Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Maria Rosa Ayerbe Historian doktorea:

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 8a, 01:00

Gipuzkoako historialari oparoenetakoa da Maria Rosa Ayerbe (Hernani, 1954) eta bertako artxiboak ezin hobeto ezagutzen ditu. Batez ere ´gipuzkoarra` sentitzen dela aitortu digu, baina ez ditu Hernaniko kontuak deskuidatzen. Agustinatarren komentuko akta f

Zure curriculuma ikusteak errespetua ematen du: Unibertsitateko irakasle, aldizkari zientifikoen zuzendari, liburuen egile... Zaletasun handia behar du pertsonak.
Egia esatea nahi baduzu ez dut uste meritu gehiago dudanik esan dituzun aktibitate guzti horiek egiteagatik. Nire lana gustatzen zait, denbora librea ere horri dedikatzen diot, eta urte batzuk baditudanez, ikerketa historikoan sartu ditudan orduak nabaritzen hasi dira.

Nonbait sortuko zitzaizun Historia ikertzeko harra?
Batxilergoaren azkeneko urtetan Historiari gero eta gustu handiagoa hartu nion, baina Bartzelonara karrera ikastera joan nintzenean... Bartzelona zen hiri bat (eta orain ere bada) kultur giro izugarria zuena, museo eta artxibo askorekin. Unibertsitate Zentrala hiriaren erdian zegoen eta irakasle bikainak aritzen ziren bertan. Oraindik mantentzen dut harremana horietako batzuekin. Gainera, ikasle gutxi ginen eta talde sendoa osatu genuen, nire nobioak ere Historia ikasten zuen...

Ikusten da Bartzelona erabakigarria izan zela...
Unibertsitatean erakusten zituzten diziplinak nik inoiz entzun ere egin ez nituenak: paleografia, diplomatika, sigilografia... Mundu berezi bat ireki zitzaidan, mundu ´instrumentala` esango nuke, XIIIgarren mendeko dokumentuekin kontaktuan jartzeko balio izan didan mundua. Eta hori oso garrantzitsua da, pentsa Gipuzkoako lehenengo dokumentu originalak XIVgarren mendekoak direla.

Udal artxiboetako Erdi Aroko dokumentuak transkribatzen aritzen zara luzez, Batzar Nagusietako jarduna ikertzen denbora asko eman duzu... Gustatzen zaizu artxiboetan orduak pasatzea?
Artxiboetako lana, batez ere Gipuzkoako artxiboetakoa, pasio bat da niretzat. Gure arbasoek egindako dokumentuekin kontaktuan jartzea, zuzenean beraien mundura aldatzea... Dokumentuak transkribatzen ditut beste batzuek errazago irakur ditzaten eta gaizki erabiltzearen ondorioz ez daitezen hondatu; uste dut lan horretan segitzeko nahikoa arrazoi badela.

Hori ez al da irudi topiko bat... artxiboetako ´saguarena`? Gaur egun medio ugari daude historia ikertzeko: dokumentu digitalak...Ez al du herritarrak historialariaren irudi desfasatua?
Gaur egun ditugun medioek balio dute, baina puntu bat arte. Katalogo informatizatuek posible egiten dute dokumentazioa azkar eta ondo aurkitzea, baina-eta ´hitz klabeak` gaizki jarrita badaude? Ez zaizkit gustatzen informatizatuegi dauden artxiboak, paper originaletatik urruntzen gaituzte. Hori bai, digitalizazioa garrantzitsua da agiriak babesteko edo ikertzaileak etxean egin behar duen lana errazteko.

Eta Internet?
Internet tresna ona da lan bat hasteko, baina inoiz ezin duzu bertan aurkitutako informazioan oinarritu, oso erraza litzateke ikerketatik kanpo daudenentzat zure lana kontrolatzea. Ni jatorrira joatearen aldekoa naiz, eta nahiago dut nire interpretazioaren arabera asmatu edo huts egin. Gainera, modurik zuzenena da historia berritzeko eta beste batzuek esan izan dutena (batzuetan ez oso egoki) ez errepikatzeko.

Sarritan historiako liburuak astunak izaten dira ohituta ez daudenentzat. Nola hurbildu gehiago Historia jendearengana?
Irakurleari dena ´janda` eman nahi izatea gaur egungo hanka sartzea da... Hortik nobela historikoaren arrakasta! Nik Historia serioan sinesten dut, aurrez egiaztaturiko datuetan oinarritzen den Historian. Baina horretarako jendea hezi egin behar da, irakurri eta ulertzeko ´esfortzuaren` kultura zabaldu behar da. Esperientziak erakutsi dit jendeak Historia ezagutzen duenean, hartaz maitemintzen dela.

