Iñigo Monreal «errebotez» hasi zen txalaparta ikasten. Gero, tabernari lana utzi eta gaur egunean erabat txalapartara dedikatzen da. Bide luzea egin du. Juan Mari Beltran izan du maisu eta txalapartari zaharretan fijatu da gehiena. Esperimentu zalea bai, baina, oinarria, ttakuna eta herrenaren arteko joko horri eutsita. Etorkizunerako proiektuak baditu buruan, baina, berak dionez, oraingoz gehiegi definitu gabe. Ez du txalaparta bikote fijorik. Gehiena, Beltranekin eta Ander Barrenetxearekin ibiltzen da.
Noiz eta nola sartu zinen txalapartaren munduan?
Ni erdi errebotez hasi nintzen txalaparta ikasten. Nere anaietako bi ari ziren lehendik, Migel eta Patxi, eta haiekin hasi nintzen, 16-17 urte nituela. Gero anaiek utzi egin zuten eta nik jarraitu. Denera, 18 urte inguru daramazkit txalaparta munduan. Txalaparta jotzeaz gain, erakusten ere aritzen naiz, Andoain, Lezo, Oiartzun eta Ziburun.
Ze ibilbide egin duzu urte horietan?
Hasierako urte haietan Zurpattetan taldean ibili nintzen. Harkaitz Martinez, Xabier Amilibia, Sergio Lamuedra eta lauok osatzen genuen taldea. Asko ibili ginen. Geroztik, denetik egin dut: txalaparta dantzarekin, ipuiak eta txalaparta, diskoteketan jo dut (Bataplanen, adibidez), orain dela gutxi Europako Break dance txapelketan jo dugu, antzerkia ere egin genuen txalaparta bera gaia zela. Gospel koro batean ere jo dut, Kursaalean.
Ikusten da esperimentatzea gustatzen zaizula...
Beno, orokorrean txalapartari denak gara esperimental samarrak. Txalapartak denbora gutxian martxa haundia hartu du, eta berritzeko aukera eta terreno asko dago. Behar bada, beste musikariek, saxofoilari batek, pianista batek, askoz zailagoa izango du gauza berriak egitea, lehendik ere asko egin delako.
Diskografia aldetik, zein lan egin dituzu?
Juan Mari Beltranekin egindako bi diskotan parte hartu dut txalaparta taldeko instrumentu bat gehiago dela. Hortik aurrera, gehienak kolaborazioak izan dira, eta dexente bai. Berrienetik hasita, Xabier San Sebastianen Orai diskoan. Albokako Lorius diskoan ere kolaboratu nuen, Kanarietako musikari buruzko disko batean Marivi Caborekin. Gorka Knor, Etzakit, Triki ta Ke...
Kanariak aipatu duzu. Izanak zarete, eta berriro deitu dizuete hilabete honetan joateko. Nola hartzen du jendeak kanpoan txalaparta?
Ba, guk hemen ezagutu dugunean hartu genuen bezala, gauza berezi bezala eta harriduraz hartzen dute. Baina, hemen ere bai, eh. Oraindik ere, ezagutzen ez duen batek ikusten zaitu jotzen eta ohol azpira begiratzen hasten da. Gero, gauza ezagutu ahala, behar bada magia pixka bat ere galtzen du. Nik esaten dut, prozesu bat izaten dela: bi makil ikusi egurrari joka eta, lehenengo pentsamendua da, ba, hori ez da hain zaila izango!. Jotzen ikusi eta Ño! Ez, hain erreza ere igoal ez da! Oso efektista izaten da, adibidez, ttakun-ttakun-ttakun azkar-azkar jotzea, baina, hori ez da horrenbesterako, azkenean. Eta beste gauza asko daude askozaz konplikatuagoak.
Adibidez?
Txalapartak azkeneko urteotan eboluzio txukuna jaso du, eta hasierako erritmo binario huts hartatik erritmo konplejoak landu ditugu. Horretaz gain, erritmo berriak, zenbait musikatara moldatzeko erritmoak... horiek zailagoak dira. Gehienok entzuten dugun musikaren %95 edo txalapartaren erritmo berekoa da: laukoa, binarioa behintzat. Horretarako ez da asko moldatu beharrik.
