Irakurri dugu ‘Hor al zaude?’
antzerkiaren sinopsia.
Baina gustatuko litzaiguke zuk esatea zer den antzerki honek
kontatu nahi duena...
Printzipioz bikote baten istorioa da, etxe batera bizitzera doan bikote batena, eta bertan, ikustezina den gizon bat topatuko dute. Gauza askotaz hitz egiten da, beren erlazioaz, bizitzaz, zalantzan jartzen dituzte beren erlazioko zenbait puntu... Hala ere antzerkia bizia dela esango nuke, aktoreak ez gara geldirik egoten minutu bakar batean ere. Esan nahi dut gauza asko gertatzen direla, misteriozko osagai horrekin; ikustezina den pertsonaje horrek joko asko ematen du. Hori baino askoz gehiago ezin da kontatu, istoriak aurrera egin ahala biurgune asko ditu, kontatu ezin direnak.
Obra dibertigarria dela
dirudi, baina aipatu duzunez
bizitza eta harremanei buruzko gogoeta bat ere bada.
Umorea eta gogoeta uztartzen al dira obra honetan?
Dudarik gabe. Autorea argentinarra da, Javier Daulte, eta egia esan hasiera batean monologo bat zen. Komedia erabiltzen du, beste momentu lasaiagoak ere badaude, dramatikoagoak edo behintzat unkigarriak. Nik uste dut obraren arrakastaren giltza hori dela, komedia eta drama oso neurri onean nahasten dituela.
Ainhoa Aierbe da taula
gainean zurekin batean dagoen beste aktore nagusia. Zer
moduz moldatu zarete?
Oso ondo moldatu gara, egia esan, Ainhoa eta biok aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta askotan egin dugu lana elkarrekin. Hori ere abantaila bat da, elkar ezagutzea eta ondo eramatea. Elkarrekin lan egiteko modua ere ezagutzen dugu eta horrek asko errazten ditu gauzak. Aukera ematen du taula gainean gauza gehiago ateratzeko.
Eta zer moduzko esperientzia izan da Joseba Apaolaza zuzendari lanetan izatea?
Euskal Herrian egin ditudan antzezlan guztietan berarekin egin izan dut lana, eta alde horretatik oso ondo moldatu gara. Elkar ezagutzeak hori dakar, obrak plus bat izaten du.
Antzezlan honetan bi
pertsonaje zaudete taula gainean, eta beste hirugarren pertsonaje bat ere badago, ikustezina dena. Azalduko zeniguke zein den bakoitzaren izaera?
Nere pertsonajea, oso tipo berezia da. Magiara dedikatzen da, eta inseguritate puntu bat ere badauka bere bizitzarekin. Hala ere, saiatzen da bere bizitza bide onean sartzen, baina kosta egiten zaio. Bere neskaren (Ainhoa Aierbe) laguntzaren premia haundia dauka.
Bestalde, Ainhoaren pertsonajea dago; badirudi bera dela etxean galtzak soinean daramatzana. Baina honek ere bere mutilarekiko dependentzia dauka, agian, dena ondo lotuta eduki nahi duelako. Alde horretatik bikote berezia da.
Gero, gizon ikustezina dago. Pertsonaje honek harreman ezberdina du bikoteko neska eta mutilarekin. Nerekin, agresiboa da, nerekin jolastu egiten du, nere inseguritateaz baliatzen da. Neskarekin ordea, oso ondo eramaten da. Berak aurkitu zuen eta berarekin ondo moldatzen da. Ikusteko aukera izango bagenu esango genuke tipo dibertigarria dela.
Zer esango zenuke
antzezlanaren testuari buruz. Antzezlaneko zein osagai
azpimarratuko zenituzke.
Obra hau aktoreen obra da, testuan eta pertsonajeetan dago oinarritua. Testua oso ona da, komedia eta drama nahasten ditu, eta zentzu horretan oso modu intelegentean dago idatzia.
Telebistan egin duzun lanagatik batez ere jendeak komediarekin erlazionatzen zaitu...
Egia esan telebistan, Sorginen Laratza saioan kenduta, beste leku guztietan drama landu izan dut. Erregistro horietan moldatzen naiz eta kontratatu ere egiten naute, alde horretatik zortea daukat, bi erregistroetarako ateratzen zaizkit lanak.
Biteri kultur etxean lehenago ere izan zara antzerkiren batekin. Zer moduzko aretoa da Biteri,
ala areto eta publiko guztiak
antzekoak dira?
Egia esan oso gustora ibili gara Biterin, publikoa oso gertu dago. Arraroa da, izan ere, hor tartean pasilloa dagoelako, baina bueno, antzezlan honetan ez du inporta aktoreak atzera eta aurrera gabiltzalako. Hernanin, uste dut, badagoela antzerkira joaten den publikoa eta hori nabaritu egiten da.
‘Hor al zaude ?’ antzezlanarekin emanaldi bat baino gehiago egin dituzue orain arte. Zein kritika jaso dituzue? Eta publikoaren aldetik zein harrera?
Egia esan oso harrera ona izan du obrak. Azken emanaldia Eibarren egin dugu, eta hango programatzaileak esan digunez jendea oso gustora atera zela. Obra berezia da, eta ikustera ohituta gaudenetik pixka bat aldentzen da. Neri kritikoek esaten dutena ez zait inporta, nik publikoarentzat egiten dut antzerkia.
Antzerki obra honetaz
aparte ba al zabiltza beste
proiekturen batean?
Kanpingags konpainian gabiltza antzekia ekoizten. Ilunpetan antzezlana estreinatu dugu, El Apagon, bi hizkuntzatan egin dugu. Obra honekin, gainera, Ercilla Saria eman digute. Txalo taldearekin Ahuntza edo nor da Silvia antzezlana ere estrenatu dugu. Horrez gain, Grönholm metodoa antzezlanarekin ere emanaldi bat atera zaigu.