Erreportajeak

Luis Llopis - Biyok: «Azken 50-40 urteotako Hernani eta hernaniarren erakusketa jarri nahi nuke. Hori utzi nahi nioke jendeari»

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 16a, 03:00

Kaxko auzoko Alkate Makila emango dizute gaur...
Ez nuen inondik inora ere espero, eta sorpresa haundi bat izan da. Egia esan, azken batean Kaxkoko Alkate izendatzea errekonozimendua da eta ilusioa egin dit, bai.
Nola sartu zinen argazki munduan?
Familiatik. Aita argazkilaria nuen eta aitona ere bai. Aitarekin hasi nintzen estudioan lanean, 13 urte inguru nituela. Aurrena, laguntzen eta, aitak ezin zuenean karneteko argazkiak ateratzen. Eta gero pixkanaka nere bidea egin nuen. Soldaduskara joan aurretik penintsula iparraldeari buruzko erreportaje bat egiteko eskatu zidaten, eta hori izan zen nere lehenengo lan serioa. Horretan, ari nintzela soldadu joan behar izan nuen eta hor bukatu zen.
Meridan jaioa zara (Caceres), ama donostiarra zenuen, aita valentziarra, amona Segurakoa. Kontatu zure jatorria...
Bai, egia esan neronek ere ez dakit zer naizen. Nere ama Donostiakoa zen, eta amaren aldetik berraitona eta berramona segurarrak. Berraitonak ez zekien erderaz. Aiton-amonek Donostian argazki denda bat zuten. Aita, berriz, Valentzian jaio eta Madrilen bizi zen. Donostiara etortzen zen bere laneko gauzak egitera, eta hala ezagutu nere ama izango zena. Ezkondu eta Donostian jarri ziren bizitzen. Aurreneko umea Donostian bertan jaio zen, baina, lan kontuak medio, Bilbon, Parisen eta Madrilen jaio ziren hurrengo hirurak. Gero, gerra aurrean, aitak tankera txarra hartu zion egoerari eta Caceresera joan zen familia. Ondorengo bostak Meridan jaio ginen. Bederatzi denera. Gaur egunean zortzi bizi gara, eta urtero biltzen gera senide guztiak, baina, gu bakarrik, eh! andre-gizonik gabe. Oso ondo pasatzen dugu garai zaharrak gogoratzen.
Eta Meridatik Hernanira
Gerra bukatu eta gero, familia Donostiara bueltatu zen. Nik argazkiarekin jarraitzen nuen eta Hernaniko batek boda bateko argazkiak egiteko eskatu zidan. Eta, boda horretan ezagutu nuen Mari Karmen Portugal, emaztea. Hernaniar hernaniarra. Argazkitara joan nintzen boda hori egin eta handik bi urtera ezkondu ginen, egun berdinean. Jostuna zen emaztea, eta 60 lagun izan zituen ikasten orain bizi naizen etxean. Gero denda jarri genuen elkarrekin. Emazteak asko lagundu dit neri, bai. Bai argazkien kontuan eta baita bizitzan ere.
Oraingo eta ondorengo belaunaldiek Hernaniko historia grafikoaren zati bat zure argazkietatik ezagutuko dute. Pozgarria izango da hori?
Era askotako argazkiak egin ditut: estudiokoak, familia bereko generazio ezberdinen ekitaldiak, bodak, bataioak, komunioak, berriz bodak... baserriei buruzko argazkiak, obrak, jaiak... Orain nahi dudana da azken 50-40 urteotako Hernani eta hernaniarren argazki erakusketa jartzea, hori utzi nahi nioke jendeari, eta hori da nere ilusioa. Ea orain denbora pixka bat hartzen dudan.
Nolakoa zen orain dela 40-50 urteko argazkigintza?
Orduan ia ez zegoen ezer eta ahal zenarekin moldatu behar. Artean, zeluloiderik ere ez zegoen hemen eta argazkiak kristalean egiten genituen, eta gauez aritzen ginen errebelatzen. Dena eskuz noski. Orduan argazkiak etxeetako terrazetan ateratzen ziren, eta egunez. Gauez bazen, magnesioarekin ibiltzen ginen, orduan flashik ez zegoelako.
Argazkilari arraroa eta perfekzionista, hori da behin zure buruari eman zenion definizioa.
Bai, eta mantentzen dut. Gaur egunean gauzak aldatu egin dira eta beste gauza batzuk baloratzen dira. Nere aita arkitekto eta delineanteekin asko ibili zen eta nik ere garrantzi haundia ematen diet lineari, perspektibari, espazioari... Oraingo argazki askotan ikusten dut detaile horiek ez direla zaintzen, eta batzuetan gainera ez zaintze hori baloratzen dela.... Gauzak aldatu egin dira.
Zenbat urte egin dituzu Hernanin prentsarako lanean?
Hernanira etorri nintzenarekin bateratsu hasi nintzen, 1958 inguruan. Ordurarte zebilena Ameriketara joan zen, eta haren ordezko hasi nintzen.
Azken urteetan argazkiak egiteari utzita zaude, etsitzen al duzu?
Bai, orain dela urte pare bat edo uztea erabaki nuen. Kamara digitalak etorri ziren, eta zer egin behar dut nik, nere urteekin ekipo digital bat erosi? Oraindik tarteka bakarren bat ateratzen dut, baina, prentsako kolaborazioak utzi nituen.
Orain Jubilatu Etxeko juntan zaude, zer moduz?
Ondo, oso ondo. Izan ere, ez dakit ezer egin gabe egoten eta hemen nabil, bai, (parrez).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!