Natza elkarteak antolatuta Bagdad Rap dokumentala jarriko dute gaur. Projekzioarekin batean antolatutako mahainguruan Javi Barandiaran eta Karmele Colera, Iraken egondako brigadistak, izango dira. Hernanira egindako bisita dela eta, Kronikak galderak egin nahi izan dizkie bi brigadistei, Irakeko egoeraren berri bertan egon direnen ahotik jasotzeko aukera aprobetxatuz.
Projekzioa eta mahaingurua gaur arratsaldeko 19:30etan izango da Natza elkarteko lokalean, Antziola auzoko 7garren zenbakian.
Zein garaitan izan zineten Iraken?
Karmele: 2003ko martxoan joan ginen Bagdadera Komite Internazionalistak antolatutako brigadetan. Nik 3 egun eman nituen bertan indar okupatzaileak sartu eta gerratea hasi zelako. Javi han geratu zen apirilaren 12ra arte.
Javi: Bagdadera aste baterako joatea zen plana, aktibidadeak, bilerak eta horrelakoak egitera. Baina tripartituak ultimatuma eman zuen, diplomaziak aurrera egiten ez bazuen bonbardaketa hasiko zela. Egoera horretan ezin izan genuen denak bertan geratu, ez baikenekien noiz itzuli ahal izango genuen etxera. 3 brigadista geratu ginen.
Zein da gaur egungo egoera?
Karmele: Ni Bagdaden eta Falujan egon naiz duela gutxi, apirilaren 17tik 28ra. Bertan isolatuta bizi dira eta bertatik ateratzen den informazioa era bat kontrolpean dago. Bertan egon ginenon helburua zen zirrikitu bat irekitzea isolamendu horretan eta bertan ikusitakoa kontatzea. Han bildu gera emakumeen taldeekin, sindikatuekin eta talde politikoekin, besteak beste.
Indar okupatzailearen presentzia leku guztietan dago, oso matxakatuta daude eta tankeak eta horrelakoak daude leku guztietan. Bestetik, erresitentzia zibila oso organizatuta dago nahiz eta hemen kontrakoa esaten diguten. Hemen esaten digute etnia eta erlijioak direla eta zatituta daudela baina ikusi dugu oso organizatuta daudela. Azpiegitura oso gutxi dituzte, batez ere Falujan, eta ura eta ospitaleak adibidez oso eskasak dira. Han jende asko hiltzen da gaixotasunei erremediorik emateko azpiegiturarik ez dagoelako.
Komunikazioak ere oso eskasak dira eta Falujan etxeak eta eskolak suntsituta dauden eraikinetan nola nahi eraikitzen ari dira.
Zein izan da gerra honen helburua, zuen ustez?
Javi: Argi dago helburua ez dela Irak Sadam Huseinetaz libratzea, AEBk esan duen bezala. Helburua zen petrolio erreserba kontrolatzea. AEB 12 urtez aritu da hainbat iturrien bitartez aztertzen Irak okupatzea noiz komeni zen. Iraketik exiliatutako jendearen bitartez aritu da informazioa biltzen. Exiliatu hauen helburua zen Irakera itzuli eta AEBren eskutik Iraken boterea lortzea. Hala ere, uste dugu gaizki atera zaiela, Irak okupatzea uste zutena baino kostu haundiago izan du eta orain kaka botatzen ari dira bata besteari.
‘Bagdad Rap’
Bagdad Rap dokumentala Arturo Cisnerosen projektua da, Javi Barandiaran eta Karmele Colerarekin batean joan zen 2003an Bagdadera. Bertan 3 egunetan bildutako irudi eta informazioekin eta itzultzean egindako dokumentazio lanarekin osatu du 70 minutu irauten dituen dokumental hau. Brigadetaz, okupazioaz, bertako jendearen sentimenduetaz, erasoetaz, arma kimikoen erabileraz hitz egiten du, besteak beste. Guzti hau dokumentalerako propio osatutako rap doinu eta hitzez lagunduta
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!