Erreportajeak

Gabriel Loidi, pianista: «Musika ez da entretenimendu soila, aberastasun haundia eskaintzen du»

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 7a, 03:00

Chillida-Lekuko kontzertuarekin hasi baino lehenago: Zein izan da zure ibilbidea orain artean?
Hemezortzi urte egin arte Donostian izan nintzen solfeoa, armonia eta pianoa ikasten. Tronpeta ere ikasi nuen pare bat urtetan. Gero Londresera joan nintzen Guildhall School of Music and Drama eskolan pianoko goi mailako ikasketak egitera, sei urtetan.

Zergatik Londresera?
Hemen ez zegoen horrelako ikasketarik, ez zegoen Musikene, gaur egun bezala. Hala ere bazeuden irakasle onak, baina egia esan ez zegoen esperantza haundiegirik ikasketak hemen jarraitzeko.

Ordutik gauza asko egin dituzu, Ezkaraien, RNEn...
Ezkaraien musika jaialdi bat antolatu nuen eta polita izan zen iraun zuen bitartean. Tamalez politikariek dena izorratu zuten. RNErentzat grabazioak egin ditut eta leku askotan jo dut: Madrilen, Malagan... maiatz honetan Finlandian izan naiz klase magistralak ematen. Orain Musikeneko irakaslea naiz.

Zer uste duzu aportatzen duela Musika Hamabostaldiak?
Hamabostaldia Europako jaialdi garrantzitsuenetakoa da. Kalitate haundiko musika eskaintzen du. Gaur entretenimenduaz asko hitz egiten da, baina nik uste dut musika ez dela entretenimendu soila, sentimenduak eta giza borondatea espresatzen ditu. Bertako musikarientzat berriz, aukera paregabea da. Musikariei lehenengo etxean entzun behar zaie, gero kanpoan entzun ahal izateko. Dena den, Hamabostaldian beharrezkoa da kanpoko musikari onak ere ekartzea.

Zure errezitaldiak Biktimei omenaldia izena du, IIgarren Mundu Gerraren 60garren urteurren honetan...
Mundu Gerraren biktima izan diren hainbat pertsona ezagutu ditut. Nire irakaslea, Edith Vogel, judutarra zen eta ihes egin behar izan zuen ahizparekin, bere gurasoak kontzentrazio gune batean hil ziren. Klase ondoren bere etxera laguntzen nuen eta historia asko kontatu zizkidan; musikak asko lagundu zion egoera hura gainditzen. Nire beste irakasle bat berriz, James Gibb, Normandiako lehorreratzean izan zen.

Zer lortu nahi duzu errezitaldiarekin?
Biktimak gogoan izatea, ez daitezela ahaztu guzti hura jasan zuten pertsonak.
Nolatan proposatu zizuten Hamabostaldian jotzeko?
Chillida-Lekuko ekitaldiak Alejandro Zabala Musikeneko zuzendariak antolatzen ditu eta berak proposatu zidan. Joko ditudan piezak Musikeneko irakasleek konposaturikoak dira; konpositoreei arreta gehiago jarri behar zaie.

Jotzeko leku egokia ahal da Chillida-Leku?
Leku harrigarria da. Kultura eta sentsibilitatea zaindu dituen jendea da eta detaile guztiak zaintzen dituzte.

Zein motatako pianoa duzu?
Alde horretatik zortea daukat, nire anaia piano errestauratzailea da eta baita afinatzailea ere. Mekanika berria baina antzinako egurrez eginiko bi piano ditut. Hala ere, pianoak ez ditut garraiatzen, tenperatura aldaketekin asko sufritzen baitute. Antolatzaileek eskainitako pianoarekin jotzen dut.

Etorkizunerako?
Aurten kontzertu bat konposatu dut Gustavo Diaz Jerez-i dedikatua, nahiko nuke orkestraren batek jotzea. Batez ere sormen giroa sustatzeko lan egin nahi dut, konpositoreak ez daude baloratuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!