Erreportajeak

NAZKA - Punk musika taldea:«Jendeari esango genioke gaur Triku tabernako kontzertura animatuta etortzeko»

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 28a, 02:00

TRIKU tabernan festa antolatu dute gaur arratsaldetik hasita herriko talde eta musika jartzaileekin. ‘Nazka’ punk taldea izango da kontzertuari hasiera emango diona, eta gogoz eta ilusioz topatu ditu Kronikak Floridan duten ensaiatzeko lokalean. Jendea kontzertura animatuta joatea gustatuko litzaieke.

 

Zein errepertorio prestatu duzue kontzerturako?
Oraingoz gure bost kanta ditugu prestatuta: egin genuen lehenengo abestia, Nazkatuta; Tourneoa; No cambiaras; Cruda realidad eta titulorik gabeko beste bat. Bertsioak ere joko ditugu: Eskorbuto, RIP, Vomito, U.K. Subs eta La Polla taldeenak.

Zein asmorekin hasi zineten jotzen eta abestiak sortzen?
Batez ere ondo pasatzeko eta zerbait adierazi nahi genuelako. Letrekin kritika egin nahi genuen, mezu bat zabaltzen saiatzen gara. Askotan agian zuzenegia.

Zeri buruz hitz egiten dute zuen abestiek?
Guri afektatzen diguten gaietaz hitz egiten dugu, ikusten ditugun gauzetaz. Lan egoeraz, konkretuki gazteek dituzten lan baldintzetaz. Gaur egungo Hernaniri buruz ere hitz egiten dugu, hemen bertan, urrutira joan gabe dagoen errepresioaz.

Noiz hasi zineten jotzen?
Pipiritan geneukan lokal batean hasi ginen Tobar, Mikel eta Aitzol. Hasieran denborapasa hasi ginen, aspertuta geundelako. Denborapasak egin beharrean jotzen hasi ginen. Aitzolek izan ezik, besteek ez genuen ez gitarra eta ez bateria sekula jo.
Alde instrumentalarekin hasi ginen. Ez geneukan ekipo gehiagirik. Tobarrek bateria tinbalekin jotzen zuen eta Mikeli gitarra eta anplifikadore txiki bat utzi zioten. Aitzolek bazeukan bajoa.
Serio jotzen hala ere hemen hasi ginen, Floridan ensaiatzeko dauden Udal lokal hauetan, Hemen 2005eko udaran.

Abeslaria eta bateria lortu dituzue ezta ?
Bai, Txusta fitxatu dugu. Abeslari bat behar genuela eta komentatu genion ensaio batera etortzeko. Zaila egiten zitzaigun guri jo eta abestu dena batera egitea. Bateria ere lortu genuen, gaur bertan gainera Tobarri beste bateria pasako diote, agian bateria berriarekin joko du Trikuko kontzertua.

Lokal hauetan beste talde batzuek ere jotzen dute ezta?
Bai, guztira 15 bat talde izango gara: Lacra Social, Suburbio, Zeck, Afonia, Black Jico, Valium Generation....

Zuen abestiak grabatzeko asmorik ba al duzue ?
Zinta batean grabatu ditugu abestiak eta zabaltzeko asmoa dugu, jendeak idea bat egin dezan zer egiten dugun.

Kontzertu asko eman al dituzue?
Aurreneko bi kontzertuak, Katangan jo genituen (Gay Murreko maisu etxeetan) eta bestea Zikuzulon, Errapia taldeak antolatutako festan. Azkena Martuteneko lokal batean jo genuen. Orain zehazteko baditugu kontzertu batzuk: Lezon, Legazpin, Urretxun, Intxaurrondon, ....

‘Aluaren algara’, ‘DJ Polain eta ‘DJ Water Parties’ ere Trikun

Nazka taldearekin batean gaur beste hainbat herriko talde eta musika jartzaile izango dira gaurko festan. Kontzertua Nazkakoek hasiko dute arratsaldeko 19:30etan, Larramendi kaleko Triku tabernan. Segidan Aluaren algara taldeak joko du, teklatua eta ahotsez osatutako bikotea. Gutxi gehiago, techno friky punk estiloa lantzen dute baina onena bertara joan eta entzutea da. Atzetik DJ Water Parties izango da eta berak sortutako abestiak jarriko ditu, baita abestu ere. Drum&bass, technoa, heavya eta musika lasaia tartekatuko ditu, besteak beste. Dj Polainek bukatuko du saioa eta housea, technoa, rocka eta funk estiloen artean ariko da biniloekin salsan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!