Unibertsitateko klaseetan didaktikari zer garrantzia ematen diozu?
Oso ezberdina da karrerako ikasle arruntei klaseak ematea edo Esperientzia Ikasgeletan aritzea. Gazteak, normalean, oinarri historiko baten faltan etortzen dira eta asignatura aprobatzeko ikasten dute bakarrik. Esperientzia Ikasgeletan, aldiz, ikasleek estudio gutxiago duten arren interes handiagoa erakusten dute; denok gozatzen dugu klasean, batez ere badakitelako entzuten ari direna ez dela nobela bat, beraien asaben bizitzaren kontakizuna baizik.

Gipuzkoako herrietako historia arakatu izan duzu, horietako asko hemen inguruetakoak gainera (Astigarraga, Urnieta, Hernani...). Historia lokalak eta ´mikrohistoriak` erakartzen zaitu?
Niretzako historia lokal horrek balio handia du, komunitatean bilduriko familien historia delako. Baina, ni gipuzkoarra sentitzen naiz batez ere, eta nire esfortzu handiena Gipuzkoari dedikatzen diot.

Jakin dut Hernaniko agustinatarren artxiboan lanean ari zarela...
Egia da. Larunbat goizero komentuan izaten naiz artxiboa txukundu eta katalogatzen. Badira urte batzuk senarrak eta biok parte zaharrena txukundu genuela. Baina artxiboa askoz zabalagoa da! Eta gainera, bere fondoa osatzen joan naiz Oñatiko Protokoloen Artxiboan aurkitu izan ditudan dokumentuen kopiekin.

Duela gutxi hartu duzu Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Boletinaren zuzendaritza. Ez da ardura makala izango, lehenago zeinek zuzentzen zuen ikusita...
Ardurak ez nau beldurtzen, ez naiz boletinaren martxatik kanpo egon azkenaldian. Hor publikatu nuen nire lehenengo artikulua eta bertan aritu izan naiz lanean idazkari bezala, Jose Ignacio Tellechea zuzendari zenean. Linea horretan segituko dugu, herri honetako kultur aldizkari bat mantentze bidean, bere Adiskideen borondateari esker.

Tellechea Gipuzkoako historialari garrantzitsuenetakoa zen (Hernaniko gaiak ere ikertu zituen, Fagollagako aingura lantegia, adibidez). Zein harreman zenuen berarekin?
Beti izan genuen harreman estua, oso berezia... gai berdinak interesatzen zitzaizkigun eta elkar ulertzen genuen. Bere heriotza galera handia izan da niretzat eta denontzat. Berari eskerrak naiz gaur Espainiako Historiaren Akademiako kide.

Hitz potoloa da Historia, anbiguoa ere bai. Politikan eragiteko balio lezake, edo pentsamendua elikatzeko, edo orain artekoaz hausnartzeko... Zein da, zure ustez, bere funtzioa gizarte honetan?
Asko dira Historiak egin ditzakeen eta egin behar lituzkeen ´funtzioak`. Historia ´bizitzaren maisua` da, hori da bere definizioetako bat. Erakutsi diezaguke gure pausoak bideratzen, gure burua ezagutzen, akatsak ez errepikatzen, sustrai sendoak ditugula ezagutzen... ´Arbolaren loreak lurpean dagoenaz bizi dira!`, esan zuen poetak. Gizartean egiten den edozein ekintzatan, ezin izango dugu gaurko gure errealitatea ulertu ez badugu atzera begiratzen.

«Hernani plaza garrantzitsua zen mugatik gertu zegoelako»

Hernaniko carta puebla-rik ez da ezagutzen. Hori da, agian, herri honek duen inkognitetako bat, bere fundazio ofiziala noiz izan zen ez dakigula. Hipotesirik ba al duzu?
Historiografiak beti jotzen du 1379ra fundazioa azaltzeko. Baina urte horretako dokumentua Donostia eta Hernaniren arteko auzo kontratu bat da, Hernani jadanik ´hiribildu` edo ´villa` bat da. 1332an Beltran de Oñatek, Gebarako Jaunak, Nafarroako Merinoari laguntzen dionean 300 gizonekin Hernaniko oinaztarrak setiatzen, ´villa` batetaz hitz egiten da. Nik defendatzen dut  XIIIgarren mendean bihurtu zela hiribildu, Tolosa eta Segurarekin batera.

