Aurtengo San Inaziotan trikitixa dantzari bultzada berezi bat eman nahi diote antolatzaileek, eta Xabier Solano eta Jon Mari Beasainek izango dute ardura hori. Ia 15 urte egin dituzte elkarrekin jotzen. Erromerietan aurrena, biak bakarrik, eta Etzakit taldean gero. Gazte mailan, 15-16 urterekin Euskal Herriko txapeldun gelditu ziren bi urtetan, eta beste 10 txapel ere badituzte. Etzakit taldea sortu zuten gero. Orain bakoitzak bere proiektuak ditu eta oso-oso noizean behin jotzen dute elkarrekin plazan, eta gaurkoa da egun berezi horietako bat.
Solanok eta Beasainek pieza herrikoiak eta dantzarakoak joko dituzte gaur. «Jendea datorrela dantzarako gogoarekin, bestela gu alperrik gaude» adierazi du Solanok. Beasainek, berriz, dio jendeak ez izateko nekatu beldurrik, «sagardoa bezala joko ditugu piezak, motzak eta maiz». Erromerietan dantza egiteko joera galtzen ari dela onartu arren, Jon Mari Beasain pandero joleak uste du horri buelta eman dakiokeela: «Azken batean hori kultura kontua da eta berreskuratu liteke. Aurten Ereñotzun berbena batean, baina, gertatu da hori». Solano soinu joleak, konplikatuxeagoa ikusten du kontua: «Gaur egunean gazteek ez dakite dantzan, eta hastea ere lotsa ematen die. Errexagoa ikusten dut erromeri giroa bizi izan dutenek berriz giro hori piztea, gazteek buelta ematea baino».
Hasiera berri bat?
Santa Barbaran elkarrekin jotzeko idea ordu txikietan iritsi zitzaien Solano eta Beasaini. Martindegiko jaietan, dena esatera, Etzakitek azken kontzertua eman zuen auzoan, hain zuzen ere. Berriz biek erromerietan hasteko asmorik ba ote duten galdetuta, ez dute ezezkorik esaten, baina, ezta baiezkorik ere. «Bai buruan badabilkigu eta hitz egin izan degu, baina, gero bakoitza bere proiektuan ari gera lanean, eta ez gera behin ere serio jarri. Ikusiko dugu. Izaten dugu biok elkarrekin jotzeko gogoa, eta gaurkoa bezalako egunek, alde horretatik, mono hori kentzeko balio dute».
Disko berriak bidean
Etzakitekin bi diska atera eta hainbat plaza pasa ondoren, Jon Mari Beasain Mal de ojo taldearekin dabil gitarra jotzen. Runba talde bat da eta dio erritmo aldetik flamenko mota batzuk eta fandangoak badutela antzekotasunik. Oso gustora dabil proiektu horretan eta abuztuan disko berri bat grabatzen hasiko dira, Durangoko azokarako ateratzeko asmoz. Xabier Solanok Lau Itzal taldearekin bi diska atera ditu, Fermin Muguruzarekin mundu jira egin du, eta orain The Solano´s talde berrian jotzen du. Irailean diskoa grabatzen hasiko dira, Durangorako.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!