Erreportajeak

Pello eta Ana Mari Ansa: «Aranon lehen etxero egiten ziren gazta eta sagardoa»

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 23a, 03:00

Herriko jaietan herriko produktuak jarriko dituzue gaur plazan. Zer iruditu zaizue Jai Batzordearen idea?
Oso gauza polita da herrian egindako gazta eta sagardo probaketa jartzea. Ilusio haundia egin digu.
Noiz hasi zineten gazta eta sagardoa egiten?
Gure etxean beti egin izan dira gazta eta sagardoa. Aranon garai batean etxero egiten ziren. Etxerako eta inguruko jendearentzat egiten dugu, eta beste hainbeste eginda ere enpleatuko genuke.
Zertan aldatu da gazta egiteko sistema?
Lehen dena eskuz izaten zen, eta orain prentsan egiten dugu. Bueltan trapua jarri eta askoz goriagoa gelditzen da. Bi-hiru hilabete uzten dugu eta gero plastikoan bildu, bazioan, askoz hobekiago egoten da.
Ana Mari: Eskuz egindako gaztarekin alde galantak egoten dira, esku guztiek ez dute balio.
Izardiagatik edo azal klaseagatik gazta diferentea ateratzen da. Amonak gazta goxoa egiten zuen, eta nere eskuek ez zuten horretarako balio, gazta zakarragoa gelditzen zen. Orain prensarekin ez dago holakorik.
Zein da gazta ona egiteko sekretua?
Ez dago sekreturik. Esnea ona izatea, txukundadea, eta esnearen tenperatura ere inportantea da.
Zenbat sagardo egiten duzue?
1.000 litro inguru egiten dugu urtero. Abuztu bukaera, irail aldera hasten gera sagarra biltzen. Hasierakoa miketza izaten da eta gero egindakoarekin nahasten dugu gozatzeko. Gero, txanpain botiletan enboteilatzen dugu.
Alderik antzematen al diozue sagardotegiko sagardoarekin?
Etxeko sagardoa beti gustora edaten da. Hori bai, botila zabaldu eta ordulaurdenean edaten ez bada, gurea belztu egiten da. Sagardotegikoa ez, ez dakigu zer egiten dioten.
Nolako sagarra dator aurten?
Ona zetorren, baina lehorrak jota eroritzen hasi dira. Orain euria behar du.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!