Askotan eztabaidatzen da hernaniarren artean ea Hernani Donostiakoa ote zen edo Donostia Hernanikoa. Zer esplikazio emango zenuke?
Konfusioa, dudarik gabe, ezjakintasun batetik dator: Urumeako bailara ´Hernaniko bailara` izenez ere ezagutzen zela. Eta bailara honetan sortu zen Gipuzkoako lehenengo hiribilduetako bat, Donostia. Beraz, ez du esan nahi hiribildu bat bestearen menpe zegoenik, baizik eta hirigune indartsu bat jaso zela ´Hernani` izeneko bailara batean.

Duela gutxi Hernaniko armarria modernizatu du Udalak ikur bezala erabiltzeko. Ikertu al duzu inoiz armarriaren jatorria?
Ez dut Hernaniko armarria aztertu, baina Gipuzkoako armarria ikertzen hasi naiz eta lanean ari naiz, baita ere, udalerrien blasoi eta armarrien historia jakiteko. Urte batzuk emango ditut lan horretan eta berritasun ugari ekar ditzake. 

Artxiboetan Hernaniri buruzko bitxikeriak aurkituko zenituen... gogoratzen duzu baten bat?
Datu asko daude udal artxibotik kanpoko beste artxiboetan, Oñatin adibidez. Baina zerbait baldin badago Hernaniz maitemindu nauena, hori izan da Juan Martinez de Ereñozuren figura. Euskaldunaren prototipoa zen: ekintzailea, langilea, fededuna... Proiektu batek ekonomikoki hondoratu zuen eta justiziatik ihesi hil zen, Frantziako hegoaldean. Merezi du bere bizitza irakurtzeak.

Bitxikeriak aparte utzita, Batzar Nagusietan bete-betean parte hartzen zuen Hernanik. Zer garrantzi zuen gure herriak instituzio horretan?
Ez zen erabakigarria, ze, bototan ez zuen pisu handirik. Hernanik garrantzia izan zuen bere kokalekuagatik. Mugatik gertu zegoen baina ez gehiegi, horregatik, Oiartzunekin batera, Probintziak Frantziaren kontra egin zituen deialdi nagusien arma plaza garrantzitsuena izan zen.

Zuk Gipuzkoako burniolak ikertu zenituen Luis Miguel Diez de Salazar senarrarekin batera. Zein arrasto geratzen dira gure herrian?
Burniolen gaia funtsezkoa da herri honen ekonomia ulertzeko. Gogoratzen dut, senarra bailarako burniolei buruzko tesina prestatzen ari zenean, bertako arrasto guztiak pasatu genituela eta ebidenteenak Fagollagakoak eta Ereñozukoak ziren.

Imajinatu Hernanira datorren turista bat naizela, zeri erreparatzeko gomendatuko zenidake?
Lehenik eta behin, parrokia-eliza zaharreko aurrealde erromanikoa (gaur agustinatarren elizarena). Gero egungo parrokia-eliza bera, Fagollagako burniola, Ereñotzuko oinetxea... Eta bukatzeko, paseo lasai bat kaxkoko kaleetan zehar bertako arkitekturaz gozatzeko.

Curriculuma

- Hernani jaio zen 1954an. Bertako alemanen kolegioan (Mary Ward) ikasi zuen.
-  Bartzelonan Historia espezialitateko doktoradutza atera ondoren Zuzenbidearen Historia ikasi zuen. Deustuko unibertsitatean aritu zen hainbat urtez historia irakasle, eta Filosofia eta Letren Fakultateko dekanoa izan zen; gaur egun Zuzenbidearen eta Erakundeen Historia irakasten du EHUn.
-  Zuzenbidearen eta Historiaren arloko erakunde askotako kide da, besteak beste: Eusko Ikaskuntza, Historiako Errege Akademia, Euskal Herriko Adiskideen Elkartea, Euskal Herriko Zuzenbide Historikorako Institutua.
- Hainbat publikaziotako zuzendari da, horien artean: Euskal Herriko Erdi Aroko Iturri Dokumentalak bildumakoa eta Adiskideen Elkarteko Boletin-ekoa. Hamarnaka artikulu eta liburu argitaratu ditu, gehienak Gipuzkoako historiari lotuak. Hernaniko San Agustin komentuari buruzko ikerlana argitaratu zuen 1998an.  


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!