Erreportajeak

Martin Zabaleta: «Egia esan, zahartu eta orain gehiago tiratzen didate espedizio zail eta teknikoagoak»

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 14a, 03:00

Everesterako Euskal Espedizioak ospakizun berezia du gaur. Martin Zabaleta, protagonista nagusietako bat, Hernanin da, EEBBtik etorrita. Gasteizen egitekoa duten ospakizunera gonbidatu dute. Urruti ikusten omen ditu orduko garaiak, baina, begiak bizitu egiten zaizkio zenbait detaile kontatzean. Momenturik gogorrenak ere umorez kontatzen ditu orain.

25 urte pasata, nola gogoratzen duzu Everest igo zenuten espedizio hura.
Berez 1974ko espedizioa zen (Tximist). Nik lagunak banituen, Felipe Uriarte, Xabi Erro... eta deitu egin zidaten. Espedizioa esperientzia oso polita izan zen. Geon artean laguntasun haundikoa.

Entrenamendu berezirik egin al zenuten?
Entrenamendu berezia? Bizi egin behar, denak bezala. Lana egin behar eta ahal zenean mendira joan. Orain gauzak asko aldatu dira. Beste garai batzuk dira

Eta gailurra zapaldu zenuenean, zer sentitu zenuen, zer sentitzen da munduko gailurrean.

Nahasketa haundiak. Ez zen izan, esaten den bezala, gozamena. Batetik gora bidean kezkak izaten dira. Lorente eta biok atera ginen sherpa banarekin. Handik piska batera Lorentek esan zidan, ezin zuela eta nik segitzeko gora. Gero sherparekin ere... inglesez jakin ez, komunikazio txarra, beti forzatzen gora jarraitzeko... Elur asko zegoen eta berria, eta bidea irekitzea ere oso nekosoa zen: belauna, hanka, belauna, hanka. Hego tontorrera iritsi eta hor esaten dit sherpak «goazen behera orain». «Ez, ez, harea joan behar diagu». Hillaryko pasoa pasa eta lainotzen hasi zuen, eta horrek ere ematen zion beste anbiente bat, haunditasuna, isolazioa, inpresio bat oso berezia. Polita. Gero, ikusi nuenean gauza beltz bat, lainoarekin ematen zuen urruti zegoela, baina, derrepentean, aiba!, tontorren gaituk! Kriston poza, eta baita ere lasaitasuna. Ailatu gaituk! Behekoeri deitu, eta betikoa, gure alegoriak (dio parrez).

Zer sentitu zenuen momentu horretan?
Poza, eta gero, egitean, ba, pena. Sherpa eta biok gaua 8.700 metrotara pasa behar izan zenuten, ez jatekorik, ez oxigeno, ez ur, eta lotarako zakurik gabe.
Behera gentozela aurrena karrasi bat eta gero sokan tiradizo fuerte bat sentitu nuen. Sherpa zintzilika gelditu zen. Nolabaite tiraka atera nuen, baina, arnas estuarekin zegoen, eta errekuperatzen asko kosta zitzaion. Ordu pare bat edo egon ginen horrela. Lainoa, iluna, eta elurra hasi zuen itxi-itxi. «Goazen hemendik gutxienez, Hego Tontorrera behintzat». Hala, jarri ginen zulo batean eta han pasa genuen gaua.

Nola aguantatu zenuten?
Beno, motxila lurrean jarri, eta haren gainean, hantxe. Kizkurtuta jarri eta egon. Hitz egin gutxi, bakoitza bere pentsakizunetan, bero nola egon. Tarteka dardar izugarriak, eta eskerrak, dardar horrek mantentzen zuen gorputza bero. Eta, bestea (Pasang Tenba sherpa) lo, lasai, etzanda jarrita.

Han geldituko zinen beldurrik izan al zenuen? Ez, behin ere ez zitzaidan pasa burutik han geldituko nintzenik. Gorputza ondo sentitzen nuen, hoztean hankak mugitzen nituen... Baina, goizean jeiki nintzenean, ez zegoen indar haundirik! Kriston mareoak, hiru aldiz saiatu nintzen altxatzen. Gero ibiltzen hasi pixkanaka, eta gorputza hasi zitzaidan berotzen-berotzen, eta han segi genuen, mantso-mantso.

Juan Inazio Lorentek esaten du une hartan denek nahi izango zutela Martin izan. Alde horretatik pribilegiatua kontsideratzen al zara?
Hala tokatu zen. Nik suertea izan nuen momentu hartan tontorra egiteko. Garaioa bera nahiko bertan izan zen, Hego tontorrean, baina, kriston haizea, eta ezin.

Bi saiakera egin zenituzten.
Bai, ni joan nintzen eta gure intentoari ez zioten bi pezta ere eman, eta hala joan nintzen Pasang Tenbarekin. De relleno (dio parrez), baina, hola tokatu eta suertea izan genuen.

Ze materialekin joan zineten?
Sinple-sinple joan ginen. Pioleta eta 7 metroko soka eraman genituen gora. Ez budriel eta ez beste.

Orduan «Gora Euskadi Askatuta» oihua egin zenuen tontorrean. Orain zer botako zenuke?
Horretan ez zait burua aldatu, oraindik ere lehengoak balio du. Egitazko oihua, ez folklorikoa.

