Zertara joan zinen Boliviara?
Aspalditik nuen irrika Bolivia ezagutzeko. Nire Boliviako gida-liburua duela lau urte erosi nuen, noizbait etorriko nintzelakoan. Boliviako errealitatea oso konplexua da, Ameriketan indigena portzentaje haundiena duen herrialdea da, eta amerikar independentziaren hemen hasi zen, Sucren. Garrantzia haundia du Ameriketako historia ondo ulertu nahi bada. Harrigarria da euskaldunak, historia horretan jokatu zuten papera: jesuitak, Espainiako erreinuko administradoreak, negozio gizonak... Bolivian zehar abizen euskaldun asko dago.
Boliviako zein zonaldetan izan zara?
Villazonatik sartu nintzen Boliviara, handik Tupizara joan nintzen eta Puna guztia ezagutu nuen, oso eremu pobrea eta isolatua da. Uyuniko gaztokia ezagutu nuen, eta handik Palucayo eta Potosira abiatu nintzen. Orain Sucren nago, astebete daramat. Gero Cochabvamba eta La Paz-era joateko asmoa daukat, Brasilera joan aurretik.
Nondik etorri da Boliviako krisia?
Krisi honen sustraiak urruti bilatu behar dira. Herri indigenen bazterketa historikoa da konflikto honen arrazoietako bat. Diktadura garaietan, 70. eta 80. hamarkadetan, sektore batzuk pribilegio haundiak jaso zituzten, nekazari pobreei lurrak kendu zizkieten eta latifundista haundiei eman. Egun, botere ekonomikoa gutxiengo batek du Bolivian eta partidu politiko tradizionalek errespetatzen dituzte interes horiek. Bestalde, herriaren gehiengoa nazkatuta dago eta kalera atera da. Boliviako errekurtso naturalen esplotazioen etekinaz jabetu nahi dutelako baita ere. Koloniaren garaitik errekurtso natural guzti horiek kanpora joan dira. Hasieran Españara, zilarra eta urrea; gero Estatu Batuetara, Brasilera, Chilera eraman dituzte, petroleoa, gas naturala eta beste material batzuk.
Zeintzuk izan dira kalera atera den herriaren eskakizunak?
Errekurtso naturalen nazionalizazioa, bereziki hidrokarburoena. Batzar Konstituziogile bat sortzea, errepublika birsortzeko Paktu Sozial berri baten oinarrian, non indigenak aintzat hartuko diren.
Zer suposatu du Rodriguezek presidentzia hartzeak?
Gerrate zibila eragoztea, oraingoz. Vaca Diez eta Mario Cosio partidu politiko tradizionalen ordezkariak dira, krisialdi honen eragileak neurri haundi batean. Aipatutako bi horiek boterean egongo balira, Bolivian orain odol isurketa haundiak izango lirateke. Rodriguezen presidentziak trantsiziozkoa behar du izan. Bere betebeharra hauteskundeak deitzea da eta herriaren espektatiba administratzea. Hala ere, Rodriguez eskuinekoa da eta txuria, beraz gauzak ez dira asko aldatu.