Erreportajeak

Patricio Gonzalez:«Nire jokalariei esaten diet izugarrizko zortea dutela UEFAn jokatzeagatik»

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 28a, 02:00

Herrialde bateko ligako txapelduna zara, nola bizi duzu hori?
Iaz irabazi genuen liga eta oso garrantzitsua izan da guretzat, kontuan izanda Sant Juliá-k inoiz ez zuela ligarik irabazi. Gainera horrek aukera emango digu Europa mailan jokatzeko. Nire jokalariei esaten diet izugarrizko zortea dutela, UEFAn jokatu dezaketelako.

Badira urte batzuk Hernanitik joan zinela, nola oroitzen duzu zure haurtzaroa bertan?
Beti jolasean ibiltzen ginen. Portukoa naiz eta barriokoekin batera taldea atera eta Atsegindegin jokatu nituen nire lehenengo futbol partiduak. Ikastolatik ateratakoan ere beti futbolean edo pelotan aritzen ginen. 14-15 urte arte bi kirol horietan ibili nintzen; hortik aurrera gehiago exijitzen hasi ziren eta aukeratu behar izan nuen futbola hala pelota, futbolarekin geratu nintzen azkenean.

Beraz, txikitatik hasi zinen futbolean. Baina nondik datorkizu afizio hori?
Beti gustatu izan zait. Familiako asko futbolean ibilitakoak dira gainera, nire aita esaterako Hernanin eta Anaitasunan ibili zen, osaba bat ere futbolaria zen eta nire anaia ere ibili da futbolean...

Zurekin batera ibili zen anaia?
Bai, gainera anekdota polita badago hor: Hernanin hasi nintzen jokatzen jubeniletan Juanito Goiburu eta Mikel Iguaran entrenatzaile zirela, nere anaia ere hor zebilen. Egun batean Errealeko batzuk etorri ziren bi jokalariren bila Patri eta Gonzalez, taldeko arduradunek pentsatu zuten gaizki ulertu bat zegoela eta soilik nire bila zetoztela, baina kontua da nere anaia ere fitxatu nahi zutela, ni nintzen Patri eta nire anaia Gonzalez. Anaiak orduko Eason jokatu zuen eta ni R. Sociedad A-n hasi nintzen.

Ordutik ibilbide luzea egin duzu, noiz egin zenuen Valentzia aldera saltoa?.
Sanse-n jarraitu nuen gero. Pentsa ezazu Erreala hoberen zebilen garaiak zirela haiek, 81-82garren urteak, azpian geudenentzat zaila zen aurrera egitea. Neri eskaintza bat egin zidaten Eibarretik, baina azkenean Alacanteko Alcoyano taldera jo nuen, Bigarren B mailara, nire taldekide batekin batera, 84garren urtea zen.

Beste talde batzuetan ere ibili zinen, zer moduzko esperientzia izan zen?
Bai, Levanten eta Albaceten ibili nintzen gero jokatzen hainbat urtetan. Egia esan esperientzia polita izan zen, Alcoyanon lagun haundiak egin nituen eta beste bi taldeetan berriz asko ikasi nuen.

Eta azkenik Andorrara...
Bitartekari baten bidez etorri nintzen Andorrara 1990ean eta hemen ezkondu nintzen. Lehenengo C.F Andorra taldean hasi nintzen, ekipo honekin Hernaniren kontra ere jokatu nuen, Zubipen, Hernani Bigarren B mailan zegoenean. Garai haietan Joxe Mari Donosti hernaniarra gurekin zebilen gainera.
Gero Club Sportiu Principat taldera pasa nintzen eta ligako txapeldun izan ginen. Horrek aukera eman zigun UEFAn jokatzeko, Hungria, Eskozia eta Noruegako puntako taldeen kontra. Hori guretzako sekulakoa izan zen, kontuan izanda gu amateur talde bat besterik ez ginela.

Nola hasi zinen entrenatzaile?
Entrenatzaile titulua banuen eta hasiera batean C.F Andorrako gaztetxoak entrenatu nituen, gero hasi nintzen Sant Juliá taldearekin lanean, duela bi urte hain juxtu. Aurreneko denboraldian eta horri esker Intertotoa jokatu ahal izan genuen. Iaz berriz, lider geratu ginen. Liga hasiera ona izan zen iazkoa, baina neguko etenaldiaren ondoren ez ginen ondo hasi, hala ere liga irabaztea lortu genuen. Denok sekulako poza hartu genuen, baina batez ere klubeko zuzendaritzan urte mordoa eman dituzten kideek, Sant Juliá beti bigarren geratu izan baita, beti garaipenaren ateetan.

Iaz irabazi eta UEFAn jokatzeko aukera izan zenuten orduan...
Bai Rapid Bucurestiren kontra jokatu genuen. Egia esan aukera askorik ez genuen irabazteko, baina saiatu ginen. Kontuan izan behar da Bucauresti lehenengo geratu zela bere taldeko ligaxkan.

Andorran zer nolako maila dago futbolean, nolakoa da afizioa?
Futbola Andorran orain gutxi arte ez da oso garrantzitsua izan, orain ari da indarra hartzen. Hala ere kontuan izan behar da 70.000 biztanle dituela printzerri honek eta bertako taldeek, nolabait esateko, Gipuzkoan Gorengo mailan edo Hirugarren mailan jokatzen duten taldeen jokoa dute, gutxi gorabehera.
Hala ere, azken aldian jokalari on asko etorri zaizkigu, batez ere argentinarrak, eski pistatan lan egitera etortzen dira eta futbolean ederki dakitenez, hemengo taldeetan hasten dira jokatzen. Gure taldean, esaterako, badaude zortzi bat jokalari Argentinakoak. Egia esan ligak onura haundia izan du jokalari hauekin.

Baina nola antolatzen dituzue herrialde hartan ligak?
Hemen bi maila bakarrik ditugu, lehenengo maila eta bigarrena. Maila bakoitzean zortzina talde daude. Lehenengo mailan, aurreneko lauek play off-ak jokatzen dituzte, Europako txapelketetara zein joango den ikusteko, eta beste lauen artean berriz zeintzu jaitsiko diren egoten da jokoan. Normalean hiru talde nabarmentzen gara: Sant Juliá, Santa Coloma eta Rangers.

Iazkoa kontatu diguzu, baina eta aurten, zein helburu duzue?
Aurtengo helburua dudarik gabe irabaztea izango da. Denboraldia ondo hasi dugu, baina momentu honetan bigarren goaz bederatzi partidu irabazi, bi galdu eta bat berdinduta, lehenengo postuan Ranger’s taldea dago guregandik hiru puntutara eta gure atzetik dago Lusitans taldea, lau puntu gutxiagorekin.

Jarraitzen duzu bertako futbola? Zer iruditzen zaizu?
Bai noski jarraitzen dudala. Aurten Hernani igo egin da eta hori benetan pozgarria da neretzat. Jakin dudanez oraindik ez dute ligako goiko postuetara hurbiltzea lortu, ia horrela izaten den!
Baina ni gehiago arduratzen nau bertako giroak, batzuek eta besteek esan didatenez, ez omen da jende gehiegi joaten partiduak ikustera. Nik gogoan ditut Txantxillako partidu haiek, han sekulako giroa izaten zen. Zubipen horrelako giroa sortu beharko litzateke.
Dena den, hori beheko mailetako talde guztiekin gertatzen ari da, ekipo haundiek afizio guztia eramaten dute eta klub txikiek zaila izaten dute jendea erakartzeko. Hemen, Katalunian Barçak jaten du guztia, ez da beste ekiporik futbolzaleen buruan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!