Euskal Herriko orguilua izan zineten eta Hernaniarrena zer esanik ez. Bilboko jaietan gelditu beharrean zu Hernanira etorri zinen. Ze oroitzapen duzu?
Bai, Hernanin izan zen beste alderdia, egitazko oihu hori. Pena da han izandako pertsonaje asko joan direla, Santi Brouard, Galdeano... Jende asko. Hernanira etorrita, emozionantea izan zen eta poza haundia, emozionantea herriak, Hernanin eta Euskal Herri osoan, nola hartu zuen igoera berea bezala. Momentuak ere txarrak ziren, eta Everestera igotzea poztekoa izan zen, eta gurea.

Tontorrean jarritako ikurrina sonatua non dago orain.
Polonian omen dago, Himalaiako museo batean. Ez naiz joan, baina, hala uste dut. Garai haietan, beste mugimendu bat zegoen, jendea elkartu egiten zen gauzak egiteko. Lemoizekoa, adibidez, akontezimendu haundia izan zen. Gauza arraroa zen hura: industriak kentzen eta zentral nuklearra jarri; eta ez bat, hiru. Mugimendu haundia izan zen horren kontra. Gaur egunean ez da arreta hori ikusten gauzak denon artean egiteko, gizartea indibidualizatu egin da, bakoitzak berea eta kitto. Baina, hori orokorra da, hemen, EEBBn eta denean. Zuek zabaldu zenuten zortzimilakoen iturria hemen. Beno, aurretik ere izan ziren 74ko espedizioa, Daulagiri ere igo zuten, eta katapulta haundia hemen, Everest izan zen. Orduan hasi zen jendea Himalaiarako amorruarekin. Ikusten da hemen, herri txikia izanda zenbat mendizale eta zenbat himalaista. Bi mendizalek igo dituzte 8.000-ko guztiak, Oiartzabal eta Alberto Iñurrategik. EEBBn oraindik ez ditu inork ere denak igo. Eta munduan ere denak igo dituztenak, kontatzekoak!

Martin Zabaletak izan al zuen 8.000 guztiak egiteko asmorik?
Hasi ginen hola, zerbait, baina, ez, ez zait behin ere pasa burutikan 8.000ko guztiak egitea. Lhotse Shar-era joan ginen eta suerte txarra izan genuen: abalantxa bat. Gero Makalun, lanagatik bueltatu egin behar izan nuen, (besteak gailurra egin zuten). Baina, beno, nere bizimodua ez da horretarakoa izan. Orain, adibidez, Patagoniarako gogoa dut, hura egiten saiatuko naiz. Egiten badut ondo, eta ez badut, ez da ezer pasatzen. Datorren urterako badauzkat beste proiektu batzuk. Uste dut gainera, horrek poxa gehiago ematen duela. Ez naiz derrigorrean egin zalea. Oraindik ere pentsatzen dut gozatzea. Gaur mendiak duen proiekzioa ikusita, Oiartzabal eta Iñurrategiren karrera kontuan hartuta, urte batzuk beranduago jaio bazina etekin gehiago aterako ahal zenion zure hazainari?
Igoal bai. Beno, berak 8.000koak egitea pentsatu zuten, medioak ere izan dituzte eta errezagoa izan dute bizitzeko sistema. Nik ez nuen holako laguntasunik izan. Beti justu-justukoarekin bizi ginen.

Politena afrikan.
Everestekoaz aparte, espedizio bereziena? Bereziena, politena beharbada Afrikan Honborira joan ginekoa da neretzat. Haitzak eskalatzera joan ginen, ordurarte inork igo gabeak, eta gu derrepente 300-400 urte atzera eramatea zen. Jendea lantza eta matxetearekin zebilen. Gauak, berriz, ze goxotasuna, ze gauza, ze herri, ze bizia zuten herri haiek. Paretean zintzilika geundela gauean sua ikusten genuen beren herrietan, tan-tanak, izugarrizkoa zen hori ikustea. Jendearekin ere oso gau politak pasa genituen.

Martin Zabaleta oraindik ere mendirako bizi al da.
Beno, beti izandu dut amorrua mendira joateko, eta orain ere horretan ibiltzen naiz, baina, beste era batera: familia, bizi ere egin egin behar, baina, jarraitzen dut eskalatzen harkaitzean, eta mendi haundi horietara joateko gogoarekin. Urte batzuk badaramazkit mendi horietako batera joan gabe eta barruko su hori itzali behar dut. Emazteari esan diot: aurten banoa eh! Patagonia aldera joango naiz abendu aldera. Baina, zaila da. Alaba 5 urtekoa, eta tiratzen dizu berarekin egoteak, ...

Zer igotzeko asmotan zoaz?
Eskalatzera noa, zer oraindik ikusteko dago, eta gainera han eguraldiak agintzen du. Baina, tankera horretako espedizioak gehiago tiratzen didate orain, Himalaiakoek baino. Igoal joaten banaiz 7.000-6.000 metroko mendi teknikoago, berexiagoetara (eta merkeagoak ere bai) hor gozatzen dut. Himalaian 8.000 dolar balio ditu permisoak bakarrik. Eta gainera, orain ez dit betetzen glaziar batean gora joateak. Egia esan, zahartu eta orain gehiago tiratzen dit zailagoak, teknikoagoak...
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!