Badira, ordea, beste erritmo batzuk, Ezpatadantza erritmoa, fandangoa... batzuk irregularrak dira, besteak hirukoak, eta hirukoa biren artean egitea... Gauza horiek konplejoagoak dira. Egiten dira, eh, baina, konplejoagoak dira. Hori bai, zenbat eta erritmo konplejoagoa, orduan eta txalaparta lotuagoa dago normalean.
Trikitixa munduak ere, adibidez, transformazio prozesu haundia izan du: instrumentu asko inguruan, musika estilo berrietara moldatu... eta orain badira hortik, nolabait, bueltan datozenak ere. Nola bizi du prozesu hori txalapartak?
Hori guri ere pasa zaigu, bai. Gauza asko probatu ditugu Txalaparta Festan bertan, eta ausardiarik behintzat ez zaigu falta izan gauza bereziak egiteko. Eta, piskanaka-piskanaka neri eta beste batzuei gertatu zaiguna da geroz eta gehiago disfrutatzen dugula txalaparta hutsarekin, txalaparta jotzeko momentu horrekin. Eta zentzu horretan, nik uste dut txalapartariak txalapartari den arte hori ez duela galduko. Gainera, ikusten da Txalaparta Festan, larunbat gauean egiten diren saioetan, geroz eta gehiago dagoela txalaparta bere hutsean. Lagunduta askotan, baina, laguntza hori oso detaile txikiak izaten dira.
Garai batean ematen zuen ea zeinek egingo zuen gauzarik konplejoena. Eboluzio hori fortzatzea ere ez da ona, bere martxan utzi behar zaio. Hala ere, behar bada oraindik esperimentu arraroenak ez ditugu ikusi (dio sortu berri den txalaparta talde berri eta haundi bati buruz. 12 txalapartarik osatutakoa da talde berri hau).
‘Herrenak’ agindu, ‘ttakunak’ segi
Txalaparta beste musika estiloetan integratzeko joera berriek zer onarpen izan dute txalaparta munduan?
Erritmoa unibertsala da eta, alde horretatik, txalaparta pixkanaka musika estilo gehienetan sartzen ari da. Zer den txalaparta eta zer ez, bakoitzak dauzka bere mugak. Hala ere, uste dut gauza batean gehienak ados gaudela, eta lehengo zaharrek ere esaten zuten hori. Alegia, txalaparta tresna fisikoa bera baino gehiago biren arteko joko erritmiko hori dela. Ttakuna eta herrena, kantu eta kontrakantua, oreka eta tentsioa. Haiek (zaharrek) ez zioten txalaparta oholari esaten, jokoari baizik. Kontzeptu hori da funtsean txalapartari guztiek onartzen duguna, gaur egunean behintzat. Orain, zeinek daki, agian, bihar ez da horrela izango. Baina, hala ere, adibidez, bat bakarra ikustea txalapartarekin neretzat behintzat zentzurik ez dauka. Bien arteko hori da txalapartaren gauzarik ederrena.
Ttakuna eta herrenaren arteko jokoa erritmiko gisa definitzen duzue. Nork eramaten du erritmoa?
Herrenak agintzen du. Ttakuna da herrenak desegiten duen hori egiten duena berriz. Batek tentsioa sortu eta besteak segi. Askotan, biak herrena izatera ere jolasten da. Normalean hasieran ez da erabakitzen zein den ttakuna eta zein herrena eta joko horretan, batzutan pike txikiak ere sortzen dira. Espresioa ere badago, joe zu kriston herrena zera! Bi herren samarrak tokatu ezkero, saio tensoak izaten dira. Baina, era berean joko hori da txalapartan politena. Edozein bikotetan gertatzen dena gertatzen da txalapartan (dio parrezka) Garai batean broma bezala hartu genuen baina, azkenean ia-ia sinestu ere bai.
Hemeretzigarren txalapartari festa da aurtengoa eta zuk hamaseigarrena duzu. Zertan irabazi du ordutik?
Maila orokorrean, batetik. Hala ere hor, mailari dagokionez, aldaketarik haundiena ordurartekoa izan zen. Geroztik, batez ere aldaeran irabazi du, barietatean, txalapartak hartu dituen bide berrien plaza izatean.
Gaurko ekitaldian parte hartzekoa al zara?
Bai arratsaldean aprobetxatuko dut norbaitekin jotzeko. Gero gauean, Hernaniko eskolakoekin arituko naiz, eta gauza berexi bezala, lauen artean arituko gara, ote jotzeko sistema oinarri hartuta.