Zenbat urte daramazkizu mahai tenisean jokatzen?
Seigarren denboraldia da. Denboraldi bat egin nuen eskolarretan eta 5 urte
daramazkit federatuetan.
Urte hauetan zein domina lortu dituzu?
Bi aldiz estatu mailako txapelketan brontzea lortu dut, taldeka. Aurrekoa
2003an Atletiko San Sebastianekin eta aurten Leganesekin. Gipuzkoako txapelketan
bi aldiz izan naiz txapeldun bikoteka: bietan Hernaniko taldearekin.
Zenbat urte egin dituzu Hernaniko taldean eta nolako esperientzia izan da?
Mahai Tenisean Hernanin hasi nintzen, eskolarretan. Lau denboraldi egin
ditut Hernaniko taldearekin, 1999tik 2004ra. Aurten Atletiko San Sebastianekin
hasi naiz, 2004-2005 denboraldian.
Hernani, hasterako garaian, klubik onena izan da niretzat. Txema Armentiarekin
oso gustora ibili nintzen. Hasteko teknika guztia irakatsi zidan, 10-12 jokalari
ginen. Orain bi geratzen gara eta Atletiko San Sebastianen jokatzen dugu.
Hernanin ba al dago mahai teniserako afiziorik?
Hernanin taldea bukatu egin zen eta orain Donostira joan beharra dago
entrenatzera. Kondizio horietan jendeak utzi egin dio mahai tenisean jokatzeari.
Nik suertea dut, entrenatzaileak eramaten bainau Donostira.
Hernanin taldea bukatu zen kiroldegiarekin istiluak izan genituelako eta Txema
Armentiak, gure entrenatzailea zenak, utzi egin zuelako. Orain Txema Armentiak
Billabonan montatu du kluba.
Gustora al zaude oraingo taldearekin?
Bai oso gustora nago Atletiko San Sebastianen. Entrenadore oso ona dugu eta
asko ikasten ari naiz berarekin. Atletiko San Sebastianen bi hernaniar gabiltza:
Aitor Mitxelena, sub 21etan dabilena, eta ni neroni.
Ze kategoriatan zabiltza?
Ligako bigarren mailan jokatzen dut, estatu mailakoan. Urte hasieran,
urtarrilaren 31ean, Atletiko San Sebastianek baimena eman zidan eta Leganesek
fitxatu ninduen 6 hilabeteetarako, Espainiako txapelketarako. Hemen entrenatu
dut eta han jokatu dut. Hala ere, ezin izan ditut 6 hilabeteak Leganesekin
jokatu lesionatu egin bainaiz, tendinitisa baitut. Madrilen jokatzeko nuen top
12a ezin izan dut jokatu, esaterako. Txapelketa honetan Madrileko klubetako 12
jokalaririk onenak biltzen dira. Ilusio haundia nuen bertara joateko.
Nondik nora ibili zera txapelketetan?
Gipuzkoako Txapelketan eta Espainiako Txapelketan. Andorran ere jokatu dut
bertako selekzioaren kontra.
Zein da kirol honek zuretzako duen xarma?
Tanto bakoitza diferentea da, hori da duen xarma. Eta tanto egin eta handik
bi segundutara pentsatzen hasten zara hurrengo tantoan. Kirol azkarra eta
teknikoa da.
Zein gaitasun landu behar dira mahai tenisean aritzeko?
Teknika eta reflejoak behar dira mahai tenisetan jokatzeko. Fisikoa ere landu
behar da baina ez da hain garrantzitsua.
Nola entrenatzen duzu?
Estiratu egiten dugu eta gero ariketak egiten ditugu mahaian, 2 ordu eta
erdiz. Azkenean partidu bat jokatzen dugu. Astean zehar 3 egunetan entrenatzen
dugu eta txapelketa dugunetan, astean 4 edo 5 aldiz entrenatzen dugu.
Zein modalidadetan duzu gustoko jokatzea?
Banaka edo binaka, jokoa bera da. Hala ere gehiago gustatzen zait banaka
jokatzea, galtzerakoan erantzukizun guztia norberarentzat izaten baita.
Zein asmo duzu datorren denboraldirako?
Datorren urtean ere Estatu mailako bigarren mailan jokatu dut, Atletiko San
Sebastianekin. Leganesekoek ere eskaintza egin didate baina esan diet pentsatuko
dudala.