Sagardoa aipatu duzunez, zer dakizu sagardoari buruz?
Asko gustatzen zait eta edaten dut, baina kosta egiten zait bata bestearengandik bereiztea. Etxean ere edaten dugu sagardoa.
Sagardoa al da bertsolarien edari ofiziala?
Izan da. Esaldi famatua bada, Basarri bertsolariak bertsolaritza sagardotegitik antzokietara atera zuela esaten duena... Egia da. Zonalde honetan behintzat, bai. Txirrita bera ere sagardozalea zen oso.
Sagardoak uxatzen al ditu pena guztiak?
Bertso batean esaten dut:
Txirritak sarri goraldu zuen
sagardoaren grazia
jendea horren pozik jartzeko
edari hain berezia.
Biharkoa Tolare Kofradiaren 14garren Kapitulua da. Ba al dakizu zer den Kapitulua?
Bai, urtero joaten naiz ikustera. Egin diren Kapitulu guztiak ikusi ditut eta gozarazi didate. Orain lotsatuta nago eta ez dakit merezi dudan. Baina taldeak hartutako erabakia bada, onartzea da onena. Joan, gustura joango naiz.
Kofradiako kide izateak zer esan nahi du?
Kide berriek sagardoa defenditzeko konpromisoa hartuko dugu, baina aurretik hartua dugunez, ez digu aldaketa haundirik suposatuko.