Antton Zabalak 3-4 urte daramazki eskalada munduan, baina hori bai, oparoak.
17 urte egin berriak ditu eta Espainiako Txapelketa irabazi du oraintsu eta abuztuaren 28tik aurrera Munduko Txapelketa jokatuko du Txinan.
Nondik datorkizu eskaladarako afizio hori?
14-15 urterekin hasi nintzen ni eskaladan, Etxeberriko rokodromoa ireki zutenean eta gero eta afizio haundiagoa hartzen da. Lehen futbolean jokatzen nuen baina utzi eta eskaladari eskaintzen diot orain denbora.
Zure kasuan eskaladak bizitza ere aldatu dizu.
Asko aldatu zait bizitza. Bizitzeko modu bat da eskalada eta nire kasuan leku askotara joateko aukera eman dit: Terrasa, Leon... asko mugitzen naiz eskaladaren aitzakian.
Konpetizioak rokodromoan dira, baina, arrokan ere eskalatzen duzu?
Bai, eta biak konbinatzea da ona. Arrokan eskalatzea asko gustatzen zait eta baita rokodromoan konpetitzea ere. Teknika hartzeko arrokan eskalatzea hobea dela esango nuke eta indarra hartzeko rokodromoan. Eguraldiak ere agintzen du hor: udaran arrokan eskalatzen dugu, baina, neguan rokodromoan. Hala ere, konpetiziotan Hernaniko jende gutxik hartzen du parte, nahiz askok eskalatu.
Eta arrokan ondo moldatzen zara?
Nahiko ondo. Esaterako, Santa Barbaran igo berria dut Lapikoarena bia (8 A+) eta nahiko ondo; 7 C bat atera berri dut bistara... uste dut hortik gora egin dezakedala.
Konpetizioari dagokionez, urte gutxitan oso goian jarri zara.
Bai esan liteke progresio azkarra izan dudala. Hernaniko rokodromoaz gain, Fortuna taldearekin entrenatzen dut Donostiako Pio Baroja rokodromoan eta txapelketan ondo ibili garenok Teknifikazio Plan Nazional delakoarekin entrenatzeko aukera dugu. Horrelakoetan asko ikasten duzu. Eskaladan ikasi nahi bada maila altuagoko jendearekin aritzea komeni da, eta orain arte zorte hori izan dut. Orain ordea, maila berdintsuan nago.
Espainiako txapeldun gelditu eta Munduko Txapelketara zoaz Txinara. Nola hartu duzu notizia?
Espainiako txapelketa jokatzen ari ginela ez nekien artean ezer ere. 2garren proban justu-justu klafisikatu nintzen eta entrenatzaileak esan zidan aukera nuela irabazi ezkero Txinara joateko. Hori jakin nuenean irriki biziz egin nuen gora. Alizientea izan zen.
Zer espero duzu bilatzea?
Ez dakit ezer ere. Abuztuaren 28an goaz Pekinera, 5 egunetarako. Euskal Herritik Josebe Zarautz zumaiar eskalatzailea eta ni sailkatu gara Espainiako Txapelketan eta Estatutik jende gehiago ere badijoa. Ez dakigu ez nongo jendea dijoan eta ezta zer maila izango duten ere. Baina, honaino iristea amets bat da dagoeneko eta orain ea zer topatzen dugun.