MARTUTENEKO presoek egindako arte lanak ikusi daitezke ostirala bitartean Biteri kultur etxean, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Bigarren moduloan dauden 50 bat presok hartu dute parte eta batez ere, zeramika, pintura, egurra eta hariz egindako lanak ikusi daitezke. Hondarrabiko Patxi Muñoz eskultore eta pintorearekin hitz egin du Kronikak.
Zein lan jarri dituzu erakusketa honetan?
Zeramika eta egurrarekin egindako eskulturak eta koadroak jarri ditut. Picassoren Gernikaren erreprodukzio bat ere egin dut, zeramikarekin erreliebea egin eta gainetik pintatuta.
Zein da zure lanen gaia?
Askatasuna, duintasuna, familiaren babesa eta errespetua da erakusketa honetan jarri ditudan lanen gaia.
Kartzelan nola egiten dituzu lan hauek?
Nik Martuteneko kartzelako mantenimenduan egiten dut lana eta denbora librean lan hauek egiten ditut. Kartzelan tailerrak antolatzen dituzte hainbat elkartek eta hauen bitartez egiten ditugu lanak. Materiala nere kontu lortzen dut eta mantenimenduan aritzen naizenez herraminta batzuk erabili ditzaket.
Zein balio du zuretzat
horrelako lanak egiteak?
Kartzelan sartuta zaudenean, enzerratuta zaudenean eta duintasunik ez duzunean, aktibidade bat edukitzeak duinagoa eta soziableagoa egiten zaitu. Tailerretan aritzen diren beste presoekin ere harremanak estutzen dituzu. Lanean ari naizenean kartzelatik kanpo sentitzen naiz.
Nolakoa da egun bat
kartzelan?
Goizeko 08:00etan rekuentorako tinbreak jotzen du. 08:30etan dutxatu eta gosaltzera joaten gara. 09:30etan zelda txukuntzen dugu eta gero mantenimenduko lanak egiten ditut 13:00ak arte. Ordu horretan rekuentoa egiten dute eta bazkaltzera joaten gara. 14:30etan lanean hasten naiz, arratsaldeko 18:30ak arte. Arratsaldeko 18:30etatik 19:00ak arteko tartea arte lanak errematatu eta bukatzeko aprobetxatzen det. 19:30etan afaldu egiten dugu. 20:00etan rekuentoa izaten dugu eta handik ohera. Asteburuan ez dut mantenimendu lanik egiten.
Kartzelatik ateratzean zure ogibidea izatea nahi zenuke?
Pentsatzen ari naiz Diputazioari laguntza bat eskatzea, hemendik ateratzerakoan tailer bat jarri eta honetara dedikatzeko.
Zure zelda oso famatua omen da Martutenen...
Villa Martu deitzen diot nire zeldari. Zelda barruan landareak ditut eta paretean zeramikaz egindako izarrak eta ilargia. Atean Andaluziako patio bat pintatu nuen. Pena ere emango dit zelda uzteak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!